Nola geratuko da EITB azkenean?

EITBko erredakzioa Bilbon
EITBko erredakzioa Bilbon

Andoni Ortuzar, orain Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Zuzendari Nagusiaren kargua utzi zuenetik, hiru pertsonak eduki dute Zuzendaritza horren ardura: Bingen Zupiria (ETBko Zuzendaria), Mikel Agirre (Esplotazio eta Ingenieritza Zuzendaria) eta Juan Diego Casals (Gerentea). Hauekin batera, Zuzendaritza Kontseilukoak izan dira Julian Beloki (EITB Irratietako Zuzendaria) eta Manu Castilla (Gizarte Harremanetarako Zuzendaria). Alberto Suriok hartuko du orain Zuzendaritza Nagusia, batera edo bestera, 1.000 inguru langile biltzen dituen enpresa multzoaren ardura. Kazetari  izateaz gain, beharko du laguntzarik kudeaketa on bat egin nahi badu, behintzat.

Nola geratuko da organigrama aurrerantzean? Ez dago erraza esaten, ezin baita orain jakin noraino iritsiko diren aldaketa horiek. Esate baterako, mando intermedio deitzen diren horietaraino iritsiko da? Datozen egunetan jakin/ikusiko da hori.

Postu politikoak dira denak, goitik behera izendatzen diren horietakoak. Hala ere aurreratu daiteke zerbait. Hemen behean jartzen ditugu batzuk, lehenik kargua, gero orain arte egon dena eta, hirugarrenik, leku horretara datorren berria.

EITBko Zuzendari Nagusia>Zupiria, Agirre, Diego>Alberto Surio (ez da euskalduna).

ETBko Zuzendaria>Bingen Zupiria>Miguel Angel Idigoras.

EITBko Gerentea> Juan Diego Casals>Ez da ezagutzera eman.

EITBko Irratietako Zuzendaria >Julian Beloki>Javier Torrontegi (Ez da euskalduna).

EITBko Gizarte Harremanetarako Zuzendaritza > Manu Castilla > Ez da ezagutzera eman.

EITBko Esplotazio eta Ingenieritza Zuzendaria> Mikel Agirre> Patxi Arratibel (Ez dakigu euskalduna ote den).

Ematen du kargu horiek guztiak aldatuko dituztela: goitik behera hasiko direla EITB aldatzen. Baina, esan bezala, noraino iritsiko da hori? Noraino bustiko da eskalafoia? Ba ote dute aski euri sozialisten hodeiek horretarako?

Ikus dezagun nola geratuko diren komunikabideak:

ETBko Albiste Zuzendaria>Jaime Otamendi>Roberto Montalvillo.

ETBko Albiste Zuzendariordea>Maite Amondarain>Ez da ezagutzera eman, baina etxeko kazetari baten izena entzuten da.

ETBko Programa Zuzendaria>Joselu Blanco> Ez da ezagutzera eman, baina berak jarrai dezakeela esaten da.

Euskadi Irratiko Zuzendaria>Odile Kruzeta>Rosa Diez Urrestarazu.

Radio Euskadiko Zuzendaria>Estibaliz Ortiz>Joseba Arruti.

Radio Vitoriako Zuzendaria> Jose Ramon Diez Unzueta>Lucas Irigoyen (ez da euskalduna)

Kontua da noraino iritsiko den lehen fase honetako aldakuntza, baina itxura batean, ardura lekuetan hainbeste kazetari jartzeko (baita enpresa arduretan ere), ematen du informazioaren kontrola dela helbururik behinena.

Horiexek lehenik aldatuko direnak, albistegietako arduradunak, editoreak, koordinatzaileak… EITBko jendearen artean harridura eta kezka handia dago, alde batetik ondo ikusten da kazetariak edo profesionalak lehen politikoagoek eramaten zituzten karguetan jartzea, baina bestetik ezin da ulertu nondik aterako dituzten hainbeste lagun. Zurrumurruetan ez dira Bilboko erredakzioko dozena erdi baino izen gehiago entzuten, eta horiek ez dira aski erredakzio hain zabala gobernatzeko. Are gutxiago orain kargua utzi beharko dutenak, bertan jarraituko dutela lanean jakinik.

Kanpotik ekarriko dituzte? Hala balitz ez lukete lan erraza. Alde batetik, euskaraz jakin behar duten profesionalak behar dute izan eguneroko lana hurbiletik gobernatu ahal izateko, eta euskaraz ari diren profesionalen zerrendak ez du denerako beste ematen. Beste alde batetik, lan-giroaren arazoa aurkituko lukete, paracaidista moduan izango bailirateke hartuak.

Sarrerako galdera ostera ere: noraino iritsiko dira aldaketak? Enpresa handi guztietan bezala, tarteko kargu asko daude EITBn Zuzendaritzak erabakitzen dituenak. Gehienak etxeko profesionalak dira. Aurkituko al dute sozialistek kanpoan aski borondariorik postu horiek guztiak jende berriz betetzeko, ala alde egingo duen zuzendaritzak izendatutakoez fidatuko dira?

Denborak esango.

eitb, Surio

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

2 pentsamendu “Nola geratuko da EITB azkenean?”-ri buruz

  • […] Horri buruzko post-a egitea zen gure helburua, baina ez dugu errepikakorrak izan nahi. Beraz, honi buruz Zuzeun idazitakoa irakurtzea gomendatzen dizuegu. EITBn egin dituzten aldaketak ditu mintzagai A. Osinaldek: Nola geratuko da EITB? […]

  • Luis Mendizabal 2009-06-19 11:46

    EITBko organigramari zuzenketa txiki bat: Patxi Arratibel, euskalduna, Estrategi eta Kanpo Harremanetako arduradun izango da. Lehen Manu Castillak zuen puestoaren antzekoa. Gabinete zuzendari izena ere izaten zuen ardura honek instituzioa askotan.
    Oraindik ez da ezagutzen gerentea nor izango denik, falta den kargurik garrantsitzuena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude