Nola atera hizkuntza armairutik?

Nola atera hizkuntza armairutik?
Nola atera hizkuntza armairutik?

Berez, esan genezake autolaguntza-liburua dela, hizkuntza gutxiagotuetako hiztunoi eskainia, zenbait egoeratan hizkuntza-leialtasunak dakarren estresa arintzeari begirakoa. Jakineko kontua da hainbat komunikazio-egoera estresantea izaten dela hizkuntza gutxiagotuetako hiztunontzat, izan ere, gehienetan ez dakigu aurrean dugun solaskideak esango duguna ulertuko ote duen, eta ulertzekotan, elkarrizketa hizkuntza horretan mantendu nahiko duen. Bestalde, ulertu ezean, agian gure hizketakideak esperoko du desenkusatzea eta hizkuntza komunean aritzea, alegia, hizkuntza aldatzea; eta egin ezean, beharbada kritikatuko du tentsioa eta larritasuna sortzeraino… Estresa. Hizkuntza-estresa. Honek nabarmen eragiten du komunikazioaren elkarrekintzan.

Zer egin, bada, egoera honetan? Normalizazioaren bidean, euskaraz bizi ahal izateko baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomikoak ezinbestekoak dira eta ezagunak zaizkigu. Horiek garrantzitsuak izanik, agian gutxiegi aritu izan gara orain arte pertsonen arteko harremanei buruz (familia, lagunartea, harreman komertzialak, lan-eremua, etab). Gure portaerak, gure hizkuntzarekin leialak izateak, eragin nabarmena baitu hizkuntzaren normalizazioan. Beste zenbaitetan nabarmendu izan dut euskararen erabilera areagotzeko, euskaraz bizi nahi duten pertsona eleanitzen eredua beharrezkoa dela; hauekin batera, hizkuntzaren ezagutza txikiagoa dutenek lagungarriak izango diren urratsak eman behar dituzte, hala jarrerari nola erabilerari dagozkionak. Argi izan behar dugu ez gaudela bakarrik, helburua partekatzen duen pertsona-sare zabala baitugu inguruan.

Arazo sozial baten aurrean gaude eta gure jarrera esanguratsua eta eraginkorra izango da konponbidea adosteko. Honek guztiak aldaketa eskatzen du… aldaketa sakona. Ezezagunen aurrean euskaraz egingo bagenu (establezimendu batera sartzen garenean, administrazioetan gestio bat egitera joaten garenean, telefono-konpainiaren zerbitzu teknikora deitzen dugunean, hornitzaile eta bezeroekiko harremanetan…), harrituta geldituko ginateke jasotako erantzun positiboekin, solaskideak agian euskaraz erantzungo ligukeelako edo, euskaraz erantzun gabe ere, ulertu eta jarrera positiboa adieraz lezakeelako. Honek, neurri erraz batekin, izugarri areagotuko luke euskararen presentzia soziala eta erdaldunen artean euskararen “beharra” izatearen sentsazioa. Zailagoa izaten da ezezagunei euskaraz egitea baino, beste euskaldun batzuekin erdaraz egiteko ohitura dugunean, euskaraz egiten hastea. Horretarako teknikak ere proposatzen dituzte “Sortir de l´armari lingüístic” liburuaten egileek.

Gure jarduna hizkuntza batean edo bestean egiteak bere ondorioak ditu. Liburuan ez dugu pertsona guztientzat eta egoera guztietarako errezeta magikorik aurkituko; bai, ordea, gure hizkuntza-asertibitatea hobetzeko gida bat. Liburuaren helburua hizkuntza-leialtasuna mantenduz zoriontsuago izaten laguntzea da, egoera horiek sortzen duten estresa ekiditeko tekniken bitartez. Onena izango da nork bere beharren arabera egokitzea eta baliatzea.

Irudia | liburuaren azala | zz | Creative Commons By SA
Nola atera hizkuntza armairutik?

Euskaltzalea

2 pentsamendu “Nola atera hizkuntza armairutik?”-ri buruz