Nespresso kikara bakoitzak 82 gramo CO2 igortzen ditu

Nespressoren iragarkia. CC-by Joe Shlabotnik
Nespressoren iragarkia. CC-by Joe Shlabotnik

Minuturo 8.000 Nespresso kikara kontsumitzen dira munduan. Ikuspuntu ekonomikotik sekulako arrakasta izan da George Clooney-k iragarritako kafetxoa, baina naturari eragiten dion kalteaz jakitun, irudi ekologikoa indartu guran dabil marka suitzarra. Ecolaboration izenarekin aurkeztu duten proiektuari esker, kafe honek eragiten dituen kalte naturalak murriztuko dituztela diote; hori bai, 82 gramo CO2 nondik ateratzen diren azaldu dute.

Ecolaborationi esker hartu duten konpromiso nagusia kafe ustiapenekin du zerikusirik: hemendik aurrera erabiliko duten kafearen %80a Rainforest Alliance-k egiaztatutako ustiapen ekologikoetatik hartuko dute. Baina, Nespressok eragiten dituen kalte nagusiak kafea dakarten kapsula dosibakarrek sortutakoa da. Nahiz eta aluminiodun kapsula hauek egiteko birziklatutako materiala erabiltzen duten, urtero erabili eta botatzen diren milioika kapsulekin zerbait egitea deliberatu du enpresa suitzarrak; zenbait herrialdetan, adibidez, kapsula hauek baino ez jasotzeko edukiontziak jarri dituzte. Garai onean hasi dira hauxe egiten, izatez, Suitzako Avenches hirian produkzio planta berria zabaldu dute hile honetan, eta urtean 4.800 milioi kapsula ekoiztuko ditu.

Datu bitxiak

Ecolaboration proiektuarekin batera, Nespressok eta kafe produkzioak eragiten duten poluzioari buruzko datu xelebreak aurkeztu dituzte suitzarrek. Adibidez, bulego batetan 12 orduz piztuta dagoen Expresso makina batek orduko 140 W gastatzen dituela kalkulatu dute; alegia, urtean 30 kilogramo karbono dioxido eragiten dituela. Honen ondorioz, Nespresso makina berriak automatikoki itzali daitezen daude ikertzen.

Nespressoren kafegintzak dagian karbono isurtzea oso bestelakoa da erabilitako ongarri eta pestiziden arabera; kalkulatzeko gaitza den datua dugu hau, izatez, 25.000 nekazari inguruk egiten baitute behar enpresarentzat. Bukatzeko, eta nahiz eta aurkeztutako proiektuan erabilitako ur kantitatearen inguruan daturik eman ez, beste ikerketa batzuen arabera, kafe kikara bakarra sortzeko 140 litro ur behar dira.

Kazetaria.