Nafarroako aldaketaren 10 galderak

Nafarroako aldaketaren 10 galderak

Aldaketaren atarian gaude Nafarroan, UPNk diputatu pare bat erosi ezean, Tamayazo madrildarrean gertatu bezala, oraingoan gertatuko da. Nafarroako lehendakaria eta Iruñeko alkatea euskaldunak izango dira lehenengoz. Baina garaipenak garaipen, eta aurretiaz ilusioz bizitako beste garaipenen txertoarekin, sortuko diren gobernu berrientzako 10 galdera jaso ditugu.  Besterik otuz gero, idatzi beldur barik!

1. Nafarroako hizkuntza zonifikazioarekin amaituko ote du Gobernuak?

Hizkuntzaren araberako zonifikazioa (zona vascofona, zona mixta, zona no vascófona) Nafarroarentzat lazgarria izan da, eta itxura guztien arabera Gobernu berriak honekin amaitu behar du. Baina emango al du pausua Uxuek? Erreportaje honetan ez dio kontrakorik.

2. Nafarroako haur orok euskaraz eskolaratzeko aukera izanen ote du?

Ustez hala beharko luke izan. Hala onartu baitzuen oposizioak duela hilabete batzuk Nafarroako Parlamentuan. Baina Nafarroako Gobernuari dagokio eskola bakoitzean zerbitzua emateko beharko den gutxiengo eskaera finkatzea.

3. Sinboloen legeari amaiera emango zaio? Ikurrina jarri ahal izango dute hala erabakitzen duten udalek?

Gipuzkoako Foru Aldundiak sofritu zuen lege hau azkenengoz, errepideetarako egindako karteletatik Nafarroako harmarria ezabatzera behartu baitzuten. Nafarroako hainbat Udalek ere ikurriña balkoitik kendu behar izan dute lege honen erruz.

4. Iruñeko Udalean ikurrina jarriko ote da?

Morboa badu, ez esan ezetz! Urteroko San Ferminetako txupinazoan ikurriña balkoian ikusteak. Arrantzaleek ez dute balentriarik egin beharko…

5. AHTa geldituko du Nafarroako Gobernuak?

Castejon eta Iruñea lotzen dituen AHT linea zentzugabea bertan behera utzi beharko luke Gobernuak. Eta hala ez balitz, zer esango lukete Izquierda-Ezkerrako eta EHBilduko lagunek? Barkos babestuko lukete? (Podemosekoez deus ez dakigu)

6. Transitoria Cuarta delakoa probestuko al du Nafarroako Gobernuak erreferenduma deitzeko?

Erreportaje honetan ezetz dio Barkosek. Baina… (salto egin hurrengo galderara).

7. EAErekin erakunde komunak sortuko dira?

Cabases jaunak zioen beren Gobernuaren pausu garrantzitsuena zela bateratzearen bidean. Azkenik ez zuten deus egin, Otanori Suitzan kontu korronteak topatu zizkiotela-eta etorri zen gainbeheraren ondorioz. Eta orain?

8. Nolako udaltzaingoa bultzatuko du Iruñeko Udalak?

Fama arras txarra du Iruñeko udaltzaingoak. San Ferminetan ikusi izan ditugun irudiak txorakeriak baino ez dira, mnifestazioetan eta bestelako egoeretan egin izan dituztenekin. Zein izango da EHBilduren udaltzaingo eredua?

9. Politika fiskal aurrerakoia bultzatuko ote du Nafarroako Gobernuak?

Ezin dugu ahantzi EAJ dagoela Geroa Bairen barrenean. Balizko ezkerreko gobernu koalizio batean, zenbateraino egin ahal izango dira politika aurrerakoiak, Sabin Etxearen lupapean?

10. Euskarazko hedabideek dirulaguntzarik jasoko dute?

Desertu bat izan da Nafarroa euskararen eta euskalgintzaren aferan. Euskal hedabideek nabarituko al dute aldaketa? Tokiko hedabideek eta Hedabide digitalek?

2 pentsamendu “Nafarroako aldaketaren 10 galderak”-ri buruz

  • Beste hamar galdera txoro:
    1.- EITB ikustea edo entzutea posible izango da Nafarroa Garaian?
    2.- EAEan Nafarroa Garaiko hedabideak ikustea edo entzutea posible izango ote da?
    3.- Euskalerria irratiak jasoko al du irrati lizentzia?
    5.- Nafarroako unibertsitatea euskaldunduko da?
    6.- Opus Deik jarraituko du diru publikoa jasotzen?
    7.- Barraka politikoak montatuko dira San Ferminetan?
    8.- Itoitzko urtegia hustuko al da?
    9.- Molaren kripta hori jarraituko du bere tokian?
    10.- Iruñean dauden hamar mila piperpotoek jarraituko dute itzala egiten?

  • amonamantangorri 2015-06-02 14:05

    Transitoria Cuartari buruz, halako erreferendumik eginen balitz, ezetzak irabaziko luke ziur. Lankidetzarako organo komuna eratzearen alde, berriz, bai, egon liteke aldeko gehiengoa.

    Neronek, nafar eta independentista gisa, ez dakit nahiko nukeen Nafarroako Foru Komunitatea beste erkidego autonomo batean “integratzea”… Del Burgok ederki argudiatu du: Zertarako? Bilboren mesedetan erabaki ahalmena galtzeko?

    Euskalerria Irratiaren lizentziari buruz, nahiko litzateke oraingo legea betearaztea, bestelako ekintza ausartik gabe.