Nafarrak hondartzara, egin dardara!

Zarauzko hondartza, naparren habitata - jlastras cc
Zarauzko hondartza, naparren habitata - jlastras cc

Goizean goiz eguneroko kafe eta egunkari dosia hartzera joan naiz Amaloi kafetegira. Kafea eskatzearen truke, bertako nagusiak, beti uzten dit prentsa doan irakurtzen, horregatik noa beti hara. Hala ere, jada ezingo nuke lekuz aldatu, ohituegia bainago bertako elkarrizketetara, bertako giro epelera eta aiton-amonen goizeko agurretara. Han pasatzen da egunero periodikoa eta ogi barra erostera Pello Esnal, egunero esaten dit zerbait kuriosoa, nere irakurketa irriparre batez geratzen duena. Tira errutina kontuak hauek.

Gaur segituan amaitu da Diario de Navarra. Ez dut denborarik izan irakurtzeko… “Mmm… seinale txarra hori”. Izan ere, egunkari honen aleak bukatzen direnean, napar inmigrazioak gora egin duela esan nahi du. Udako kontuak hauek, Zarautz napartzen duten kontuak. Itxura plaieroa zuten hainbat pertsona geratu dira alerik gabe eta detaile ttiki batek nau harritu; naparrak izanik, ez al lukete Diario de Navarraren ordez Noticias de Navarra egunkaria hartu behar? (Ale ugari dira beti apalean) Bada ez, gehienek El País edo El Mundo hartu dute. Kuriosoa. Gipuzkoan ere antzekoa gertatzen da Diario Vasco madarikatua ez dagoenean.

Irakurketa saioa amaitu eta etxera bidean nindoala, Euskotren geltokiaren parean, autobus bat ikusi dut jendez gainezka. Ateratzen ari ziren. Ezagutzen nituen hainbat naparbus; hala nola, La Burundesa, La Estellesa, La Sanguesina… baina goizean ikusi dudana ez nuen sekula ikusi: La Vianesa delakoa. Bat gehiago. “Uffa! earra eguna datorrena”, pentsatu dut.

Bai, Zarautz udan naparrez gainezka izaten da. Hondartzara joan eta segituan nabaritzen da nor den naparra eta nor ez. Lagunen artean beti pentsatu izan dugu dokumental bat ere egin zitekeela kontuarekin. Nola jakin nor den naparra? Erraza erantzuna, zu hondartzara bazoaz, napar bat aurkitzeko modu errazena ur ertzera joatea da. Marea gora datorrenean azkenak mugitzen naparrak izaten dira; azkenak mugitzen eta lehenak bustitzen. “Si tranquilo, que todavía hasta que llegue el agua aquí! Que fresca la brisa marina” eta han etortzen da olatua berarekin eramanaz toaila, Diario de Navarra eta bartulo guztiak.

Naparrak detektatzeko beste modu bat gainean daramatenari erreparatzea da. Detaileak izaten dira, askotan begi arruntentzat ikusezinak, baina, guk koadrilakook ikusmen berezi bat garatu dugu horrelakoez konturatzeko. Batetik propaganda txapelen bat daramate; dela Patxaran la Navarra, dela Caja Navarra… Bestetik, plaieroen pack berezia identifika daiteke; tunbona, pare bat jesarleku plegable, sonbrila eta, garrantzitsuena, freskera (gehienetan urdina).

Lehenago aipatu bezala begibistan izan ohi dute Diario de Navarra egunkaria. Freskera gainean edo toaila gainean egoten da beti.

Hondartza gehiago ere konkistatzen dituzte - Heart industry cc

Orain arte definitutakoa da detektatzen errazena den napar mota. Baina bada beste klase kamuflatuagoren bat ere. Gazte napar euskaldunak dira zailenak detektatzen, baina, abilezia pixkatekin aurki eta identifika daitezke hondarretan. Hauek aurkitzeko belarria oso adi izan behar da, eta ahal izanez gero euskalkietan aditua den norbait eraman zurekin. Nafarroako hizkera ezin baduzu bereizi edo ez baduzu adituren bat zurekin, erdarara jotzen dutenean identifika ditzakezu erraz. Esan daiteke napar mota hau askoz ere integratuagoa dagoela hondartzako ohitura estandarretan, alboratu baititu freskera eta sonbrila.

Tira bada, azkenean denok ez al gara ba naparrak? Ez al zen izan Nafarroa zazpi probintziak batera eduki zituen estatu bakarra? Beno nik hori esaten diot nere Iruñeko lagun minari identitate arazoak ditudanean, naparra naizela. Eta zer letxe, Gipuzkoa Nafarroa da! Eta Zarautz Nafarroa da ere! (…)Udan inoiz baino gehiago.

Diario de Navarra, Diario Vasco, euskara, Hondartza, iruña, nafarroa, turistak, uda, Udara, Zarautz
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

5 pentsamendu “Nafarrak hondartzara, egin dardara!”-ri buruz

  • ze azal gogorra dezun!! zuk bai, nahiko zenuke naparra izan, baina edonor ezta napar.

  • La Sanguesesa???? La Veloz Sangüesina, gizona!!!

    Pentsa ze basamortua litzateke Zarautz naparrik gabe, aiiiii

    😉

    Arratsaldean banoa, Iruñetik Donostiara… anaCondan…

    Artikulu polita, eta ausarta… zorte on datozen iruzkinekin…

  • Oier Aranzabal

    Eskerrikasko maleski, noski naparrik gabe ez litzatekeela berdina gure herria… ondo pasa Zarautz alden!
    Eta Irati zuk earki dakizu ni inor baino naparragua naizela!

  • Azken pasartea mundiala da Oier. Euskaldunon estatuaren erroa Nafarroa Batuan egonen da, bestela euskaldunok jai dugu… zatikatzearen bidez betiko galtzeko zorian gaudelako jada! Berjabetasuna Nafarroaren estatu batuak emanen digu, ez EAE edo NFK erakundeek. Guztiok gara nafarrak. Eta Nafarroatik kanpo nagoenean, nik espainieraz “baskonabarro” hitza erabili ohi du nire burua definitzeko. Horrelaxe jendea ohitzen joango da Goi Nafarroa gure estatuaren mamia delako. Kanpion-ek uste bezala, euskaldunok bandera gorria izan dugu (ia betidanikoa), zergatik arrazoi eman behar EAEko euskaldun espainiar batzuei aipatzen dutenean goi-nafarrak bere kasa joan behar direla, bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta arabarrak bezala. Hori al da abertzaleen estrategia? Ni esperoan nago Mendebaldeko Nafarroan NAFAR hitza eroango duen alderdi politikoa noiz sortu. Halafede bizkaitar, arabar eta gipuzkoar zenbaitek botoa emanen diegula. Mendebaldeko Nafarroatik, goraintziak.

  • Hori, hori dena eta denok nafarroa da. Artikuloa anitz ona, kar kar kar..ah! naparra naiz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude