Mugikorrak euskaraz ala erdaraz, zer nahiago?

Mugikorrak euskaraz ala erdaraz, zer nahiago?
Euskara mugikorretan – pasaian cc

Arratsalde buruzuri bat. Bazkaria digeritzen lanak, eta esna mantentzen are gehiago. Baina tira, esna mantendu behar, zinemarako geratu baitzara lagun zahar batekin. Aukera polita oporretarako, arratsalde buruzurietarako; eguzkiak jotzen ez duenean ez baita hain erraza hondartzarako planak egitea.

Betiko legez, trena iristeko bost minutu falta direnean atera zara ezkatzetik, etxe alboan baitago geltokia. Bi euro inguru makinan sartu, eta azkar asko bota du bagoi aulki-gogorretan joateko lizentzia ematen duen tiket urdina. Donostiarako nasa jendez gainezka dago; turistak, erosketak egitera doazen zarauztarrak, hondartza giro apalak bultzatuta etxera itzultzen diren eibartar tristeak… danetik.

Lehen bagoian sartu behar duzu, lagunak San Pelaioko geralekuan sartu behar baitu, eta lehenengo bagoian jarri baituzue hitzordua. Halako arratsaldeak txarrak dira trenean ibiltzeko, gainezka egoten dira eta ez da lekurik egoten jesartzeko. Ate ondoan ipini zara atzeko gazteen elkarrizketa entzuten. “Hi, zer dek mobil berriya?”, “Bai tio, lehengusuak erregalau zitxan urtetan!”, “Joe, latza eh…”, “Bai, bai, ondo ziok, interneta ta dana zakak”, “Aer, aer, utziak beiratzen.” Arrotzen elkarrizketak entzutea da Euskotreneko bidaiak mozteko era hoberena, nolabait ipurdiko mina ahazten baituzu belarriak adi ipiniaz. “HALA! Euskeraz dakak!”, “Ya tio, mierda bat dek, nahiago diat erdaraz”, “Ya nik rebai… ze derrepente azaltze zaik ‘atxiki’, etzakit ze, ‘Ezarpenak’, bazekitze… oso mierda dek. Pentsatzek, baino nor ostia dek ‘Atxiki’ hoi? Eztiat ezautzen! Kar, Kar, Kar!”, “Ya, Kar Kar!”

Aho zabalik zaude konturatu zarenerako. Guztiz lotuta elkarrizketara. Aspaldidanik hamaika euskaldun irrikitan ziren, mobila euskaraz jartzeko zain, eta hauek erdara “nahiago” dutela, eta euskaraz “mierda bat” dela esaten! Oroitzen duzu, nola ospatu zenuen zure unibertsitateko lagun iruñearrarekin, telebistan eman zuten iragarki hura: “Orain edozein konpainiatan zure mugikorra euskaraz!”. Dena bibak eta urrak! Oroitzen duzu, nola joan zinen movistarreko dendara, eta nola reseteatu behar izan zenuen zure mugikor zaharra euskarazko softwarea sartzeko, nola galdu zenituen ordurarte ateratako argazki guztiak… Amorru pixka bat harridurarekin nahastuta, eta ahoa zabalik. Edozein eulirentzat garajea.

Hortik hainbat erreflexio hasten zara kozinatzen; Euskara egokia erabiltzen al da teknologia berrietarako? Hurbila al da? Hainbat gaztek ez al dakite behar bezain ondo euskara? Irakurtzen al dute euskaraz? Zein da akatsa?

Konturatu zarenerako San Pelaion zaude eta laguna sartu da bagoian: “Zer, zinemarako prest?”, galdetu dizu. “Bai, baina bertsio orijinalean eh txo, bertsio orijinalean”.

Mugikorrak

Ekaitza bainuontzi batean

8 pentsamendu “Mugikorrak euskaraz ala erdaraz, zer nahiago?”-ri buruz

  • Software-arekin berdin gertatzen zait niri. Hobespenak edo programaren aukerak aztertzerakoan askotan zer esan nahi duten ez dut ulertzen. Gaztelerazko bertsiora jo edo gazteleraz zelan diren pentsatu behar dut beti. Ez dakit niretzako euskara hurbila ez delako den, edo ohitura falta den baina ikusten dudanez, ez naiz bakarra! Hori bai, azkenean euskarazko bertsioarekin geratzen naiz ni beti.

  • Aritukulu interesgarria, errealitate triste baten argazkia. Eta oso egokiak, bestalde, azkeneko galderak. Hona nire erantzunak:

    – Euskara egokia erabiltzen al da teknologia berrietarako? Oro har, bai.
    – Hurbila al da? Beste galdera batekin erantzungo diot horri: gaztelaniadunentzat hurbila al da/zen ‘adjuntar’, ‘agregar’, ‘preferencias’, ‘desfragmentar’…?
    – Hainbat gaztek ez al dakite behar bezain ondo euskara? Ziur aski bai, baina gabezia asko dituzte zenbait arlo eta erregistrotan.
    – Irakurtzen al dute euskaraz? Ez.
    – Zein da akatsa? Ohitura falta, besterik ez, Xabik aurreko iruzkinean ederki azaldu duen bezala.

  • Nik argi daukat: aukeran euskeraz!! Nireak ez du aukera hor, baina firefoxa hala daukat eta bereala ikasi nuen “laster-markak” zer den.
    Gaineratu beharra dukat ez nagoela oso ados euskara zaila erabiltzen den aitzakiarekin. Nik ere sufritu ditut garai bateko testu teknikoen itzulpen ezinulertuzkoak (orain 20 urte Zuzenbidea euskaraz ikasten hasi nintzen EHUn, zorionez garaiz “desapuntatu” nintzen), baina ez dut uste gaur egungo euskara teknikoa hain zaila denik.
    Aurreko erantzunak dioen bezala, nola esan dezake “atxiki” eta “ezarpenak” euskara zailez idatzirik daudela “router”, “link”,”e-mail”, “agregar”, “modos” eta “bluetooth” lako hitzak ikasi eta erabiltzen dituenak?!
    Orain bi egun Joxe Ramonek esan zuen “Bi errepidean” saioan: “Txisteak euskaraz? hori ezinezkoa duk, motel” eta majina kontatuak ditu honez gero.

  • Nik egia esan euskaraz nahiagu dut zalantzarik gabe. Kontua da Linux erabiltzen dudala eta hemen ere Euskaraz daukadala dena.

    Zalantzarik gabe, gazteen arazoa ohitura da. Ni aspaldidanik erabiltzen dut ordenagailua etab euskaraz eta ez det inongo arazorik.

  • Mugikorra eta PCa euskaraz ditut, eta behin ohitura hartuta ez dago inolako arazorik.

    Are gehiago, lagunen baten gaztelerazko firefox nabigatzailea erabiltzen badut menuak arraroak egiten zaizkit.

  • jaj testu kuriosoa. Egia esan, noizbait gertatu izan zait nire mugikorreko hitzen batekin zertxobait harrituta gelditzearena.Baina hau da daukagun errealitatea,euskera hurbila izan ala ez, bada ezer baina gehiago, beraz ez gaitezen kexatu ez? =)

  • Nik ere euskara erabiltzen dut bai mugikorrean baita ordenagailuan firefox-ekin oso pozik nago eta ez daukat inolako arazorik ulertzeko aukerak, baina badut beste ohitura bat oraindik ez dudana euskaratu,liburuak irakurtzen ditut gazteleraz. AUPA ATHLETIC!!!

  • Nik sakelekoa euskaraz daukat, eta batzuetan gauzak ulertzea kostatzen zait…. baita erdaraz ere. hala ere, gazte horiek ba al dakite benetan zer dioten erdarazko hitz potolo horiek? Nago euskaraz, erdaraz ez bezala, ez gaudela ohitta benetan ulertzen ez ditugun gauzak irakurtzen: ba al dakigu benetan zer den “conectividad”? Gainera, gauza horiek beti eradaratik itzulita daude, ez dira inoiz euskaraz sortzen; bestela, nori bururatu zaio “mezularitza” jartzea (halaxe dio nere telefonoak) “mezuak” ordez?