Mozorroak erauzteko garaia

Israelen, dozenaka antolakunde daude bakea eta bizikidetzaren alde egiten dutenak eta bertan milaka judu israeldarrek dihardute lanean helburu zail horiek iristearren. Halere, inori ez zaio bururatzen horregatik, Israel bakea eta bizikidetzaren alde dagoenik esatea. Aitzitik, estatu arrazista, anker eta kriminaltzat jotzen du iritzi publikoaren gehiengo larriak. Agintaritza mailan ageri diren joera eta jarrerak dira jendeak juzkatzen dituena eta erabiltzen dituena iritzi bat formatzeko, etiketa bat ezartzeko.

Etiketek indar eskerga dute gogoetan eta komunikazioan. Sinplifikazio erosoak direnez gero gustura erabiltzen ditugu egunerokoan, baina errealitatea estaltzeko lana ere egiten dute,Mozorroak erauzteko garaia bai fin egin ere. Esate baterako, hainbat alderdi politiko ezkerrekotzat jo ohi dira, besterik gabe “ezker” etiketa daramatelako, garai batean ezkerreko izan zirelako. Gainera ezkerreko sinboloei eusten diete (kolore gorria, ezker besoaz ukabila egin, etb.) etiketaren mezua indartzeko. Eta parametro objektibotan aztertuz gero (laikotasun maila, aurrekontuetan gastu sozialari eskainitako ehunekoa, e.a.) gaur egun izen hori inola ere ez legokiokeen arren, etiketak hortxe dirau indartsu, oharkabean gure gogoeta eta mintzabide politikoa mugatuz eta oker gidatuz.

Bi gogoeta hauek lagun hartuz, galdera potolo bati erantzuten saiatuko naiz: Euskaltzalea al da PNV?

Alegia, Israelgo adibideari jarraiki, euskaltzale al dira PNVn aginte gorena dutenak? Eta “ezkerreko alderdiaren” adibideari lotuta, euskaltzalea al da datu objektibotan oinarrituta, ikurrez eta aldarrikapenez haratago?

Eta galderari erantzun ahal izateko, euskaltzalea zer den definitu behar dugu halaber. Definizio zabala emango dugu: Euskaltzalea, euskara hobesten duena da.

Hogeita hamar urte hauetan garatutako egitasmo eta erakunde nagusiak aztertuko ditugu labur-labur.

1.- Euskararen legea: Euskaraz noiznahi eta nonahi hitz egiteko eskubidea lege bihurtzen du ofizialtasunaren ondorio gisa. Alta, euskaldunek hogeita hamar urtetan eskubide hori oso era urri eta mugatuan erabiliari ez dio nonbait kezkagarri iritzi, ez baitu larria ematen duen jarrera hori zuzentzeko ahaleginik egin.

2.- Irakaskuntza: Euskaraz dakitenen kopurua emendatzen lagundu dute Eusko Jaurlaritzatik bultzaturiko hezkuntza politikek, bai derrigorrezko hezkuntzan, bai helduen euskalduntze eta alfabetatzean. Halere, Lanbide Hezkuntzan eta Unibertsitatean euskaraz ikasitako ikasleek sarritan ezin izan dituzte ikasketak euskaraz jarraitu. Hizkuntza eredu batzuk ez dute bermatu gutxieneko gaitasun maila. Euskara hutsezko eredua ez da hobetsi Jaurlaritzatik, gurasoen eskuetan utzi da aukera. Euskaraz dakitenek gero eta gutxiago erabiltzen dute euskara.

3.- Administrazioa euskalduntzea: Abailak eta erritmoak gorabehera, administrazioaren langile kopuru mardul batek lortu du hizkuntza gaitasuna frogatzea. Nabarmenago, euskara lanerako hizkuntza izan denean, irakaskuntza kasu. Arlo zabal garrantzitsuak geratu dira larriki atzera, Osakidetza eta Ertzantza, esate baterako.

4.- ETB: Euskarazko telebista izateko jaio zen Ramon Labaien sortzailearen esanetan, elebiduna izateko, Retolazaren agindupean jardun zuen Amatiñorentzat. Hogeitamar urte igaro ondoren ez da zalantza handirik bietako nork zuen arrazoia eta indarra. Alderdi baten benetako funtsa eta mamia ezerk ez du hobekiago adierazten, berak kontrolatzen duen telebistak baino. Hemen eta Pernambucon. Beraz beste ezerk baino hobe, ETBk ematen du PNVren ideologiaren irudia, bere euskaltzaletasun mailarena barne.

Azterketa laburregi honek nahikoa argi erakusten du PNVk maite duela euskara, bere eran, baina ez dela euskaltzalea, hemen erabili dugun adieran, ez duelako euskara hobesten.

Hurrengo baterako uzten dut jarrera honen sustraien inguruko gogoeta, gai ezin interesgarriagoa.

Aurrera egin al dezake euskarak euskaltzalea ez den PNVren eskutik? Nire iritziz, ez. PNVren euskararekiko jarrerak mesede ala kalte egiten dio euskarari? Nire iritziz kalte, eta kalte larria gainera. PNV euskaltzaletu dadin saiatu behar gara ala euskararen arerio iritzi, salatu, eta hura gabe eta haren aurka egin behar dugu aurrera? Bistan da lehen aukera dela onena baina zalantza handiak ditut bertako euskaltzaleek hori lortzeko behar adina indar izango duten. Eta are gutxiago ematen du gizartetik etorriko denik aldaketa hori eragingo duen olatu euskaltzalea.

Mozorroak erauzteko garaia

12 pentsamendu “Mozorroak erauzteko garaia”-ri buruz

  • Asier Azpilikueta 2015-10-25 21:00

    Txorakeria bat botako dut, artikuluaren muinari gehiehi heltzen ez diona:

    Euskaltzalea da Hartsuaga? Euskara hobesten du?

    Urkulluk egun gidatzen duen alderdiak hiru izen ditu (EAJ, PNV eta PNB), baina Hartsuagak gaztelaniazkoa hobetsi eta erabiltzen du. Ez dakit, ba.

    Eta hemen emotikono bat jarriko dut, nire harriak punta zorrotzik ez duela erakusteko:

    🙂

    • Juan Inazio Hartsuaga 2015-10-25 23:44

      Zure iruzkinak artikuluaren muinari ez diola gehiegi heltzen diozu, baina ez nago ados. Heltzen dio, bai, eta izan ere, beste kontu bat aipatzeko bidea ematen dit. PNV erabili dut, batetik, euskaraz dihardugunean ere, gehienetan honela esan ohi dugulako (peneube) inolako kutsu gaiztorik gabe, nire kasuan behinik behin, eta bestetik, datu objektiboetan oinarritu eta ikur eta aldarrikapenez haratago jardun nahi dudanez, PNVk berak benetan aintzat hartzen duen izena delako. Oker ez banago, 2011n alderdiaren izena aldatzeko proposamen bat eztabaidatu zen, errealitate berriari hobeto egokitzeko asmoz, eta orduan Partido Nacionalista Vasco ordez Partido Nacional Vasco izendatzea proposatu zen eta aldaketa hori alderdiaren frantsesezko eta ingelesezko izenetan islatzea (Parti National Basque eta Basque National Party hurrenez hurren) baina euskal izena,- EAJ-, bere horretan uztea. Alderdia 1977z geroztik ofizialki ez konfesionala dela gogoan hartzen badugu, ematen du ez duela kezka bera izan Jaungoikoaren izena kenduz egoera berriari egokitzeko. Alderdiak erakusten du, ez nik, zein den gaurkotuta eta funtzionala eduki behar duen izena eta zein adornotarako disekatuta gorde daitekeena.

  • Joe, Asier, zorionak hain aportazio interesgarri eta aberatsagatik. Eta gainera emotikono bat opari. Ze nibela.

  • Nik ezagutu dudan EAJn, euskaltzaleak badaude (gutxiengoa), eta batere euskaltzaleak ez direnak edo euskaraz paso “olinpiar erara” egiten dutenak ere bai, gehienak. Azken hauek euskara maite dutenean, txistua, ikurriña edo beste folklore atal baten gisa ikusten dute euskara. Euskara maite dute, eragozpenik eragiten ez dien bitartean.
    Aipatutako adibideetara etorrita,
    Garaikoetxea, Labaien eta Etxenikeren gobernuaren alaba da Euskararen Legea. Bere ondotik etorri zen Ardanzarena baino puska bat euskaltzaleagoa eta abertzaleagoa.
    Esan nahi ditut, alderdi berean alde ikaragarria izaten dela kide batzuen eta besteen arteko euskaltzaletasunari dagokionez, bai Sortun, bai EAn, bai Aralarren, eta are gehiago EAJn. Iruditzen zait zortea izan genuela Garaikoetxearen gobernu harekin, euskaldunok. Gerora etorri diren gobernuekin baino zorte handiagoa behintzat.

    Irakaskuntzan egia da EAJko gobernuek lagundu dutela euskaltzale asko eta askok egindako ahalegina, baina herritarren bultzadari eta ekimenari zor zaizkie lehen ikastetxe klandestinoak eta haietatik sortutako ikastolak, eta ez dakit D eredua (ongi etorria bera ere) ez ote zen etorri ikastolen olatu hura gelditzeko ahalegin gisa.
    Aipatu duzun gisan, Unibertsitatean eta are gehiago Lanbide Heziketan, ez da bilakaera berdina gertatu. Lanbide Heziketarena bereziki negargarria da, eta hor nabari da Hezkuntza Sailaren ahalegin urria. Zer ikusirik izango du urte luzez Lanbide Heziketako sailburuorde erdalduna izendatu izana.

    Administrazioaren euskalduntzea ez da gertatu, Gipuzkoako Foru Aldundian neurri batean, eta zenbait udaletan, UEMAkoetan batik bat, ez bada.
    Administrazio orkorrak eta bere menpeko erakunde guztiek erdaraz dihardute, euskarari oso estu lotutako ataletan ez bada.
    Hori bai, Osakidetza, Ertzantza eta Justiziaren kasuak bereziki larriak dira.
    Administrazioaren euskalduntzerako oztopo nagusia arduradun politikoen hizkuntza gaitasun eta borondate gorabeheratsuak dira.

    EiTB taldeaz zer esan? Euskarazko telebista katea %zeropatatero audientziatik hurbil, espainierazko katea, euskaldunak espainiartzera eta andaluziarrak nortespañara eroan-ekarrian, Radio Euskadi gero eta unionistago, eta errematerako, %80 ingelesez eta %10 espainieraz diharduen EiTB musika euskarazko irratiekin batera kontabilizatzen du gure Jaurlaritzak, euskalgintza mutuaren begi-belarrien aurrean…

    EAJ, alderdia eta bere menpeko erakunde gehien gehienak ez dira euskaltzaleak, ez. Inondik inora.

  • zakarias aiztierdi 2015-10-27 09:52

    JJren zehaztapenak oso pertinenteak dira. Bestalde, aipatu nahi nuke Euskadiko Ezkerra zen hartako hainbat pertsona daudela PNVn (bai, PNV) sartuta, euskara, hezkuntza eta kultura arloetan. Horrek ere artikulua merezi du, inor animatzen bada!

  • Euskaldunak asko, edo behintzat gero eta gehiago, gara datu ofizialetan.

    Baina euskaltzaleak edo benetan euskaraz bizi nahi dugunak, gutxi gara. Oso gutxi. Gutxiengoa Lapurdin baina baita Gipuzkoan ere. Gutxiengoa alderdi espainol eta frantsesetan, baina baita EAJ eta ezker abertzalean ere. Gutxiengoa etengabe eta edonon (Bertsozale Elkartea eta Berria edo Argia bezalako salbuespenak aparte).

    JJ Agirrek azaldutako guztiek Katalunia bat sutan jarriko lukete. Hemen… inori axola al zaizkio? Egoera nahiko etsigarria ikusten dut zoritxarrez.

  • Ildoan, euskaltzalea ez den inor abertzaletzat jo ote litekeen ere galde liteke. Tira, baina, honezkero, abertzale diogunean abertzale esan nahi dugu?

  • “Crus del Gorbea… gure gasiosie! pídela en tu vachoqui!!”

  • Gaurko Berrian Zaldieroak marraztu duenak hamar editorialek baino gehiago balio du

  • Mahaian eserita, ikurriña eta estelada. Ikurriñak: «Ezin daiteke estatu bat hilabete batean sortu!!». Esteladak: «Batez ere batere gogorik ez baduzu».
    Zas mutur muturrean!