Mirriren esperimentua eta erabaki gehiago

Mirriren esperimentua eta erabaki gehiago

 

Gaur igandea da. Hilak hogeita bat bete dituen honetan gure etorkizuna erabaki nahi dugu. Horretarako euskal hiriburuetan egun osoko egitaraua antolatu da, goizeko ehuntze lanek arratsaldeko ekitaldiari bidea ireki diotelarik. Donostian gaude eta arratsaldeko bostak izanik Anoeta inguruan bildu gara. Burutik pasa zaidan lehena estadioaren erabilerarena da. Hau sarrerako bolondresaren eskuetan utzi ditudan hamar euroekin lotu dut agudo. Dirua? Bai, gastuak kubritzeko da. Ondo. Ez, ez hain ondo. Beharrezkoa da estadio pribatu bat alokatzea horrelako ekintza bat burutzeko? Ez da kalea bera herritarren sinbolo nagusia, gure ekintza sortzen den espazioa?

Ekitaldia hasi da dagoeneko. Txuri urdin txuri urdin joka hasi dira donostiarren pozerako. Zerikusi handia dute futbol talde baten ereserkiak eta erabakitzeko eskubideak. Gero Donostiako martxa jo dute. Bikain. Segidan gure esku dagoela bota dute behin eta berriz. Baino, gure esku zer? Gure esku gauza asko egon daitezke: nazio bat garen erabaki ahal izatea, nazioa garela aldarrikatzea, nazio askapena, Amstel enpresaren etekinak handitzea, etab. Gauza desberdinak dira, eta ekitaldian ez dira argitu. Honen harira, ekitaldiak duen despolitizazio saiakera igarri da. Euskal panorama politikoak betidanik izan duen izaera polarizatua ezkutatu da, garai berri, herri zoriontsu eta bake bezalako terminologia tristearekin, ditugun mutur politikoak garden bilakatu nahian.

Ekitaldiaren une indartsuena heltzear zen eta mok mok entzun dut. Txiribiton, Txirri eta Mirri. Hori da hori umorea sortzeko dohaina. Pentsatzen erakutsiko digutela iragarri eta lortu, haiek oihu zentzugabe bat bota eta guk ondo pentsatu ondoren (ikus bideoa berriro, merezi du) errepikatu egin behar dugu. Oso esperimentu interesgarria, zorionak Mirri, batez ere bota duzun ulua zinez pentsagarria delako. Algara batzuk atera zaizkigu, ez baina pailazoen jardun onarengatik. Espektakulua izan da ekitaldiaren motorra, oinarria. Espektakularizazioak edozein mezu politiko gainditu du, esandako oro hutsala izanik. Seguru aski Tajon Prieto y los Kuajalostes taldearen kontzertua izan zen politikoki indartsuena egun osoan zehar.

Bi ordu eta erdi eguzkitan igaro ostean, gogamena zaborrez gainezka jaitsi ditut estadioaren eskailerak idazle argentinar baten gomendioak aintzat hartuz, azkar bezain lelo. Tiket mordoa erosi eta garagardoa edan dut ase arte, beno, karpak itxi arte, tiketak soberan baititut eta. Diruaren zentzu kapitalista ezkutatzen duten papertxoak poltsikoan egin dut buelta etxera, Mirriren esperimentua nola hobetuko nukeen pentsatuz, baldin eta posible bada.

8 pentsamendu “Mirriren esperimentua eta erabaki gehiago”-ri buruz

  • Xabier Goitia 2015-06-23 08:00

    Anoetan ikusi zen programazioa, nola eduki aldetik, hala forma aldetik, negargarria izan zen, bai. Eta Gabi, Fofó eta Milikito pailazo horiek errematea: “Qué tal están ustedeeeees?”. Gero besteak etorri ziren, saltxitxa eta puré. Eta tartean, aurkezle garraisilari batzuek dena kakazten. Julio Iglesias frantziar batek kantatu zuen Txoriak txori eta dena horrela… Eta denok txaloka eta ieupaka, olatua egiten kaka zaharrari. Ez daukagu erremediorik.

    • noski, autokritika egitea beharrezkoa da, akats berak ez egiteko eta hurrengoan hobeki antolatzeko… kritika konstruktiboak eta honelako indar bateratzaileak behar ditugu herri honetan… herria eraikitzen herritik beratik…

  • Ea ba! Animo gaztiak. Zuen zain gaude ea nola egiten duzuen.

    Niri ere gauza asko ez zitzaizkidan gustatu baina meritu haundia daukate antolatu dutenek. Hori aitortu eta gauza gutxi gehiago egin dezaket.

    Eta ez kritika gupidagabe horiek. Ez dute ezer ekartzen

  • Xabier Goitia 2015-06-23 12:38

    Xerapio, alde batera arrazoi duzu: antolatzaileek meritu handia dute egindako lanagatik. Hainbeste jende mugiaraztea ez da txantxa. Horrek ez du kentzen, ordea, ekitaldia bera penagarria gertatu zela esatea. Hori kritika da, bai, ezkorra dela esango duzu eta ez duela ezertarako balio ere bai, baina kritikak beti balio du, hurrengoan akatys bera ez egiteko, besteak beste edo, gutxienez, esan direnez akordatzeko. Ni bertan izan nintzen eta hurrengo batean joateko ere prest nago, baina antzeko zerbait izango dela antzematen badut, antzarak ferratzera joango naiz. Hori ere halaxe da. Burujabetasunerako zeremonia batean soberan daude gauza batzuk, eta ezin bada saltxitxa eta pure baino ezer hoberik asmatu, hobeto Agur Jaunak edo Gernikako Arbola kantatuta, beti egin izan den lez.

  • Anoeta ez da estadio pribatua.

  • honelako esperimentu gehiago, baina hobeak egingo balira, hobeki geundeke! horrelako bateratzeko saiakera bakanek itxaropena piztuarazten didate… eta gizakiarengan fedea indartu…

  • Asier Aldalur 2015-06-29 01:26

    Igandeko ekitaldi zoragarri bezain unkigarriaren aurrean, non auzo lanean hainbeste eta hainbeste ilusio saretu zirelarik, herriko kultur eragile asko eta askoek beraien asmo on eta ilusio haundienarekin bertso, abesti, parodia, pailaso eta abar luze bat erabakitzeko eskubidearen alde batzea lortu zuten egun berean, hainbeste kritika ez det ulertzen. Aurrerantzean antolatuko diren ekitaldietan zuek seguraski hobeto egingo duzuenez hor nahi zaituztet ikusi. Baina noski etorri ideia berritzaile eta orijinalekin zeren ekarpen berririk gabeko kritikak oso hutsalak dira. Norbanako bakoitzak bere hondarraletxoa jartzean datza arrakasta. Azkenaldian norberak ezer gutxi egin eta besteok nola eta noiz gauzak egin behar ditugun agintzeko gero eta hitz azpertu zale gehiago ikusten ditut. Bihotz bihotzez mila esker egun eder hori antolatzeko urte osoan zehar lanean jardun zenuten guzioi eta esan, beste gutxi batzuk ez bezala niretzako oso ekitaldi ederra izan zela eta nire inguruan egon zirenentzat ere bai. ETB k eta bertako langileek ekitaldiari eskaini zioten atxikimendu zabala ere aipatzeko modukoa. Gaur egunean medioek duten garrantzia ikusirik ekitaldia beraren gorabeherei baino garrantzi haundiagoa ematen diot.

  • Zur eta lur 2015-07-03 07:55

    Aldez aurretik,nire miresmena eta eskerrak azken hilabeteetan buru belarri sare erraldoia josten ibili diren guztioi.
    Erreflezio sakonaren aroa heldu zaio GEDri. Horretan dudarik ez dut.
    Eta dudarik ez dut ere ” Erabakitzearen aroan ” sartu EZ garenaren zerean.
    Azken hilabeteetan oso argi geratu zaidana zera da:
    – GED zer,nola,noiz etab.egin behar duen esateko jende askorik ez zaigula falta geure herrian.Batez ere, gauzak nola irten diren ikusi ondoren.
    Orain arte barruko lanean ibili ez diren eta hainbeste dakiten ematen duen hauen ekarpena taberna eta kaletik GEDeko auzo eta herri eztabaidetara guneetara eramatea espero dut.
    Kontu berbera antzematen zaio jende askori , izan urtarrileko presoen aldeko manifa izan azken hauteeskundeen balorazioa izan GEDeko dinamika izan …….

    Ni , behintzat , bere ekarpenaren zain geratzen naiz.
    Ekarpena: iritzia eman lehen minututik auzo eta herri askotan zabaldu diren gune zabaleetan.