Miraria! (Mentxakaren aitorpena)

 

 

 

mentxaka.jpg
Mentxakaren aitorpena
. Jose Ramon Goikoetxea ARDOTXI. Elkar 2006.

Batzuetan lehorte handienean egiten du euri eta halaxe gertatzen da berdatzearen miraria. Oso antzera, azkenaldian antzu eta eskas dabilen euskal narratibara, liburu hau ixuri da eta, arraioa, nago idazle askok baino hobeto asmatu duela ez-idazle honek, ARDOTXI ez baitzen idazle edo, bederen, idazletzan baino zailduagoa zen beste hainbat alorretan, ETAn eta sindikalgintzan, bereziki. Idatzi ere gaztelaniaz idatzi zuen lehenbizi liburu hau, eta euskarara ekartzen ziharduela hil zen. Rafa Egigurenena da, beraz, edizioaren ardura eta lana, eta nabaritzen da idazleaz gain, hizkuntzalaritzan aritutakoa dela Egiguren, gardena baita, guztiz, darabilen idazkera, eta hizkuntzaren erabaki hori erabat egoki datorkiola kontatutakoari. Esan dezagun Mentxakaren aitorpena ez dela nobela bat, baina badela; ez dela testigantza liburu soil bat, baina badela… Hamabost egunetan zehar, 1971garrenean, Ardotxik Bilboko polizia-etxean bizi izan zituenak kontatzen dira, interrogatorio prozesu guztia agertzen da, lehen pertsonan kontatua. Baina ez da hori bakarrik. Hastapenean pentsa liteke, torturak eta abarrak kontatzen dituenez, liburu lazgarria izango dela, baina, bai zera, berehala egiten duzu bat preso dagoenarekin eta kontatzen duena izugarria izanik ere, poztu egiten zara hark interrogatzailearen aurrean (JosĂ© Sainz inspektorea) darabilen estrategia paregabearekin. Aurrera eramaten zaituen zerbait dauka liburuak bere sotiltasunean, eta triste baino, pozik eta hunkiturik amaitzen duzu irakurketa, halako gizon irmo eta zintzoa ezagutu izanagatik, batez ere. Bidenabar, ARDOTXIK erakunde armatu bateko partaide izatera zerk bultzatu zuen agertzen du era guztiz naturalean, garai beltz haiek inork ez bezala harrapatu ditu kontakizunean eta ETA V eta VI arteko etena azaltzen digu: aberrigintza ulertzeko bi eraren arteko talka. Esan dezagun, beraz, memoria liburua dela, nobelaren gorputzaz emana. ETAren benetako historia ezagutzeko ere, ezinbestekoa, izenak ehunka agertzen baitira (Madariaga, Etxabe, Idoiaga, Txikia, Larena….), baina badiot ez dela hori bakarrik, gauza asko batera baita, zinez, liburu hau. Besteak beste, zer irakurri ganorazkorik gabe zebilen honentzat, gozamen ederra. Hitz bitan laburbiltzeko, ARDOTXIK irakurleari bai, baina inspektoreari ez dio kontatu nahi, inola ere, egia.

(Haren lagunek blog bat dute hemen)

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Miraria! (Mentxakaren aitorpena)”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude