Mila pertsona inguru Garoñaren aurkako XXXI. martxan

Barcina del Barco herritik irten zen martxa eguerdiko 12etan, handik gutxira zentralaren ateetan amaitzeko. Han, herriko gazte batek, zeinaren arbasoak hainbat belaunalditan herrian bizi izan diren, Garoñako zentral nuklearraren aurkako manifestu bat irakurri zuen, aldi baterako biltegi zentralizatuaren (ATC gaztelerazko siglengatik) kokapen posible diren Gaztela-Leongo eskualdeei bere elkartasuna igortzen zien bitartean.

Zentralaren aurkakoek instalazioen itxiera “tinko eta betierekoa” eskatu zuten. Komunikatuak zioenez, “Garoñaren deskonektatzearekin batera hasiko da garai nuklearraren amaiera.”

MzI2MA==

“Hilerri nuklearra” deitzen diotenaren aurkako plataformek ere parte hartu zuten martxan, protestari humore ukitua eman zion parodia batekin. Erruleta moduko bat muntatu zuten, bertan Industria ministerioak eta Enresak ATC berria zein herriri tokatzen zitzaion zozketatzen zutelarik, errealitatean kokapena hautatzeko darabilten sistema “sekretupekoa” dela eta ez dela demokratikoa salatzeko asmoz.

Pedro Luis Gomez ATCaren aurkako kanpainaren koordinatzaileak eraikin hauen “jarduera etengabeak” herritarrei ekar diezazkien arriskuak gogorarazi nahi izan zituen. Gaineratu zuen ATCaren aurkako plataformek lanean jarraituko dutela Miguel Sebastián industria ministroari ATCaren “kokapena hautatzeko moduaren erabateko berrikusketa” eskatzeko.

Euskal Herritik at dagoen arren, Euskal Herriak gertu-gertutik bizi ditu Garoñako zentral nuklearraren arriskuak, erradiaktibitateak eta kutsadurak ez baitute muga-politikorik ezagutzen.

Irudia | Goardia Zibilak Garoñako zentralaren sarrera jagoten | nattydreaddd | Creative Commons By SA