Mesedearen kaltea

images3.jpgimages-11.jpg

Arrazoia zeukan gaur egunean euskararen alde gehien egin zezakeena Madonna dela zioen hark. Gauzak dauden moduan, ez kanpaina instituzionalik, ez euskaltegirik, ez bestelakorik, ez da iritsiko Madonnaren mailara. Star system delakoaren izen handi batek euskaraz egingo balu kantu bat, horietako hit parade bat, akaso orduan bai, orduan modan jarriko litzateke euskara nerabeen eta gazteen artean, hainbeste Ukan eta hainbeste Kilometroak–en beharrik batere gabe.
Aitor dezagun egia: gaur, gazte askorentzat, euskarari kalimotxo eta txosna usaina dario. Edo okerrago, gasolina eta bolbora usaina. Edo are gaitzagoa, eskola, irakasle eta kalifikazio usaina. Gainera, zer arraiotarako behar dute hizkuntza nardagarri hori? Ederki asko bizi dira los aitas halakorik gabe. Euskara pelmada bat da, Lizardi, Detxepare eta hori guztia. Ez duzu konparatuko Paulina Rubiorekin edo Van Goghen Belarriarekin. Atsekabera baino, atseginera jotzen duen aberea baita gizakia.
Gaur eta hemen, gazteek ez dute euren kontsumo beharra osorik euskararen bitartez bizitzeko aukerarik, musika, moda, internet…. Liluragarri suertatzen zaizkien gauzarik gehienak, beste hizkuntzetan jaso beharrean aurkitzen dira, euskararen industria ez baita gauza globalizazioaren uholdeari aurre egiteko. Horregatik izango da, ligatzeko orduan, gaztelaniara eta frantsesera jotzen dutela kasurik gehienetan. Euskara ez da batere cool.
Badakit sinpleegi ari naizela jotzen azterketa honetan, topikoak baizik ez ditudala aipatu orain artean, eta badirela kontrako kasuak ere, baina liburuen kontsumoari begiratzea aski da egoera ez dela txantxetakoa ikusteko: EAE-n saltzen diren ehun liburutatik, hiru bakarrik dira euskaraz, ingelesezkoen pareko, ia. Zifra horiek larriagoak dira gainerako industria kulturaletan: zinean, antzerkian, musikan… Horixe egoera.
Hala ere, ordea, tematuta gaude: gehienok euskara nahi omen dugu etorkizunean ikusi. Nola lortu hori? Bada, beste gauza guztiak lortzen diren bezala: legeen bidez, geuk erabakitako legeen konplimenduaren bidez. Nola bestela?
Ematen du beldurra diogula hemen argi hitz egiteari. Batzuek ez, hala ere. Joseba Arregik Wall Street Journal-en honakoa dio: “It’s just no good for everyday conversation. When a language is imposed, it is used less, and that creates a diabolical circle of imposition and backlash.”, hemengo deabru zirkulu guztiak euskararen aldeko legeek bakarrik sortuko balituzte bezala.
Ederra marka gure sailburu ohiarena, bere garaiko erabakiak inposatu izan ez balizkigu bezala. Izango da, berarekin bizi izandako batek zioen bezala, “Arregik ezin du lagunik ukan. Maite bazaitu, zeure kontra oldartuko da egunen batean”.
Horixe da hemen kontua, Madonnak mesede adina egin dezakeela Wall Street Journalek kaltea. Zenbait Salomon indigenaren laguntzarekin, jakina.

 

Hasier Etxeberria. El Mundo. 071110

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

5 pentsamendu “Mesedearen kaltea”-ri buruz

  • Lasai, orduan salbu gaude! Gazteak La Orejako Amaia eta Mikel Erentxun jarri ditu euskeraz kantuan…

  • Kaixo Hasier.

    Ez nuke nahi lanik ematea, baina artikulu honek jakinminez utzi nau, zein izan ziren alde batetik Arregik inpostatutako erabaki haiek, eta bestetik, zein diren zure ustez deabru zirkulu hoiek, euskera sustatzeko legeekin zerikusirik ez dutenak.

    Ahal bada edo ondo badator, erantzun, eta bestela ba, lasai. Lasai bizitzea da bizitzea, bestea ez da bizitzea.

    Zorionak blogarengatik, eta bestela.

  • Poza da Patxitrapero besteko jende agurgarria gurean ikustea. Artikuluan, zera esan nahi nuen, Arregik bere denboran egindako lege eta erabaki guztiak, orain euskararen alde egiten direnak bezain inposatuak izan zirela, horixe baita, azken finean agintea. Hala ere badira orduko batzuk ez ahazteko modukoak, esate baterako, Arregik Sevillako Expon xahutu zituen milaka milioi pezetak, nahiz eta jende askok ez zuen argi ikusten gastu hura. Sorgin zirkuluen adibide gisara, ostera, beste kasu bat aipa dezakegu: Guggenheim eraikitzeko erabakia, teorian euskal kultura eta artegintza bultzatzeko asmoz, Arregiren Kultura Departamentutik (batez ere) ordaindu zena. Etc. etc.:

  • Joseba jauntxit gorenari argitasun oro aitortu eta lehendakaritza eskainiko bagenio, bakea emango liguke akaso, baina ez dugu ikasten… merezita dauzkagu… euskararenak eta beste aje guztiak.. ezjakin halakook!

  • Solomon.R.G. 2007-11-19 11:56

    Arregi gizarajoa. Bart arratsean ikusi nuen Kalaka saioko igandeko errepikapenean. Gauza bat bakarrik ez dut erraten ahal: Nazkagarri eta batez ere errukigarriya!

    Kopeta behar du gizakiak! egin dituenak eginda eta oraindik lezioak eman nahian. Ezin izandu nuen eraman eta telebista itzali nuen “Heroes” telesail bikainak utzitako ahozapore gozoa ozpinduta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude