Medikuntza euskalduntzearen aldeko elkarretaratzea martxoaren 28an

Kontzentrazioa12

Basurtun bilduko gara arratsaldeko 19:00etan osasungintza euskalduntzearen alde.

Eskubideen herrian bizi gara. Legeak eta arauak maite ditugu: justizia darabilgu ahoz aho. Ahoa betez. Aho batez. Demokratak gara, eta koherenteak batzuetan. Euskaraz ikaste hutsa euskara gaitasun ziurtagiri potoloak lortzeko aski den honetan, medikuntzako ikasleok badugu zertaz kezkatu. Ekuazioa sinplea da: euskaraz ikasten ez dugunok ez dugu ziurtagiririk lortuko. Nahi eta ezina.

 

Txantxak alde batera utzita, bada benetan kezkatzen gaituen arazo potoloagorik (ekuazio sistema sinplekoa hau ere): etorkizuneko medikuek euskaraz ikasi ezin dugun bitartean, zaila izango da gaixo euskaldunak euskaraz artatu ahal izatea.

 Gu jaio aurretik hasi zen EHU euskalduntzen eta geroztik euskaraz ikas daitezkeen karrerak asko badira ere, prozesu honetan unibertsitatea Osakidetzarekin elkarlanean aritu beharrak medikuntzaren kasua zailtzen du. Eta oraindik ere, ez da erdira heltzen euskaraz jaso dezakegun irakasgai kopurua bigarren zikloko lau irakasguneetako bakar batean ere: Donostian %55, Basurtun, %40, Gurutzetan %20 eta Txagorritxun %0. Egoera antzekoan aurkitzen dugu geure burua ikasle mozorroa kendu eta paziente papera hartzen dugunean: oraindik ere leku gehiegitan da pribilegio mediku batek euskaraz artatzea.

 Honen aurrean ezin besoak gurutzatuta gelditu. Eta ez dugu horrelakorik egin. Urte eta erdi bada Medikuntza euskaldundu! plataforman bildu ginenetik. Geroztik, asko izan dira medikuntza euskalduntzearen alde gauzatutako ekimenak: dekanotzarekin elkarrizketak, kexu instantziak, iazko itxialdia, etorkizuneko ikasleei informazioa banatzea… Aurten berriz, barne lanketan aritu gara ikasturte hasierako jaialdiaz geroztik, eta iritsi da berriz ere kalera irteteko garaia.

 Asteazkenean, martxoak 28, Basurtuko ospitalearen sarreran bilduko gara euskaraz ikasteko eskubidearen alde arratsaldeko 19:00etan. Bihar euskaraz sendatu nahi badugu, ezinbesteko zaigu hitzordu honetan ahal beste elkartzea. Zure zain,

 

Medikuntza euskaldundu!