Makilasalda eta politikagintza ez dira gauza bera

cc-by: daquella-manera
cc-by: daquella-manera

Negoziatzera ez esertzea eta batasunatarrekin  hitzik ez egiteak dirudi egokien, baina datuek diote ETArekiko atxekimenduen jaitsierak, negoziazioak eten direnetan gertatu izan direla. Eta kontrara, Batasunaren ingurua estutu izan denetan —giza eskubideen zenbait zapalketa barne—, arnasa eman izan zaiola mugimendu horri.

Joan zen astean ederra piztu zen Gernikan, zenbait lagun presoen aldeko kalejira egiten hasteagatik jipoitu zituztenean. Donostian, Getarian eta hainbat lekutan ere izan dira antzekoak. Ilustragarria oso Zaldieroren zinta.

EAEtik kanpora ere berdintsu. Aste honetan bertan, Iruñeko bi taberna ixtekota izan dira tabernariek ETAko presoen argazkiak ez zituztela kendu nahi eta, azkenean kendu behar izan zituzten arren. Esan ez den kontuetako bat da, euretako batek ingeradak edo siluetak jarri dituela ordainetan. Delitua ote hori ere?

Askok uste dugu fase honetan sartzeak, erreklutamendu berriak ekarriko dituela, biolentziari izen ona eta sozializazioa gehituko diotela. Eta ez hori bakarrik: deskuidatu ezkero, Espainiako demokraziarekiko fede eza eta politikagintzaren amaiera ere ekar ditzakeela.

Ez baita ahaztu behar, halako erabakiak hartu dutenenk parean duten jendetza, frankismoari aurre egin ziona bera eta haren oinordekoek osatutakoa dela. Frankismoaren suzedaneoren batekin erasota ere, halakoetarako txertatuta daude aspaldi.

Bitartean, gainerakook ez gaude antipolitikaren aurka txertaturik.

Zorte on, beraz, Patxi, beharko duk eta, machote.

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, baina zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.