Luzokerraren bertuteak

Luzokerra1.200 baino gehiago dira luzoker edo pepino kutsatuen ondorioz infektatutako pertsonak Alemanian. Kutsatuez gain, 14 lagun hil dira dagoeneko E.coliak jota. Alemaniak gurutze beltza margotu du inportatutako luzokerren gainean eta haien kontsumoa mugatu du. Baina orain, luzokerraren bertuteei buruz mintzatuko naiz.

Luzokerra jatorriz Indiakoa da eta antzinatik landu izan da Mediterraneoko arroan. Greziarrek eta erromatarrek luzoker ugari kontsumitzen zuten eta Cesar Augusto eta Tiberio enperadoreek egarria luzokerraren ore urtsuaz maiz asetzen zutela esan ohi da.

Barazki osasuntsu honek 15 kilokaloria ditu soilik 100 gramoko; hori dela eta, argaltzeko dietetako izarra da. Kaltzioa, magnesioa, potasioa, fosforoa, burdina, zinka, selenioa eta beste oligoelementu ditu; adibidez, erepsina, hesteak germen patogenoez garbitzen dituen entzima. A, B, C, E, eta K taldeko bitaminak ditu.

Zertarako da ona luzokerra?

  • Likido metaketa deusezten laguntzen du.
  • Argaltzeko dietetarako aproposa da.
  • Arazgarria da eta organismoko toxinak eta zikinak kanporatzen laguntzen du.
  • Odoleko glukosa maila gutxitzen laguntzen du.
  • Idorreriarentzako ona da.
  • Reuma eta artritisarentzako ona da.
  • Giltzurrun-kalkuluak izateko joera duten pertsonentzako egokia da gehiegizko azido urikoa kanporatzen laguntzen duelako.

Luzokerra sukaldean

Luzokerra baliabide bikaina da mota guztietako platerak prestatzeko: entsaladetarako, jogurta edo gaztarekin hartzeko, edota bakarrik jateko hainbat belar usaintsuz lagunduta: oreganoa, menta, albaka, tipulina… Hainbat saltsa prestatzeko aukera ematen du ere: gazpatxoa, krema hotzak… Sukaldean.com gunean ere badituzu lau errezeta bikain http://sukaldean.com/etiketa/luzokerra/

Azala leuna, berdea eta orban horirik gabe dutenean erosi behar dira luzokerrak. Konpaktuak izan behar dute, uztatik denbora asko pasa bada, aroldu egiten dira eta. Hozkailuan gordez gero, bi astez ederki mantentzen dira.

Elikadura-informazioa

100 gramo bakoitzeko, luzokerrak ondoko osagaiak ditu:

  • Kaloriak: 15 kilokaloria
  • Karbohidratoak: 3,63 g
  • B bitamina: 0,25 mg
  • C bitamina: 2,8 mg
  • E bitamina: 0,03 mg
  • K bitamina: 16,4 µg
  • Kaltzioa: 16 mg
  • Magnesioa: 13 mg
  • Fosforoa: 24 mg
  • Potasioa: 147 mg

Luzokerra eta kosmetika

Kanpotik erabilita, luzokerrak azala babesten eta sendatzen laguntzen du, alzalaren pH bera duenez, elikatu eta freskatu egiten baitu.

Xerra batzuk begien inguruan jarrita, begietako nekea arintzen dute. Gainera, narritatutako edota gehiegizko eguzkiaren ondorioz erretako azala arintzen du ere.

Horrez gainera, azalaren zainketarako produktu askok luzokerra dute osagaien artean: azala elikatu eta indartzeko, akneari eta antzeko zikinkeriei aurre egiteko, zimurrak leuntzeko, eta abarretarako.