Lortu dugu! Android 5.0 euskaraz izango da! Zorionak!!

Ia urte bete ezer idatzi ez dugula blog honetan… urte oso bateko lanaren ostean, eta kasu zipitzik egiten ez zigutela ohartu ostean, proiektua in-pass egoeran zegoen. Azken aldian Librezalek bideratuta eta itzulpenak nolabait aprobetxatzearren, CyanogenMod 11 itzulpenetan berrerabili ziren adibidez. “Gutxienez, jakintza teknikoa duen erabiltzaileak instalatu ahal izan dezala!” pentsatu genuen… Baina atzo gauean iritsi zen sorpresa:  Android 5.0 (Lollipop) euskaraz ere izango dugula beste 15 hizkuntza berrirekin batera.

Orain arte behintzat, euskal komunitatean inork ez daki ez noiz, nola eta zergatik erabaki duen Google ahalguztidunak bere sistema eragile arrakastatsuan gure hizkuntza ere integratzea. Gure latak eraginik izango ote zuen? Edo agian CyanogenMod itzultzen hastea izan da detonantea? Ez dakigu. Ez dakigu beraz, guk hainbeste denboran eginiko ahaleginak balio izan duen. Gure itzulpenak erabili al dituzte Lollipop bertsiorako edo itzulpen profesionala kontratatu dute? Auskalo!


Argazkiak.org | Android 5.0 © cc-by-sa: urtzai

Egia esan horrek ez digu askorik axola eta lan honetan parte hartu duzuen guztioi zorionik beroenak eman besterik ez dugu!!

Gora zuek! Gaur ospakizun eguna da!

P.D: Mila esker Argia, erreakzio hauek biltzeagatik. Orain arteko ibilbidearen informazio gehiago: androideuskaraz.akting.eu/blog

Puntako teknologia ere geure hizkuntzan nahi dugulako. Android Euskaraz plataforma.