Lin-ajea edo “los de fuera”

Lin ajea edo “los de fuera”

Nire arbola genealogikoa egin behar izango banu, gainetik ditudan ardaxka zahar gehienek galdera ikur forma izango lukete. Arbasoen basoetatik guztiz galduta ibiliko nintzateke, galderondoz inguratuta.

Zer enborretatik sortu nintzen jakite eza horrek, paradoxa badirudi ere, nora joan izan nahi dudan dexente argitu didalakoan nago. Hona ekarri nau, hemen nago.

Lin ajea edo "los de fuera"

Nondik hasi errelatoa? Zamora eta Portugal arteko mugan, gaur egun existitzen ez den herrixka batean? Cubako hazienda batean? Santoñako traiziozko hondar artean? Arenaleko banku baten gainean emandako gau horretan? Epopeya bat edo errealismo magikoko eleberria idazteko materiala emango lidake aitonaren bizitzak. Akaso egunen batean … baina ez orain.

Basaurin hasiko naiz, Firestone fabrikaren pareten artean bukatu baitziren aitonaren ametsak. Bukatu edo hasi. Gerra bat galdu behar beste bat aurkitzeko, eta hori, bigarrena, irabazteko.

Imagina dezakezuenez, aintzineko edo tradizio hitz arras arrotzak izan dira beti niretzat; ez ipuin zaharrik, ez lo-kantarik sutondoan, ez sutondorik…

Che Guevara akatu zuten egun berean jaio nintzen, zenbat irauten duen arima baten bidaiak Boliviatik Basaurira ezin izan dut inoiz argitu, baina serendipia zale amorratua naizela aitortu beharra daukat.

Miguel Hernandezen “El niño yuntero” eta “Nanas de la cebolla” nire haurtzaroko soinu-bandaren top ten-ean zeuden; sobietar batasunaren ereserkiaz kulunkatzen ninduten, Internazionala abesten bukatzen ziren familia arteko ospakizunak.

Gogoratzen dudan lehenetariko kontakizunak ez zeukan zerikusirik Mateo Txistu edo Xabiertxo edo euskal folklore tradizionalarekin. Santa Maria de Iquiquen gertatutako sarraski basati krudelaren istorioa Quilapayun taldeko ahotsetatik jaso nuen, espantuz. Eta banekien vietnamdarrak txikiak izan arren horrelako bihotz handiak zituztela.

Beraz, edukazio sentimentala nahiko heretikoa, erratikoa, heterodoxoa eta ikonoklasta nirea. Errumaniar marrazki bizidunak ikusten genituen, Heidi eta Pippi heldu arte. Salto egiten genuen Victor Jaratik Julio Iglesiaseraino, segurtasun sarerik gabe.

Mikel Laboa beranduago heldu zitzaidan. Baina heldu zenean, betirako geratzeko izan zen.

Batek daki! Mikel Laboarengatik ez balitz Minnesotan biziko nintzateke, agian.

Aizarnazabal edo Minnesota, that was the question. Eta garbi ikusten duzuenez to be aukeratu nuen. Euskalduna izatea aukeratu nuen.

Zer demontre galdu nuen nik Minnesotan bada?

Lin ajea edo “los de fuera”

arbasoak, heziketa sentimentala, jatorria

Zer duzu buruan “Lin-ajea edo “los de fuera””-ri buruz

  • Ni gaztea naiz, argi ezagutzen ditut nere arbasoak, zuhaitz genealokiko nahiko konkretu eta luzea eratu zuen familiako batek eta ezagun dut. Baina geien axola zaidana, nere aiton amonem, birraitonamonen, arbasoen historiak, know-how eta kultura, familian transmitituta izan dena. Nere herriko historia eta hixtoriak ezagutzea, hau da, mundu honetan beste edozein kulturak bere arbasoetaz dakiena.Nola ziren lehen gauzat orain zergatik diren horrela.Historia hauek pertsona konkretuen pasadizoetatik, euskal herriko gizartea ekonomia eta kulturaraino doaz, honek ikuspegi zabalagoa ematen dit gure
    herriaren GRAFIKO OSOA ikusi ahal izateko.Izan ere ez badakizu nondik zatozen ezingo duzu jakin nora zoazen, zure grafikoa gorantzkoa edo beherantzkoa ote den.
    Egia esateko, planeta honetako beste herri askok piztu dute nire kuriosidadea, argi dago
    nor zaren jakiteko nondik zatozen jakin behar duzula, bi gauza hoiek ez badakizkizu gaurko botereen esklabu bilakatzea errezago da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude