Leihotik begira

Leihotik begira

Leihotik begiraLeihotik begira igarotzen dugu eguna. Bizilagunaren peskizan, geureari axolagabe, aldamenekoari so, norberarekin ganoragabe, zilborrera begiratu gabe. 

Espainia eta Frantzia bihurtzen ari gara. Espainia eta Frantzia gara, hein handi batean. Gure lurrak eta jendeak bizi duen okupazioa luzatu nahi duten agenteek jarrera eta jokamolde batzuk izateak ez nau harritzen, logikoa begitantzen zait. Baina mintzen nau praktika bera etxekoengan ikusten dudanean.

Twitter edo Facebook kontu bat daukan oro komunikatzaile potentziala da. Bere mezuak, bere gaiak, bere lehentasunak 100, 1.000 edo 10.000 lagunengana iristen dira. Bakoitza bere eskala txikian, baina euskal erabiltzaileak eskala handiko indarra gara Euskal Herriko espazio birtualean. Badugu eragina, badugu iritzia, badugu perspektiba ezberdina eskaintzeko gaitasuna; baina askok ez dio heltzen.

Zenbat Espainia txioetan, zenbait txio espainieraz, zenbat République, zenbat “nazio eraikuntza”. Ederra atarramentua. Denak Madrilen CIES delakoan egon den tentsioaz, baina begia gutxik jarri dute Miarritzekoan; espainiar kongresua, PSOE, Pablo Iglesias eta antzekoez ito arte, ito arte, ito naiz kasik. Interes puntua zegoela teorian erabakitze eskubidea errespetatzeko prest agertu zen koalizio bat gobernura iritsi zitekeelako? Ados. Baina aspaldi geratu da garbi teoriak direla, eta aspaldi geratu da garbi gobernua PP-rena izango zela. Ia. Kito. Pasa da, amaitu saturazioa. Ez naiz EITB-ri ari, sare sozialetako erabiltzaile euskal herritarrei baizik; EITB-ri gaur hemendik eskatu nahi diodan bakarra Tronuen Demaz eguneroko publierreportaia kentzea da.

Ez gara hitz egiten ari EAE eta Nafarroaren artean josi daitezkeen harremanez; Ipar Euskal Herrian sortu berri den egoeraz gutxi entzuten dut gure jendea; Udalbiltza egiten ari den lanaz, edo egin beharko lukeenaz. Elkargo berri batek ze harreman ekonomiko, politiko eta kultural josi ahalko lituzke Nafarroarekin, edo EAE-rekin? Ba al daude aukerak hiru admnistrazioak batuko dituzten akordio mota ezberdinei ekiteko? Nolakoak behar dute izan?

Nola eraiki daiteke praktikan Euskal Herria? Instituzio batzuek gauzak erraztu ditzakete, borondatea egonez gero, eta ez nago prest eskua sutan jartzeko; baina demagun baietz. Demagun EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko administrazio publikoek erraztasunak jartzen dituztela hainbat aspektutan. Herritarrok ez badugu eraikitzen sozialki ez du ezerk balio; eta nazio eraikuntzaren eremu zinez esanguratsua da sarea.

Hitz egiten dugun hori gara; eta ez gara kasik Euskal Herriaz ari. Gehiago begiratu beharko ginateke ispiluan, eta gutxiago egon leihotik begira; gainera, paisaia ez da batere polita. 

Leihotik begira
EAE, Espainia, Euskal Herria, Frantzia, Leihotik begira, nafarroa, nazio eraikuntza, sarea, zazpiak bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude