Lea-Artibaiko hiru udal handienek diru laguntza ukatu diote HITZAri

Maiatzean, udal horiek Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren bitartez ematen zuten 35.000 euroko diru laguntza kentzea erabaki zutenean mankomunitateko aurrekontuetatik egin zitzaien, berriro, bana-banako eskaria. Orain etorri da behin betiko erantzuna: euro bakar bat ere ez euskarazko eskualdeko egunkariarentzat.

Mutrikuk eta Lea-Artibaiko beste udalek jarraituko dute Hitzari diru laguntza ematen; kasu batzuetan 3 euro emanez biztanleko eta urteko (Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga eta Munitibar); beste batzuetan 2 euro biztanleko eta urteko (Ispaster eta Mutriku), eta Etxebarriaren kasuan, euro 1.

Lea-Artibaiko udal nagusienen ukoaren ondoren, 19.709 euro dira, guztira, Hitzak udaletatik jasoko dituenak aurten. Egunkaria ekoitzi, inprimatu eta banatzeko egin behar den gastuaren %4 da hori.

Marka tristea ezarri dute Lea-Artibain, beraz. Izan ere, gutxi edo asko, Hitza egunkariak argitaratzen diren beste eskualde guztietako udal guztiek, agintean zeinahi egonda ere, diruz laguntzen dute euskara hutsezko euren eskualdeko egunkaria.

Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zion ezelako diru laguntzarik eman 2003tik 2007ra; (aurten 13.291 euro). Salbuespeneko egoera izan da hori ere, Gipuzkoako Hitza egunkari bakoitzak urtean 30.000na euro baino gehiago jasotzen baitu hango Foru Aldunditik.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzaren aurtengo gastuen aurrekontu osoa 473.952 eurokoa da. Horietatik 387.985 euro baliabide propioetatik ordaintzen dira: harpidetzetatik, publizitate salmentatik eta zerbitzuen eskaintzatik. Beraz, bertoko Hitzak bere gastuen %82 hornitzen ditu baliabide propioekin. Hitza guztien artean autofinantzaketa maila altuena da, eta euskara hutsezko hedabideen artean ere altuenetakoa.

Euskara hutsezko hedabideen egoera, orokorrean ere, segurtasun faltak markatutakoa dela salatu izan dute sarritan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan batutako eragileek. Hizkuntza txikiak merkatu txikia baitu, berez; eta horregatik, derrigorrezkoa egiten zaio laguntza publikoen politika bermatzailea. Oraingoz, falta dena.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza proiektua bera itota geratu baino lehen, neurriak hartu beharko dira, epe motzean. Bideragarritasun ekonomikoa bermatze aldera, proiektuaren dimentsioa doitu beste biderik ez da egongo.

(Lea-Artibaiko Hitzak bidalia)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.