Le corsaire Pellot

9782842653231.jpg
Frantsestuta nabil aspaldion. Ez dakit INESAREN BALADA nire eleberriaren segida idatziko dudan noizbait, baina harako armak ari naiz kargatzen. Ez dut folio alu bat baino idatzi, baina idazpurua aldatu diot dagoeneko: MARLAXAKAREN HEGADA izatetik, INESAREN HEGADA izatera aldatu dut. Azken bi irakurketak Phillip Blom-en ENCICLOPÉDYE eta LE CORSAIRE PELLOT izan dira. Primeran datozkit biak ala biak, girotzeko. Apasionantea baita, zinez, Iraultza garaiko Frantzia, eta ondorengoa urteetakoa ere bai, juxtu Inesaren garaia, XVIIIgarrenaren amaiera eta XIXgarrena: Iraultza Frantziarra, Iraultza Industriala, Ancienne Regime-ren finiera, Trenaren etorrera Hendaiara, Kortsarioen amaiera itsasoetan… Aspalditik nuen Thierry Sandre-ren liburua etxean, baina frantsesez irakurtzeak ematen didan ahalkeari aurre egin ezinik, hortxe zegoen, apalean traban. Antza denez, Thierry Sandre hori, Charles Moulié baionarra izan zen, 1924garrenean Goncourt saria irabazitakoa Le Chévrefeuille eleberriarekin, XVIgarren mendeko literaturan aditua. 1950garrenean hil zen, baina, LE CORSAIRE PELLOT 1932an idatzitakoa da. Kuriosoa da liburua alde askotatik. Euskaldunoi dagokigunean, zer esanik ez. Esaterako harritzeko modukoa da euskal izaerari buruzko iritzi erromantikoa. Arkadia moduko batean bizi omen ziren Iraultza aurreko euskaldunak, Uztaritzen zutelarik haien Aginte Asanblada. Eta hala, Pellot kortsario aparteko bat aurkituko dugu liburuan zehar, Erregea, Errepublika eta Napoleonen Inperioaren alde aritutakoa itsaso zabalean, berdin zitzaiolarik nork zuen Frantzian agintea: euskalduna eta kortsaria zen, ez besterik. Ikusten da Sandre ohituta dagoela artxiboak eta besteen lanak erabiltzen. Honakoan DUVOISIN kapitainak idatzitako LE DERNIER DES CORSAIRES OU LA VIE D’ETIENNE PELLOT MONVIEUX darabil (Zumalakarregi museoko Mikel Alberdi lagunak utzita irakurri nuena INESAREN BALADA idatzi ahal izateko), alde batetik haren gehiegikeriak salatzeko (80 urte zituela kontatu zizkion bere ibilerak Pellotek Duvoisini, laudoriozko oroitzapen bat uzteko), baina, bestetik, ikusten da Sandrek laket duela Duvoisin-en lana, behin eta berriz erreproduzitzen baitu. Hitz bitan esateko, jakinmina behar da liburu honetara hurbiltzeko, baina behin sartuta zaudelarik, arras interesgarria da irakurketa garai biren ulertzeko: Pellotena eta egilearena berarena. Azken honek egundoko gorrotoa die ingelesei, estatubatuarrei eta enparauei. Iparraldeko euskaldun askok duen min berak bizi du: ametsetako Euscaldunie haren galera. Arras bitxia eta, niretzat, guztiz erabilgarria.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)