Kutxabankek euskararekiko eta euskaldunokiko duen jarrera salatzeko ekimena jarri du abian EHEk

Kutxabankek euskararekiko eta euskaldunokiko duen jarrera salatzeko ekimena jarri du abian EHEk

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kutxen bategitea eman zenetik bezero euskaldunon kexa ugari hedatu dira Kutxabanken jardunak eragindako hizkuntza eskubideen urraketen inguruan. EHEk abiatu duen ekimenaren helburua, herritarren aktibazioaren bitartez, entitateari ahalik eta kexa gehien helarazi eta Kutxabankek euskara eta euskaldunokiko duen jarrera aldaraztea zein bertan ere euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eragitea da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kutxen bategitea eman zenetik euskaldunon kexa ugari jaso ditu EHEk afera honen inguruan, Kutxabankeko bezero zein langile batzuen aldetik.

Zentzu horretan, eta kexa gehienak Gipuzkoatik iritsi direnez, EHEko hainbat kide Gipuzkoa Donostia Kutxak Donostian duen egoitza nagusian izan ziren atzo (2013-05-22) bertako arduradunei beren salaketa eskura emateko asmoarekin. Donostiako EHEko lau kide eta EHEko Xabat Laborde aipatu egoitzan sartu eta Kutxako hizkuntza kudeatzailearekin biltzea eskatu zuten lehiatilan. Honek jarraian hartu zituen eta EHEko kideek eskura eman ahal izan zioten, hitzez eta idatziz, euskaldunok Kutxabanken jasotzen dugun tratutik eratorritako egoera lazgarri honen aurrean egiten duten irakurketa. Ordu bete inguru iraun zuen bilerak. Kutxako hizkuntza kudeatzaileak, jarrera adeitsuarekin, EHEren salaketa Kutxabankek Bilbon duen zuzendaritzara igortzeko konpromisoa iragarri zien euskaltzaleei.

Bestalde, Gipuzkoako hainbat herritan (Zarautz, Orereta, Donostia, Billabona, Oiartzun eta Arrasate kasu) salaketa ekimenak egiten ari da EHE aste honetan zehar. Ekimen horien helburua herritarrei euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa hau salatzera deitzea da. Horretarako, ekintza ezberdinak ari dira burutzen: herritarrei informazioa banatzea, euskaraz artatzen ez dituzten bitartean bulegoetako ilarak blokeatzea, urraketak jasan dituztenei salaketak egin ditzaten galdegitea, bulegoak euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketen kontrako mezudun kartelez jostea…

Kutxabankeko arduradunei helarazitako idazkia:

Kaixo,

Kutxako ordezkari zaren heinean, Donostiako Euskal Herrian Euskaraz taldearen izenean honoko mezu hau helarazi nahi dizugu:

Azken hilabeteetan Kutxabankeko bulego eta sukurtsaletan euskaldunok geure hizkuntza eskubideen urraketa-kate berri bat pairatu behar izan dugu. Bezeroei arreta eskaintzeko postuetan erdaldun elebakarrak diren langileak ezarri dira, eta, ondorioz, urte luzeetan euskaraz normaltasun osoz egin ahal izan dugun bulegoetan erdaraz mintzatzera behartu gaituzte. Jakin izan dugu egoera honek hainbat herritarrei ezinegona sortu diela eta kexa zein erreklamazio ugari bideratu direla Kutxabankek horretarako ezarri dituen bideak erabilita. Eskaera hauei entzungor egin die Kutxabankek eta euskalgintzan gabiltzanon belarrietara ere iritsi dira egoera hau salatzen duten herritarren ahotsak. EHEtik hizkuntza eskubideen urraketa hauei erantzun bat eman beharra ikusi dugu eta euskaraz bizi nahi duten herritarrei dei egiten diegu salaketa dinamika honetan parte har dezaten.

Euskaraz bizi nahi dugun herritarroi orain artekoan ez genuen beste oztopo bat sortu digu Kutxabankek eta hau erabat onartezina dela deritzogu. Baina, zoritxarrez hau ez da Kutxabanken hizkuntza jardueran nabaritu dugun hanka sartze bakarra.

– Euskara hautatuta zeukaten bezeroen hizkuntza aukera ere urratua izan da, kutxazainetan gaztelania lehenetsiz.

– Duela urte batzuk eta ahalegin handia eginez Kutxan barne mailan erabiltzen zen sistema informatikoa euskaraz ezartzea lortu zen.  Sistema informatiko hori aldatu egin da berriki euskara baztertuz eta erdara hutsez funtzionatzen duen sistema bat ezarriz.

– Kutxarekin harremana euskaraz egitea eskatu zuten hainbat bezerok gutun zein jakinarazpenak euskaraz jasotzea lortu zuten. Baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kutxen bateratzea eman zenetik erdaraz jaso dituzte berriz.

Urte luzeetan Gipuzko Donostia Kutxan garatutako euskara planaren ondorioz lorpen esanguratsuak egin ziren euskaldunok aurrezki kutxarekin dugun harremana arlo guztietan euskaraz izatea ahalbidetzeko bidean. Baina kutxen bateratzearekin egindako lan guztia bertan behera geratu da Gipuzkoako Kutxaren euskalduntzean emandako urratsak ezer ezean utziz. Hainbaten iritziz euskalduntzeari dagokionez Gipuzkoako Kutxak 20 urte atzera egin du bat-batean eta hori arduragabekeria itzela dela deritzogu.
Honenbestez, herritar eta euskaltzale orori deia luzatu nahi diogu bere ohiko bulegoan euskaraz artatzea oztopatzen zaionean salaketa egin eta kexa bat bidera dezan.

Horretarako, bulegoan bertan erreklamazio orria betetzea edota Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eskaintzen digun telefonoaren zein www.euskararentelefonoa.com webgunearen bidez aipatu jazarpenak salatzea proposatzen diegu herritarrei.

Euskal Herrian Euskaraz
Donostian, 2013ko maiatzaren 22an

Kutxabankek euskararekiko eta euskaldunokiko duen jarrera salatzeko ekimena jarri du abian EHEk

Gerturatu ta lau !

Zer duzu buruan “Kutxabankek euskararekiko eta euskaldunokiko duen jarrera salatzeko ekimena jarri du abian EHEk”-ri buruz