Kutsaturik dago gazteria

Urtero polemikaz beterik etorri ohi da NUPeko ikasleek antolatzen duten Karpa edo ‘Irekiera Paraleloa’. Ikasbidaia ordaintzeko dirua biltzea da besta egun honen xedea eta horretarako hartutako bideak urtero kritikatuak izan dira oso ikasle sektore baten aldetik. Iruñean, eta Nafarroan, gazte gehien mobilizatzen duen besta izan daiteke hau. Milaka ikasle murgiltzen dira alkohol artean egun osoan zehar; musika eta eromen orgia erraldoia da. Baina zer da Karpa jomugan paratu ohi duena? ?

Alde batetik euskararen erabilera eza leporatu zaio behin baino gehiagotan, izan ere, urtero erdaraz soilik mintzo baitira haren kartelak. NUPeko ikasle aunitz euskaldunak izanagatik eta batzuek -ahal duten gutxi horiek- euskaraz ikasiagatik, euskarak ez du lekurik karteletan ezta bestan bertan ere. Karpa ez omen da euskaldunendako toki aproposena, nahiz euskaldun aunitz biltzen diren bertan. Bestalde, Karparen babesle nagusietako batengatik ere kritikatua izan ohi da. Diario de Navarra Nafarroako egunkaririk atzerakoienak babesten du gazte gehien biltzen dituen besta.

Baina aurten marka oro haustera dator NUPeko ikasleek antolaturiko jaialdia. Kartelean, Barbie baten hankak ikus ditzakegu, mini gona bat jantzirik eta lokatzez zikindurik. Barbie bat dela imajinatu dut, izan ere, argiak hanketan jotzen diolarik plastikozkoak baitirudite. Hanka fin-finak, beso argalak eta bururik ez (zertarako?). Lokatzez blai dugu NUPeko ikasleek ikasleendako prestatu duten objektu sexuala eta hanka-tartea eskuekin biltzen du, aitzinean duen kamaleonak kuleroak edota bagina ez diezaion ikusi. Adi-adi dago animaliatxoa, kamuflaturik, objektu sexuala erailtzeko aukeraren zain.

Lotsagarria da emakumearen gorputz atal batzuen erabilera hau. Are deitoragarriagoa iduritzen zait unibertsitateko ikasleak erakartzeko erabiltzea. Ikasle naizen heinean, ezin dut onartu niri ere bideraturiko kartel hau. Matxismoa erabat barneraturik dago gazteriaren buruetan, oraino ez gara gai antzemateko zenbateraino dizkiguten sartu sistema patriarkal honen kontzeptu, balore eta estereotipo matxistak.

Twitterren hasi da salaketa (#carpa11) eta hedatuz joanen dela espero dut. Zoritxarrez aurten ez da euskal jairik izanen. Zoritxarrez aurten ezinen dugu euskaldunok gozatu, ezinen dugu feministok gozatu. Gogoan dut oraino 2008an euskal jaia iragartzeko erabili zuten kartela. Sexua iradoki zuten, sexu eszenak antzeztu zituzten kartelean, baina sexu sanoa. Mutilak eta neskak, normalak, benetako ikasleak, aske. Kutsaturik dago ikasleria, kutsaturik gazteria. Matxismoak kutsatu zuen aspaldi eta oraino berdinetan gaude.

NDc1MA==

BARDO GORRI NAFARRA

10 pentsamendu “Kutsaturik dago gazteria”-ri buruz

  • Penagarria da. Eta kezkatzekoa. Horrelako gauzekin deprimitzen naiz pixka bat. Eta belaunaldi arduradun sentitzen naiz. Zerbait gaizki egin dugu. Ruperrek kantatzen duen bezala:
    “Hemen okerreko belaunaldikook
    ezertan asmatu ez dugunok
    norbere lotsaz ardura dadila
    gu geureaz arduratzen bezala”
    Baina gazte guztiak ez zaudete kutsatuta. Eta batzuk (askok?) mantentzen duzuen duintasunaren sugar txikiak itxaropena elikatzen du.

    Gauzak horren argi ikusten dituzuen gazteei sufritzea tokatzen zaizue. Haserrea sufritzea

  • Pello Andrearriaga 2011-03-17 23:44

    Era bat ados nago, gehienetan, bueno ia beti, garbi esanda beti, matxismoaz jokatzen dugula, afitxetan, publizitate bideotan, eta abar. Baina gauza bat galdetu nahi nuke, honelakoak egiten direnean gizonezkoak bakarrik egiten dute, tartean inoiz ez da emakumerik hori salatzeko? edo emakume batzuk ere pozik daude matxismo horrekin? edo zer gertatzen da horiekin?

  • @Pello Ba begira Peio, badirudi (hala esan didate “Comision de la Carpa”koek) kartela emakumen batek egina dela (horrekin arrazoi gutxiago eman nahi izango balidate bezala…) , TO!

    Eta honek ez du ezer esan nahi, argi dago, baina zure galderari erantzuten dio, behintzat.

    :'(

  • Amonamantangorri 2011-03-18 09:53

    Kartelaren eta festaren amua zein den: karpa gazte unibertsitario ederrez bete-betea egonen dela. Neskak, jakina. Dirudienez, parrandan maiz mutil gehiegi ikusten da.

    Amu hori diskoteketan maiz erabiltzen dute, neskei dohainik sartzen utzita, esaterako. Eta neska koadrila asko horrelakoetara pozik sartzen da, txupitoak debalde edatera. Badakite ganadu-feri batera doazela, eta etzaie inporta.

    Kartelaren egileak, emakumea izanagatik ere, ohiko erreklamu horri heldu dio. Kartela gizonentzat egina dago.

  • Ez dut uste hain larria denik hemen ikusten dugun egoera, gure inguruan ikusten dugun guztia “matxismo patriarkal “deitzen duzun hori ikus dezakegu, gauza batzuk salatzen ditugu eta ukatu erebai baina askenean denok parte hartzen dugu, nire ustez ez dugu dena matxismo moduan ikusi behar bestela gure inguruko guztia matxismo bilakatuko da. festa honartzen ezbaduzu ez parte hartu ta kito, marka imperialen publizitatea gauza hauen isladak dira, orduan, “coca-cola” edo “erbal-esence” ez duzu artuko, ez duzu erabiliko. Arazo bakarra, gizarte-publizitatearen erakarpena sustatzeko eralbiltzen diren tresnak honako hauek direla eta  ordun erabili behar  ditugu, gendea erakartzeko, eta kartel hau hori da oberen egin duen lana, ze gustokoen eta kontrakoen begiradak erakarri ditu, publizitatearen eremuan lan hona egin du, eta dirua hematen duena hau da.

    estimua dizun disenugile batek…. 

  • Amonamantangorri 2011-03-18 11:34

    Bueno Pepe…

    Nik oooorrdu luzeak pasatzen ditut gustora telebista aurrean, eta beste edozein bezain kontsumista eta desklasatua naiz, edo gehiago.

    Hala ere, ez naiz atzo jaiotakoa. Ez dut bizi nahi ezertaz enteratzen ez den mongolo baten gisan.

    “Ez dugu dena matxismo moduan ikusi behar…” Vamos a ver… Hemen jendeak gauzak ulertzen dituen bezala eta zakilpuntatik/potorroko zulotik ateratzen zaizkion moduan ikusiko ditu. AITTU? Nik ez dut nire kritika-zentzua desaktibatu behar, egintzazu zuk nahi duzuna.

    Publizitatean zabiltza, ezta? Negozio hontan millonario izatera iritsi nahi baduzu, honako hau jakitea beharrezkoa duzu. Ez dizut kobratuko: Iragarki batean ezer ez dago soberan. Kartel bat milimetroz-milimetro analizatzen ahal da, eta telebistako anuntzio bat fotogramaz fotograma: koloreak, argazkiak, letren forma, musika, den-dena. Ezer ez da modu inuzentean jartzen. Anuntzio batek bere ideologia du, gauza guztietan bezala, hor ere politika dago.

    Eta galdera: Kartel hau norentzako dago egina? GIZON HETEROSEXUALENTZAT. Punto.

  • Amonamantangorri 2011-03-18 11:55

    Eta kartela 80ko playboy baterako ongi dago, baina 2011an egina izateko, horterada bat da.

  • Badira bestelako gazteak, bai.
    Begira hauek: http://arabatakada.org/
    Jaia, Unibertsitate euskaldun eta herrikoiaren alde.

    Gauzak bestela egin daitezke, eta asko dira horretarako prest.

    Karpatik at! Arabatakadara!
    Mila esker Arabatakadalari guztiei!

  • Zuribostnerisei 2011-03-18 15:47

    Eskerrik asko artikuloarengatik. Kezkgarri eta penagarria da benetan, baina gutxienez horrelako gauzetaz konturatzen garenak oraindik existitzen direla jakiteak zerbait lasaitzen nau… Gorrotoa besterik ez zait pizten aragi gisa bezala saltzen gaituztenean.

  • Ematen duenez, azkenean kartela aldatu dute bere webgunean ageri denez:
    http://carpauniversitaria.es/4.html
    Hala eta guztiz ere, hizkuntza berdintasunari dagokionez ezer gutxi aldatu dute