Kontuz, mes ami(e)s

images1.jpg
Sustatu
-n irakurri nuen atzo, GARAko zuzendari den Josu Juaristik GAUR8 izeneko ekimen baten albiste eman duela eta euskal blogariei kidetza eskatzen diela. Halako zartada gotor bat ekarri zidan memoriak, eta ixilik geratu ezin eta, honakoa idatzi nuen bertan, nabiganteentzat abisu eman nahian: “Bai, kontuz ibili GARAko horretarako zer idazten duzuen. Neuri dagokidanean, GARA izan da kolaboratzailetzatik sekula “bota” edo “kendu” nauen bakarra. Hitz politekin, hori bai, sekula egin ez zuten eraberritze orokor bat erabili baitzuten aitzaki. Alabaina egia da Josu Juaristi eta euren guztien eskubidea ere bazela hori egin eta ni bezalako iritzi-emale “diskrepante” edo “politikoki ez zuzen bat” kaleratzekoa. Horretarako da eurena GARA, akabo ba! Kontua da, ordea, GARA sortu berriari “irekitasun” bat emateko izan nintzela deitua, eta horrexetan saiatu nintzela, batez ere, erratuak izan zitezkeen arren, ustezko terreno aske batean nire benetako iritziak idazten. Antza, itxurak baino ez ziren izan. PATRI MAITEA izeneko gutunak idazten nitueneko garaiaz ari naiz, jakina. Deblauki amaitu ziren haiek guztiak Josu Juaristi zuzendari izendatu zuten bezain pronto. Nola esaten da euskaraz “muerto el perro se acabó la rabia”? Ba, horixe sinestuta, dirudi, egin zutela purga. Aholkuak balio badu, kasu egin, beraz, eta idatzi euren elizak bakarrik onartzeko modukoak diren kontuak. Kontuz eurekiko zentzu kritikoarekin, ez dute batere maite eta. Umorerik ere ez erabili, euren gorazarrerako ez bada. Ezta burutik pasatu ere dogmak zalantzan jartzea. Galduta zeundekete, edo purgatuak, edo zentsuratuak. Gauzak asko aldatu ez badira, behintzat. Eta ez zait iritsi halako inongo gertaeraren notiziarik: solik gonbidapen modernotxo bat nire posta elektronikoaren helbidera, honela dioena “blogariak soilik”. Ene ustez beharko luke esan “gure ezpaleko blogariak soilik”. Santo Tomasena berriro: ikusi egin beharko”.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)