Kirolak ez du (hainbeste) tokirik merezi prentsan

prentsaAskok kontra egingo didaten arren, ez naiz beldur argi eta ozen adierazteko: KIROLAK EZ LUKE PRENTSA OROKORREAN TOKIRIK IZAN BEHAR. Edo beste modu batera esanda, kirol informazioak egunkarietako orrietatik at egon beharko luke. Badago kirol prentsa, zergatik nahastu kalitatezko informazioarekin?

Urrutitik datorren eztabaida da hau, munduko kazetaritza fakultate guztietan noiz edo noiz landua.

Kirol profesionaleko gorabeherek, garaipen eta porrotek ez dute gizartea inondik ere aberasten. Horiek gabe berdin-berdin bizi gaitezke, ez baitute gure bizietan eraginik. Berdin gertatzen da prentsa arrosarekin eta, horregatik, tart txikitxo bat besterik ez zaio eskaintzen  gainontzeko informazioaren artean. Zergatik ez egin gauza bera kirolarekin? 2-3 orrirekin nahikoa eta soberan dugu partiden emaitzak ezagutzeko. Kito.

Bi adibide:

  • Desagertutako Público egunkaria (papera): Kirolari eskainitako orriak: 3. Primeran. Zertarako gehiago?
  • El Diario Vasco / El Correo (papera): kirolari eskainitako orriak: 22 inguru. Nazioarteari, 5.

Berdin telebistako albistegitean. Alde batetik albistegi orokorra egon beharko litzateke eta, bestetik, kirolari eskainitako saio bereziak. Zenbait katetako albistegiek ondo bereizten dute kirolaren tartea; hala ere, laburragoa beharko luke, eta informazio zabalagoa beste saio batean.

Kultura, ekonomia, nazioarteko gorabeherak, gure inguruan gertatzen direnak, politika, iritzia, analisiak… Egungo mundua ezagutzera ematen digute, eraikitzen ari den momentuko historia ulertarazten laguntzen digute, pertsona jantziak izan nahi badugu.

Kirol kontuek gizartean benetan garrantzia duten gaietatik desbideratzen dute. Egunotan gertatutakoa ikusi besterik ez dago. Kirolak ez digu ezer berezirik eskaintzen, aisia, informazio gehigarria. Gurutzegramen eran. Horregatik, tokitxo txiki bat besterik ez du merezi; bai prentsa idatzian, irratian, telebistan edo sarean.

Askok esango duzue, “niri bost axola Sirian zer geritatzen ari den, nahiago dut Athleticek zer egin duen jakin”. Ondo, ederki. Eros ezazu ba Mundo Deportivo edo dena delakoa, Pantojaren berrienak ezagutzeko Lecturas edo Hola erosten duenak bezala. Baina ez ditzagun nahastu kalitatezko edukiak eta “informazio osagarria”.

Hori da guztia, esan beharra nuen (labur izan bada ere). Libre zarete nire tesia kritikatzeko eta kontrako argudioak emateko. Hau da nik pentsatzen dudana.

UDAZKEN KOLOREAK