Kezka Kultur

images-12.jpg
Guggenheim Bilbao Museoaren gaiaz baten batek interesa baldin badu, Iñaki Esteban irakaslearen liburu bat irakurri beharko du derrigorrez: El efecto Guggenheim. Del espacio basura al ornamento. (Anagrama-Argumentos 2007). Esteban jaunak azterketa zorrotz bezain aratza egiten du gaur egunean museoek mundu aurreratuan duten zeregina argitzeko. Dioenez —eta neuk ere hala uste dut—, gehiago dira ekonomia, politika eta urbanismoaren alorreko operazioak beste ezer baino. Turismoaren bultzaleku. Hortik Guggenheimen BMVren motozikletak, Armaniren modelotxoak eta abar. Liburua irakurri ahala, preseski ikusiko du irakurleak zein izan den Bilbokoak gaurdaino bete duen zeregina. Eta argi jabetuko da, halaber, arrakasta itzelarekin batera, argitzal handiak dauzkala museo honek, batez ere, arte zaletasuna euskal herritarren artean txertatzeari dagokionean eta, beste alderako zentzuan ere bai, euskal artisten lanak munduratzeko orduan.
Milioi bat aldiz esan zaigu milioi bat bisitari jasotzen dituela Guggenheimek urtero. Eta hala da hori. Arrakastaz txoratzeko moduko gertaera benetakoa. Baina datu bat emate aldera, Bilboz kanpoko euskal bisitariak, %5 baino ez dira. Kataluniarrak baino gutxiago (%11), konparazione. Erran nahi baita, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Diputazioak, etxeaz gain, Solomon Guggenheim Foundation-i 92 eta 93 urteetan zehar, 20 urteko frankiziaren ordez, ordaindutako 20 milioi dolarreko prezioa, itzeleko ahalegina izan zela, batez ere kulturaren munduko jendearentzat, haiek izan baitziren pagatzaile nagusi (subentzio eta babes publikoaren erretiratzeak eta abar), eta gaur dela eguna feed backik ez dutena ikusi. Edo hori diote, behintzat, artistek eta arte saltzaileek.
Katarsi hitza jarri zuen modan garaiko Kultura Sailburu zen Joseba Arregi jaunak proiektua justifikatzeko, eta betiko zakurrak lepoko berriarekin, deitu zigun proiektuaren aurka mintzatzen ginen —kultura eragile baino—, koitaduoi. (Sevillako Expo Universalean ere ederra egin zuena gastua, Arregi jaunak, beti arrazoiaren saldatan bustita. Ahaztua dago hori ere). Baina egia esan behar bada, bagenekien Juan Luis Laskurain jaunaren eskutik etorritako proiektu bat zela Guggenheimen sukurtsala Bilbora ekartzeko proposamena, Bizkaiko Ogasun Departamentutik zetorrena, gainbehera zihoan Bilbo eta Bizkaia indarberritzeko eta ez, itxurak itxura, kulturaren alorretik eta kulturaren mesederako. Argi bereiztu behar dira bi kontu horiek, ezen batean bingo eta bestean porrot egin baitu Guggenheimek.
Egia da Bilbo gaur beste bat dela eta Guggenheim efektuari zor zaiola hori. Egia da ibai alde uhertu bat zen lekuan, 7.000 euro eta gehiagora saltzen direla gaur etxeak metro karratuko. Egia da, halaber, baikortasun eragile bat kutsatu diola Guggenheimek Bilbo eta Bizkaiko jarduerari eta, zergatik ez esan, Gernikako Arbola beraren pare dagoela bizkaitarren imaginarioan Gerhyren etxetzarra. Eta gauza on eta lorpen gehiago ere bai, ezin dira horiek denak aitortu gabe utzi, nahiz eta hamar urte barru, berriz negoziatu beharko den Fundazioarekin frankizia ditxosozkoa. Beste 20 milio dolar orduan ere? Zergatik ez kopurua bikoiztu, dolarra hain merke dabilen honetan?
Begira dezagun gaia, ordea, geure kulturaren esparrutik, ezen egongo baita esango duenik museoak Chillida, Oteiza, Badiola, Lazkano, eta Iglesiasen lanak erosi eta erakutsi dituela. Aurki Basterretxea bera erakutsiko dutela, seguru aski. Eta hori guztia ere egia da, baina mozoloenak ere badaki, euskal artista horien lanak ezagutzeko badirela Guggenheim baino leku hobeak ugari, eta agian beste bat izan dela operazio horiek egiteko arrazoia. Diodana ilustratzeko, gogora datorkit Oteizak berak galde egin zidanean ea zer iruditzen zitzaidan bere lanak Bilbokoan erakusteko zerabilten asmoa. “Kolpekari edo manporrero lanetan sartu behar al duzu orain? — erantzun nion—, eskultore hain ona bazara, zergatik ez dituzte zure lanak lehenik New Yorken erakusten?”. “Etxeberria, tienes razón”, erantzun zidan. Ez zen nik esandakoagatik izango, baina Oteizak ez zuen erakustaldirik eskaini bizirik zen artean.
Aitortza benetako baten txanda da orain: ahal dudan guztietan joaten naiz Guggenheimera, gozatu ikaragarriak hartu ditut ia beti, bere bilduma atsegin dut oso (Mertz, Beuys, Mertz, Kounellis…), etxetzarrak hunkitzen nau, atsegin dut oso inguruko espazioa eta ibai aldea nola geratu den Bourgeoisen armiarmarekin, pozten naiz garbitasunagatik eta irri egiten dut Puppyren aitzineko eszena familiar snob eta kitchekin… Gainera adostasun erabatekoa dauka euskal alderdien artean. Zer daiteke gehiago eska?
Orain, irakurle, film hartan bezalaxe, jolas egingo dugu: itxi begiak une batez, eta has zaitez ikusten zure buruan Guggenheim nolakoa den barrutik. Ikusten dituzu artelanak? Jenny Holzerren argi gorriak goitik behera eta horiek guztiak? Ederki, orain, segi begiak itxita, bat batean hustu arte lan guztiak, kendu artelanak dauden tokietatik, hutsik utzi Gerhyren etxea, ez dago ezer barnean, ez eta Serraren lan itzela ere. Ederki, ez zabaldu oraindik begiak, segi itxirik pixka batean, aurki amaituko dugu eta. Artelanak zeuden lekuan jarri orain beste zerbait, zientzia, formula bateko autoak, aisialdia edo astronautika edo nik ez dakit zerekin lotutako gaiak… Zein izango zen aldea gure artista eta kulturgileentzat? Orduan, zergatik esaten ziguten haientzat zela eta, batez ere, zergatik ordaindu behar izan zuten haiek, eta ez, demagun, Hirigintza, Industria, Turismo eta bestelako sailetatik? Zabaldu orain begiak, gostua baldin baduzu.
Hasier Etxeberria. Berria. 2007

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Kezka Kultur”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    […] Iritziak irakurtzen ari naiz, iritziak entzuten. Artistak ez dira ausartzen museo estatubatuarra kritikatzen, garai bateko kultur kezkak behera egin du, museoaren arrakastak itzali egin du kritikotasun artistikoa, kulturala.   Eta hala ere, iritzi interesgarriak batu dira museoaren karietara. Hasier Etxeberriaren gogoetak gustura irakurri ditut, eta horrelako iritzi gehiagoren bila murgildu naiz. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude