Kazetaritzako ate birakariak

Kazetaritzako ate birakariak

Kazetaritzako ate birakariak

“Ezagutu dudan autozentsura handiena langabezia da”. Iñaki Gabilondo


Ate birakariak esamoldea ezagun bihurtu da politikariek enpresen administrazio kontseiluetara jauzi egiteko duten joera irudikatzeko. Beste maila bateko ate birakariak ere existitzen dira, interes kontrajarriak dituzten sektoreen artean. Kazetari eta alderdi politikoez ari naiz, Toni Aira kataluniarraren “Los Guardianes del mensaje” liburuaren haritik tirata.

Ohikoa bihurtu da kazetariak alderdi politikoen prentsaburu bihurtzea. Komunikazio politikoko taldeen itxurazko profesionalizazio baten markoan gertatzen dira fitxaje hauek. Kazetari askorentzako irtenbide profesionala alderdi eta gobernuen zerbitzura jartzea da. Ez da harritzekoa. Hedabideek eskaintzen duten lan baldintza prekarioen aurrean, segurtasun eta soldataren bermea da politika; bistan da, are erakargarriagoa dela gobernuan dauden alderdietan sartzea.

Zilegia da ate birakari hau? Bai, beti ere kazetariaren jardunak bere horretan jarraitzen badu. Egiazki, ordea, kazetaria baldintzatuta dago lan espektatiba horiek buruan bueltaka badarabiltza. Profesionaltasuna bezain beste leialtasun otzana baloratzen den ekosisteman, hurbilekoak -edo boteredunak- esne mamitan izateak saria ekar dezake. Gaur barrikadaren alde batean, bihar bestean; lotsagorritu gabe. Konplikatuagoa dena da kazetari ofiziora itzulera, zigilu politikoa kopetean itsatsia izango baituzu luzaroan.

Kazetari zorrotzak, aldiz, hatza begian sartzeko miramendurik ez duenak, ateak parez pare itxita aurkituko ditu gurean. Ez du hemengo kazetaritza eta politika kulturarekin antz handirik Borgen telesaioko Katrine Fønsmark kazetari daniarrak (irudian). Komunikazio politikoa lan profesional huts gisa ikusten da, inplikazio ideologikorik gabe.

Kazetariak herritarren interesa du -eta hedabidearena- oinarri, prentsa arduradunak alderdi politikoarena. Kontrako interesak dituzte batak eta besteak, egunerokoan elkarlanak nagusi dirudien arren. Argi ibiltzea hobe. Propaganda politikoa eta kazetaritza hari korapilatsuz lotutako antipodetan daude.

Kazetaritzaren ospeak ez ditu garai onenak bizi, hamaika inguruabar tarteko, eta aipatutako ate birakarien kontua, berria ez bada ere, errealitate kezkagarri honen osagai bat gehiago da. Horregatik da hain inportantea hedabideek proiektu sendoa izatea, kazetari den-denak barnebilduko dituen kode deontologiko bat. Mundua ikusteko eta azaltzeko modu koherente bat. Konfiantza sortu behar du, bere komunitatean eta hortik kanpo. Objetibotasunaren gezurra azaleratu behar du, argi, garden eta zintzo aritzeko. Panorama mediatiko berrian bizirauteko aukera gehien dutenak dira.

Kazetaritzako ate birakariak

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Kazetaritzako ate birakariak”-ri buruz

  • Panorama mediatiko berrian bizirauteko aukera gehien dutenak dira. Segur? Ez dakit ba.

  • Horregatik pozten naiz ZUZEU.EUS bezalako plataforma bat egoteaz, norbaitek testu bat idatzi dezake, sekulakoak esanez nire ustetan, baina aske, eta askatasuna daukat hemen benetan pentsatzen dudana erantzuteko.

    TV ren kalidade kaxkarraz medio, eta albisteak panfleto politiko bihurtu direnez, INFORMATZEKO BAINO ERITIZIA SORTZEKO JENDEARENGAN, TV eta albistegiak ikusteari utzi nion, orain prentsa internazionala soilik ikusten det, egia da kalidade asko galdu dutela, BBC k adibidez, alderdi baten panfleto billakatu da eta albisteetako gaiak umeentzako ergelkeriak geienez, bana badaude beste komunikabide batzuk non sekulako albiste garrantzitsuak kontatzen dizkizuten , hemen Europan jakiteko eskubidea ez ditugun albisteak antza.

  • ETB madrilen txontxongilo billakatu zenetik,euskaldunok telebista gabe gaude.

    ETB ren mezua Euskal Herriko edozertaz ari direnenean: “ez da Euskal Herria edo Nazioa delakorik esistitzen, europako herri zaharrenak ez du historiarik, soilik berezitasun soil pare bat dun komunitate autonomo bat da, bakailloa, “aiba la ost” famatuia eta sagardoa, besterik ez”