Kazetarientzat eta pertsonentzat ikasbidea

kapuscinski.jpg

Los cínicos no sirven para este oficio (Sobre el buen periodismo).

Ryszard Kapuscinski. Anagrama Compactos.Barcelona 2002.

Gizon honen liburu bat irakurtzen dudan bakoitzean, gertaera paradoxiko bat bizitzen dut: mundua eta gizateriaren egoerari buruzko ikuspegia ilundu egiten zait, hain baita egiazkoa eta jakintsua kazetari poloniar honen begirada, baina, aldi berean, itxaropenaren bideak zabaldu egiten dira nigan, bihozbera bezain gizakorra agertzen baita autorea idazten duen orotan, eta horrek, adiskidea, kutsatu egiten du. Kapuscinskiren beraren adibidea eta portaera ez dira kazetarien artean usu ikusten. Bera jendearekin nahastu egiten da, behartsuarekin, zapalduarekin, txiroarekin, itxaropenik gabekoarekin…, eta ahotsik gabekoen albiste emanez, arazoen benetako kakoa non den argitaratzen du, Afrikan, Hegoameriketan, Asian, Europan… Munduan, azken finean. Gure planeta hau ezagutzeko tresna paregabeak gertatzen dira Kapuscinskiri orain arte irakurritako liburuak eta baita orain mintzagai dugun hau ere. Nazioarteko eta gerra korrespontsal etiko baten jokaera zein den agertzen du Kapuscinskik, munduaren albiste emanez batera. Hitzaldiak eta elkarrizketak dira liburu honetan biltzen direnak, hizkuntza aratz eta irakurterrazean (María Nadotti-rena da edizioa, 2000garrenean Italian izandako mintegi batzuen karietara. Lau-bost ordu aski dira liburua finitzeko, mehea baita, 123 orrialde 14ko letrarekin —esango nuke—).
Horietako atal batean John Berger-ekin ari da elkarrizketan Kapuscinski. Maite dugu Berger ere, baina aspaldi honetan tripako mina eragiten hasi zaigu haren agerpen oro, izan ere ematen baitu berak behar duela izan bedeinkazio guztiak ematen dituen mahatma berria. Erran nahi baita, Berger santuak onetsi behar dituela gauzak benetan on izan daitezen, baita Kapuscinskiren jarduna ere, baina aukeran, etikoagoa, ekintzaileagoa eta, batez ere, biziagoa egiten zait niri Kapuscinski Berger bera baino. Badakigu Berger zerk kezkatzen duen: azken laborariaren desagerpenbak. Agian horregatik erretiratuko zen Alpeetako landetxe batera, gozo-gozo. Aukera aparta izango du han simaur usainaz batera, esne egiazkoa hartzeko, behien dunba eta txintxarri hotsen artean. Kapuscinskik, ostera, ez dirudi etsi duenik —ez dirudi etsi dezakeenik—, eta hor segitzen du gizartearen gaitz nagusiak hurbiletik ikusi eta kontatzen, irtenbideak iradokitzen… Hainbeste urteren buruan, ematen du halako geruza bat atera zaiola bere gorputz eta arimaren gainean, gaitz larrienen artean nahastu arren, batere zikindu eta kutsatu gabe ibiltzeko.
(Bidenabar esan dezadan, azentua dutela Kapuscinski abizenaren lehenengo eseak eta baita eneak ere, baina teklatu alu honek ez didala hori egiteko aukerarik ematen).

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Kazetarientzat eta pertsonentzat ikasbidea”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria

    […] Hil da maisua. Berari buruz hitz eginak ginen hemen, eta beste nonbait ere aipatu izan ditugu  haren izena eta lanak. Sekulako gizona, 27 iraultza ikusitakoa, 12 gerra fontetan ibilitakoa eta lau bider fusilatua izatera kondenatua. Haren lumak inork ez bezala kontatu du handiaren txikikeria eta txikiaren handitasuna. Batez ere Afrikari dagokionean. Kazetaritzan inoiz ere ez harena bezalako literaturarik, literaturan ere urri haren tamainako kazetaritzarik.  Joan da, eta nik dakidala oinordekorik ez du utzi. zabaldubildudel.icio.us […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude