Kanbio zaharberritua

J.A. Agirre brontzezkoa

Hurbilagoko urteotan ere jasan izan dugu erauntsi politikoa. Gogoratu besterik ez dago 98ko su-etena ETAk hautsi ondoren zer egin zuten ezkerretik eskuinera, Espainian nahiz Euskadin: Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak EAJrekin batera urratu zuen erabakitzeko eskubideari erasotzeko, EAJri eta Lehendakariari, indarkeriari eskua emanda ibiltzea leporatu zioten, baztertzaile izatea eta euskal gizartea banatzea. ETA indarkerian zebilen artean bere asmo politikoak uzteko esaten zioten behin eta berriz. Alegia, bakearen zutabeetako bat alboratzeko: normalizazio politikoarena.

Ez da egia Ibarretxe lehendakariak eta orduko EAJren buruzagitzak –aurrekoek bezala– ez zuela argi gaitzesten ETAren indarkeria. Denek dakite hori. Herriak ere bai. Kontua da EAJk beti jo izan duela indarkeriari ezetz esatetik haratago: gatazka politikoa eta beronen konponbidea aldarrikatu izan du. Azken urteotan konponbidea proposatu ere bai. Hor dago koska. Hori da barkatzen ez diotena Espainia ororen gainetik lehenesten dutenek.

Indar espainiarrek nahi ez dutena da nagusi den abertzaletasunak auzi politikoaren irtenbidea gidatzea. Badaude seinaleak horretan ari direla eta ariko direla eginahalean. PSEk eta PPk izenpetutako gobernu itunak ez du inoiz ere normalizazio politikoaz hitz egiten, ezta ere gatazka politikoaz. Patxi Lopez lehendakariak esan du: “En sólo un mes estamos empezando a dar la vuelta al país, preocupándonos por lo que preocupa a la gente y desterrando el conflicto político que no tenía más soporte que las pretensiones (a veces obsesiones) de algunos dirigentes”.

Hortxe dago aldaketa. Edo, hobeki esanda, kanbio zaharberritua. Ibarretxeren garaian, ezin zakarrago aurreneko urteetan, mozorroago ondorengoetan, normalizazio politikorako proposamenari ezezkoa eman diote ezker nahiz eskuin monarkikoek gure herrian eta Estatuan. Orain, beste urratsa egin dute: desagerrarazi nahian ari dira normalizazio politikoa agenda politikotik eta iritzi publikotik. Dena ETA da. ETA beste arazorik ez da. Arazo politikoarentzat, “desterrua”. Euskadi berezi egiten duen euskal gatazka politikoa, isilpera. Ez da nolanahiko aldaketa: atzeranzko politika da. Inboluzio hori janzteko dira asmatzen eta lau haizetara zabaltzen ari diren goiburuak eta leloak: askatasuna irabaztea, zigorra eta kartzela terroristei, anbiguotasunaren aroaren amaiera, ETAren deslegitimazio soziala, indarkeriaren aurkako batasun urradurarik gabea, desberdinen arteko adostasuna, pluralismoa errespetatzea…  Herri arazoaren arrastorik ez. Baina Obama, hain goretsia, esan berria da ideiak ezabatzeak ez dituela hauek desagerrarazten. Ulertu dezakeenak uler dezala. Eta jakina, ideiei arnasa ematen dien errealitatea ezkutatzeak ez dakar errealitate horren desagerpena.

EAJk erne ibili beharko du mozorro guztiekin. Eta ibiliko da. Ez da jausiko ETAren kontrarioago nor baino nor agertu beharreko desafioan. ETAri behin betiko gelditzeko eta amaitzeko esana dio eta esango dio alderdi jeltzaleak, herriaren hitza entzuteko eta herriaren esana betetzeko zorrotz eskatuko dio aurrerantzean ere. Baina, ondoren, beti esan izan duena esango du: Euskadi izan badela eta, Bidasoatik hego aldera, arazo politikoa duela Estatuarekin eta honek Euskadirekin, politikoki konpondu gabea. Eta ez diola utziko bakearen bigarren hanka horren konponketa bakezko, elkarrizketatu eta demokratikoa bilatzeari; ez duela etsiko Euskadiren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eginahalean. Herri-sena eta herri-mina duen gizarte zabala dago mezu honen zain eta bide hau urratzeko urratsa emateko prest, guztion artean Euskal Herrirako bake iraunkorra, egiazkoa eta zuzena lortzeko irrikaz. Hori da 114 urte betetzera doan alderdiaren iparrorratza. Hor baitu bere tokia eta eginkizuna euskal alderdi abertzaleak, EAJk.

EAJko legebiltzarkidea Gasteizen.