Kalami zazpikiak, Sauroni

Kalami zazpikiak, Sauroni >

Sauron,

Batzuetan instante batek aukera bat dakar, eta aukera hori une zehatz horrekin amaitzen da. Eta amaitzen bada, ezin duzu deus ere egin.

Duela astebete esan zenidan, LUri abixatuko zeniola eta udaberrian Gaztelun bazkalduko genuela. Gerezi ondoak loratzean. Eta bazkari hura ere izango zela den dena hankaz gora jartzeko. Beste arrakala bat zabaltzeko. ZuZeuren etorkizuna enegarrenez zirriborratu, eta ezbaidatzeko ia kanpo estekek zer nolako pisua izan beharko luketen orainkarian, ia iruzkinak nola kontrolatu eta eztabaidaren sua nola piztu. Marmitako eder batekin bilduko gintuzun, hastapenetan bezala. LU, Ritxi, Urko, Beñat, Anartz eta Iñaki. Eta agian Mikel edo Izaskun ere bai. Ezin jakin zurekin. Eztabaidatuko genukeen, lehen ogi zatitik, azken Drambuie edo Benedictine koparaino. Eta agian izozki bat ere bai.

Kalami zazpikiak, Sauroni

ZuZeu sortu berritan, ikasle ezjakin bat baino ez nintzela, hartu ninduzun. Pertsona handi gutxi ezagutu ditut 29 urteotan. Zu sentitu arte ez nekien ondo zer zen ‘pertsona handi’ bat. Mundu bat berarekin daraman pertsona mota hori. Etxe bat gaztelu bihurtzen duena, halabeharrez, barruan kabitu ahal izateko.

Asko zor dizut nagusi. Zuk esango zenukeen naizenaren %90a zor dizudala, nik esango dut soilik erdia dela. Geratu eta pentsatzeko orain dudan gaitasunaren erdia. Zuzen idazteko dudan gaitasunaren erdia. Ekibokatzeko dudan gaitasunaren erdia. Eta horrela, luzaro segi nezake.

Azken unera arte, azken arnasera arte izan zaitugu ondoan ZuZeun. Azken unera arte gobernatu gaituzu. Eta azkenengoz duela bi egun abixatu zenigun lanean zenbiltzala: “Ez dakit noiz baina ez da oso urruti, kantu zaharreko ‘Partitzeko tenorea unhatu da’ zutabe hontan geure buruak ikusteko”. ZuZeuko zirriborrotan topatu genuen ‘Partitzeko tenorea’ sarrera. Hutsa. Geuri tokatzen zaigu huts hori betetzea aurrerantzean.

Gora Hasier! Eta gora ZuZeu!

Kalami zazpikia

Kalami zazpikiak, Sauroni

Ekaitza bainuontzi batean

2 pentsamendu “Kalami zazpikiak, Sauroni”-ri buruz

  • Ederra idatzia… Uzta oparoa utzi digu, haziak bidea egiten jarrai dezagun, argia eta itzala sakonak… Zure blogeko idatziak irakurtzen hasi naiz banaka… Milesker danagatik Hasier ta besarkada!

  • ohi bezala, berandutxo ohartzen gara joandakoaren pixuaz…