Kakaren barneratzeaz (eta kanporatzeaz).

images-11.jpg
Hauteskunde kanpaina bat bikaina izan daiteke egiak erakusteko. Ohikoa baino gehiago hitz egin behar dute politikariek eta, jakina, benetako munstroari hobeto ikusten zaizkio hortzak. Adibideak alde guztietan agertzen dira, ezker eta eskuin, euskal abertzale eta espainol nazionalisten artean. Inor gutxi libratzen da halakoetatik.
Niri oso deigarria egin zitzaidan, esaterako, Joseba Egibarrek “Irun afera” dela eta bota zituenak. Gaizki ulertu ez banuen, Egibarrek esan zuen negozioa dutenekin zergen zorra negoziatzea ohiko kontua dela Gipuzkoako Aldundian. Hau da, merkatari edo antzeko batek zor handia duenean, ez zaiola zorra osorik pagarazten. Nik ez dakit, baina seguru asko izango da negozioa pikutara joan gabe, beste irtenbideren bat bilatu asmoz dabiltzalako. Alegia, Diputazioak nahiago duela zerbait kobratzen segitzea, dagokiona kobratzea baino.
Baliteke jokabide hori logikaz betetakoa izatea. Ez dakit. Baina zein aurpegi jarri behar diogu Egibarri halako gauza bat normaltasun osoz adierazten duenean? ELA sindikatuak berrikitan zabaldu dituen datuetan, argiki ikusten da hemen pagatzaileak soldata baten menpe bizi garenok garela. Industrialek eta lanbide liberalak eta bestelakoak dituzten horiek, izkin egiten diotela asunto publikoari ahal duten bakoitzean. Soldatapekoak ez. Horrek ezin du. Ederki sartuta dauzka hortzak bere nominan Diputazioak. Berarentzat ez dago balizko negoziazioaren aukerarik batere. Zorra zor da eta kitatu egin behar da, nahi ala ez.
Egibarrek sistemaren perbertsioa normala dela esan du, azken finean. Edo hala ulertu diot nik. Ez du, gainera, hori aldatzeko batere asmorik asmatu. Hori horrela dela eta horrela jarraitu behar duela esan izan balu bezala, eta grazia egin beharko digu gainerakooi.
Egun hauetako beste adierazpen ikusgarri batzuk Iñaki Azkunak egin ditu, Bilboko alkateak. Berriako kazetari bati egin dizkio, honek bere euskararen berri galdetu dionean. Azkunak, gutxi gora behera, honakoa esan dio: Euskara ahaztu egin nuen, ikasten ari naiz, nahiz eta ez naizen ailegatuko sekula zuk bezala pentsatzen dutenen mailara, zuek dena euskaraz bakarrik nahi baituzue eta hori ez da bidea. Hemen bi hizkuntza daude, biek dituzte eskubideak.
Bon, bon, bon. Azkuna jauna hizkuntzen arteko justiziaren defendatzaile sutsu agertzen zaigu horrela. Biek dituzte eskubide berak bai, baina nahiko nuke jakin Azkuna jaunaren hitz horietan muturra erakusten duen kaka zahar hori zenbateraino dagoen barneratua. Gaixoa Azkuna jauna, bere erdaldun hizkuntza eskubideak arriskuan ikusten dituen honetan. Arrazoia dauka, zer demonio pentsatzen dute euskaldun baldar hauek, mundua eurena dela ala?
Eta hirugarrena Conde Pumpido jauna, urrunegi joatearen teoria exotiko horiekin. Luis XIV.a ematen du: L’Etat c’est moi. Edo aldaera postmodernoagoarekin nahi bada: Demokrazia geu gara. Zer arraio.

Hasier Etxeberria. El Mundo. 070519

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)