Jugoslaviaren desegiteari buruzko film kritikoa euskal azpitituluekin

Ivo Andric Elkarteak, Boris Malagurskiren “Kateen Zama” (serbieraz Tezina lanaca, ingeleraz The Weight of Chains) filmaren euskal azpititulatzea egin du. Iaz jaiotako elkarte honetan, herri jugoslaviarraren kultura eta historiaren ezagutza euskal gizartean hedatzea dugu helburu, eta film honen euskaratzea helburu hori lortzeko aurrerapausu bezala ulertzen dugu.

Boris Malagurski zinemagile gaztea 1988an jaio zen Serbia iparraldeko Subotica hirian, oraindik Jugoslavia zutik zegoenean, eta 2005an (hamazazpi urterekin) Kanadako Vancouver hirira joan zen bizitzera. Momentuz, bere karrera labur baina emankorrak bost film utzi dizkigu. Kateen zama filma 2010an ekoitzi zuen 22 urterekin. Film hau izan da ospe gehien eman diona, batez ere Serbian, baina baita ere nazioartean. Hedabideek “Michael Moore serbiar” legez bataiatu dute.

Bi ordu irauten duen film honek, Jugoslaviaren desagertzeari eta han 90 hamarkadan eman ziren gudei buruzko ikuspegi kritiko bat eskaintzen digu. Malagurskiren arabera, Jugoslavia sozialistaren desagerpenak gudei bidea zabaldu zien, herrialde osoa balore krisi batean sartu zelako. Hala ere, Jugoslaviako sozialismoaren erorketa ez zuten bertako etnien aldarrikapenek probokatu, kanpotik probokatua izan zen, zorraren eta pribatizatzeen politiken bitartez. Jugoslaviaren desagerpen prozesua, gudak gertatu baino lehen eman zen. Bertako indarrek (kroaziar, bosniar-musulman zein serbiar muturreko nazionalismoak) Jugoslaviaren erorketak utzitako hutsunea baliatu zuten gudarako. Bestalde, nazioarteko indarren interbentzioa ez zen izan “humanitarioa”, komunikabide nagusiek saldu zuten bezala, (eta gaur egun, Libian esaterako, saldu izan duten bezala), horren ordez, interes politiko-ekonomikoa bermatzeko helburuz egindako ekintza izan zen. Horixe da Malagurskiren paradigma; baina onena filma zuek ikustea izango da. Zuek zeuok ateratzea zuen konklusioak. Hemen duzue.

Filmari buruzko informazio gehiago gure blogean aurkitu dezakezu.

Zer duzu buruan “Jugoslaviaren desegiteari buruzko film kritikoa euskal azpitituluekin”-ri buruz

  • IvoAndricElkartea 2014-02-04 11:44

    Barkatu.

    Formatu honetan ezin dira azpitituluak ikusi, youtube-ko orrialdean soilik ikus daitezelako. Beraz, youtubera joan beharko zarete, han behean eskuinean agertzen den “CC” botoia sakatu, eta gero “aktibatu”. Orduan egongo dira azpitituluak ikusgai.

    Barkatu eragozpenak