Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa osorik

Sarrionandiaren elkarrizketa

Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa osorik jarraian, egindako elkarrizketaren material guztia jartzen dizugu aukeran sarrera honetan, nola transkripzioa, hala audioa ere. 17 galdera eta erantzun dira guztira, 15’22” irauten dutenak. Oso osorik duzu entzungai.

Sarrionandiaren elkarrizketa (Bandera plazaren erdian. Josean Prado. cc-by)

Poeta herrariarena

Sarrionandia

 

2015 urte hasiera honetan, zer ari zara irakurtzen?

Atzo amaitu nuen Joxe Azurmendiren Renan eta nazionalismoaren inguruko liburu handi hori. Nazio arazoaren eztabaidan erabiltzen diren topikoak eta gezur interesatuen kritika da, saiakera oso ona. Eta gaur Danele Sarriugarteren Erraiak hasi naiz leitzen. Frankfurteko biblioteka batetik Gasteizko estudiante logela batera etorri naiz. Nobela hau ere oso gustura ari naiz irakurtzen.

Eta zer ari zara idazten?

Ba gaur azkenengo hogei urteetan idatzitako poesia, paper solte eta zirriborroetatik apur bat garbira pasatzen aritu naiz.

Jarraitzen duzu gaurko euskal produkzioa? Zein iritzi duzu?

Ezin dut ondo jarraitu. Heltzen zaidana leitzen dut eta ez dakit egokia den hain gutxi jakinda modu abstraktuan hitz egitea. Baina berrogei urteko aldi luzean izan den aldaketaz igual nire iritzia eman dezaket. Gu idazten hasi ginenean gutxi argitaratzen zen eta kalitate eskasekoa zen gehiena, gaur egun asko idazten da eta maila ona du jende askok. Nik uste, asko aurreratu dela, lehen autore batzuk destakatzen ziren gutxi zirelako baina bazeuden hutsune nabarmenak literaturaren alorrean. Gaur egun beste literaturen parekoago eta antzekoagoa da gurea, eta logikoa denez, proposamen originalak edo bereziak agertzea zailagoa da. Irakurleak igual, zerbait ustekabekoa edo … sentituko du faltan batzuetan.

Zein idazle jarraitzen dituzu bereziki?

Nire hasierako maisuak lanean jarraitzen dute: Atxaga, Saizarbitoria, Izagirre…

Nire belaunaldikoak denak interesatzen zaizkit. Asko dira banan-bana aipatzeko eta gazteagoak ere heldu dira gauza berriekin.

Literaturan egindakoa liburutegian geratzen da, azkenean iada eginda, eta bestelako zerbait asmatzea da idazlearen obligazioa eta normalean irakurlearen nahia.

Azken aldian emakumeen ikuspegiak sorprenditu nau liburu batzuetan: Eider Rodriguezen ipuinak, Miren Agur Meaberen “Kristalezko begia”, Itziar Rozasen “Beltzuria”, gaur leitzen egon naizen “Erraiak”.

Emakumearen ikuspegia marginalitatetik euskal literaturaren erdira heldu dela ematen du lehenengoz.

Poesia eta ipuingintza izan dira zure gailurrak, baina azken liburua saiakera itzel bat izan duzu. Zahartzen ari?

Zahartzen seguroa da. Bizitza alfabeto bat ba da Zetaruntz goaz denak. Baina zuk esan nahi duzu poesia heldutasun gabeziaren seinalea dela, ez? Narratiba heldutasunean egiten dela eta saiakera zahartzaroan. Ba ez dakit hori bilakaera biografikotzat har daiteken. Ni saiakera hori egin nuen hasarre nengoelako gure politikariekin eta munduan gertatzen dena harrigarria iruditzen zaidalako. Utopian bizi garelako. Utopiak dio gauza bat kontatzen zaigula eta errealitatea bestelakoa dela. Mendebaldean, edo mendebaldeko ustezko balioak ez direlako gero ia inon gauzatzen; eta guzti hori ahalegindu nintzen azaltzen. Protesta haundi bat da orduan liburua. Ez dakit ez ote den gaztetasun seinalea, protestatzea.

Fikzioak ez du jada balio gauzen kontatzeko?

Balioko ez du ba! Telebistako albistegia ere, nire ustez, fikziozkoa izaten da gehienbat; abiapuntutik bertatik. Konprobatu daiteke fikzioa… efektismo guzti hori, begira ze joko bisual eta sonoroekin presentatzen den albistegia… aurkezlea zein txukun jantzita… irribarrez, paper batzuei begira, esanez: orain munduan gertatu den guztia kontatuko dizuet.

Halaxe hasten dira albistegietako kontalariak: mikro-ipuinak kontatzen, ez? Hori ipuin baten hasiera baizik ezin da izan, gaur munduan gertatu dena kontatu behar digula.

Baina jendeak sinestu egiten ditu kontuak

Bai egia parte batzuk dituztelako ipuinek. Helduek umetan kontatzen zizkiguten ipuin eta leiendek ere izango zuten egia parte bat eta sinesten genituen. Ondo beldurtzen gintuzten behintzat ipuin batzuekin.

Nola izan da hartua Moroak gara behelaino artean, zure azken liburu hori, euskaraz eta gero erdaraz?

Euskaraz, irakurle aldetik ondo. Liburu nahiko konplikatua da eta uste dut hainbatek irakurri duela. Bada meritua irakurlearena, ze bide luzea eta zaila da irakurketa hori. Eta ofizialki hartu zen ba eskandalu tonto batekin. Eskandalua erdaraz armatu zen baina erdarazko bertsioa gero, bueno, eskandalua armatu zutenek sumatzen dut ez dutela gero liburua irakurri ere egin. Edo baten batek irakurri badu ez ditu bere aurreiritziak liburuaren testuan konfirmatuta ikusi eta ez zaio interesatu. Aurreiritzien mamuak oso eraginkorrak dira.

Liburuaren asmoetako bat eztabaida politikorako gaia planteatzea zen, baina zaila dela ematen du Euskal Herrian ideologia politiko desberdinen artean gaiak modu normal batean eztabaidatzea.

Ez dituzu guzti-guztiak kontatu, hala ere. Badakigu hori. Idazleak badu aukeratzen ibiltzeko eskubidea ala memoria osorik kontatzen behar du saiatu?

Zer da osorik? Edozein testu konkretu ere iceberg baten modukoa da. Oso bisuala da Hemingwayren icebergaren teoria. Hemingwayk konposizio teknika eta idazkera bihurtu zuen icebergaren ideia hori, baina nire ustez edozein liburutan gertatzen da hori. Edozein liburu da iceberg baten punta bezalakoa.

Axularren Gero bera esate baterako. Non daude liburu horretan liburu hori idazten ari zela, Pierre de Lancrek erre arazitako sorginak? Errepresioa ixilpetuta, mendetako kanpandorre gizartea dago hor nonbait, liburuaren barruan.

Edozein liburutan dago gehiago lerroen artean, lerro arteko zuritasun horretan tinta beltzean baino.

Inork ere ez du dena kontatzen, ez? Inposiblea da, aspergarria eta gainera zertarako.

Zein da idazlearen zeregin nagusia, egiteko behinena?

Behinena, behingoa eta garrantzi handikoa, ba, espektakuloaren gizartean horri ematen zaio argia. Golari eta… Baina nik eguneroko lanean sinesten dut, batez ere, nire aita bezala, nekazaritzatik zetorren eta fabrikan lanean.

Ez naiz ausartzen behinena zer izan daitekeen definitzen. Badira zeregin sinpleak ondo egiten direnak. Zapatariak zapatak konpontzen ditu nire kale izkinan, antzeko artisaua sentitzen naiz ni. Eta beste hiru edo lau liburu egin nahi nituzke euskaraz, ahalik eta ondoen idatziak eta gizabidezkoak.

Lagun izoztua zure eleberri nagusia da, besteren baten asmorik?

Hiru edo lau eleberri utzi izan ditut erdi idatzita. Denbora behar da gero, ondo idazteko.

Eta hizkuntza, nola gordetzen duzu uherrik gabe hainbeste urteko distantzian?

Uherra, nire hizkerak, uherrak, sargazoak eta dortokak ere izango ditu honez gero, baina barruan eraman dut beti. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen idatzi zuen Gabriel Arestik eta kantatzen genuen antzina. Ur gazi bat ateratzen dugu handik nekez. Nik bakarrik ez, jakina. Zuek denok dio abestiak. Denok daramagu putzu hori barruan ur gazia ateratzeko.

Zergatik da gazia euskaren putzuko ura?

Baztertua eta minorizatua izan delako eta errekuperatzea nekeza delako. Nik ulertzen dut metafora: bizi izan naiz itsaso bazterrean ur gatzduna ateratzen baizik ez den lekuan, edateko, gauzak garbitzeko, bainatzeko eta.. ez da erraza, baina garbituko dugu apurka apurka geure putzua errekako ur garbiz. Horretan ari gara, ez?

Bada azkenaldian euskara batuaren aurkakoa dirudien joera bat, dialekto eta ahozko eren ugaltze bat…, baina horrela ez ote da Ipar eta Hegoaldearen arteko arrakala areagotzen?

Txikien bizimodua ez da erraza izaten handien patioan. Frantsesa eta espainola aspaldi dira hiper hizkuntzak, eta gurea oraintxe ari da batzen. Euskara batua azkeneko mende erdian moldatu da, oraindik indartu eta osatu gabe dago eta hiper hizkuntza boteretsuen aldamenean, testu inguru bilinguean ba normala da arazoak sortzea, ez?

Dena dela literaturan iada obra zabala egin da. Badugu, gutxi gora behera, idazkera eredu bat eta liburutegia gure hiper hizkuntza txikian (ere bai). Nire ustez gure literaturaren erronketako bat da bestelako barietateak inkorporatzea. Horregatik interesatzen zait Antton Lukuren idazkera esate baterako, edo Patziku Perurena edo Aingeru Epaltzarena, edo bizkaieratik datozen aportazioak.

Beste erronka larri bat errealismo linguistikoarena da, nire ustez. Nire belaunaldikoek, guk, hizkuntza utopiko batean egin dugu literatura eta oso ondo (dago hori), edozein literatura da utopikoa. Baina literatura utopiaren eta errealismoaren artearen mugitzen da eta gure errealitate linguistikoa literaturan seguru islatuko dela gero eta gehiago.

Egiten dugu literatura eta beste hizkuntzetara itzultzeko modukoa bada ba ederto, baina beste hizkuntzetara itzuli ezin den zerbait izaten du hizkuntza bakoitzak. Eta literatura batek hori nire ustez ezin du ahaztu.

Zerk harritzen zaitu gehien euskal errealitatetik?

Harritzen? Gauza bat aipatuko dizut: euskaldunak pertsona errealistak, pragmatikoak eta auzolanekoak garela normalean eta politikaren inguruan ostera, ba, irrealistak, alferlan zaleak eta bata bestearen kontrako borrokari prestuak bihurtzen garela, ez?

Hitzak ere beste alorretan, hitz bat erabiltzen duzu eta badakizu zer esan nahi duen, ez? Mailua, pospoloa edo karakola. Politikaren alorrean ostera esaten dira hitzak hustuta bezala, ez? Esanahirik gabe.

Zein etorkizun dugu munduan? Eskozia, Katalunia eta horien moduan?

Nazio-estatutan antolatutako mundu batean, herri moduan, euskaldunoi ondo etorriko litzaiguke halako egitura politiko bat. Beste estatu hori demokratikoagoa izango litzateke guretzat eta gauzak aldatzeko, aliatu handi eta boteretsu bat badugu, nazionalismo espainola bera. Hain antidemokratikoa izanda, hain inkapaza beste nazionalitateak aintzat hartzeko… independentista fabrika bat da: independentistak produzitzen ditu eta gero ez die irtenbiderik ematen.

Irtenbidea geuk aurkitu beharko genuke, geure aldetik. Horretarako orain arte egin ditugun baino hobeto egin beharko genituzke gauzak euskaldunek. Irtenbide hori eraikitzeko. Gogoarekin eta pazientziak eraiki beharko delako. Baina ez dakit, ez naiz etorkizun igarlea.

Noiz itzuliko zara Euskal Herrira?

Etxera itzultzea zaila egiten da batzuetan. Baina laster, ahal dudanean…

 …

  1. Poeta erraria (1): Idazlea irakurle ere badenean
  2. Poeta erraria (2): Fikzioaren balioaz
  3. Poeta erraria (3): Azken obrari begira
  4. Poeta erraria (4): Hizkuntzarenak
  5. Poeta erraria (5): Herria eta beste
Sarrionandiaren elkarrizketa
elkarrizketa, joseba sarrionandia, osorik, Sarrionandiaren, Sarrionandiaren elkarrizketa

Zer duzu buruan “Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa osorik”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude