Joseba Sarrionandia, argazki batean preso

Joseba Sarrionandia, argazki batean preso

Joseba Sarrionandia, argazki batean preso
Argazkilaria: Josu Landa

Gaur gaueko 00:00etan puntuan ZuZeuk, Berria, Gara eta Noticias taldearekin bat, Jose Goitia kazetari amikuztarrak Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa eta argazkia argitaratuko du. Bazen ordua norbaitek Sarri gordeta zegoen armairuko giltzarrapoa zabaltzeko. Behingoz iraganekoa iraganean uzteko. Koadrozko alkondara, artilezko jertsea eta imintzio pentsakorra. Eskua okotsean paratua, bizarrarekin jolastuz bezala. Ilea motza eta begirada irmoa. Euskal herritarron gogoan iltzatuta dago Joseba Sarrionandiaren argazkia. Irakurri dugu bere eleberrietan eta abestu, besteak beste, Ruperren doinuen gainean, hunkitu gaitu, ukitu gaitu, baina ezin izan dugu ikusi, zuri beltzeko argazki zahar horretatik harago. Argazki batean preso. Hona hemen Josu Landak Minolta zahar batekin ateratako argazki horren istorioa.

“Deserria da armairu batean zabalduko duten beldurrez,
edo inork zabalduko ez duen ikaraz ezkutatzea”

Joseba Sarrionandia, Propostas para a definição do exilio (XX. Mendeko Poesia Kaierak, 2002)

1985. urteko udaren atarian, San Fermineko txupinazoaren eztandarekin batera bafleetan Iñaki Pikabearekin ihes egiteko hilabete inguru falta zenean, Joseba Sarrionandiak bisita erabakigarri bat jaso zuen Martuteneko kartzelan. Egiazki bi bisita izan ziren batean. Lehenengo Joxe Mari Iturralde eta Bernardo Atxaga Pott bandako kideeena, eta gero, Josu Landa eta Mikel Antza gazteena. Besaulki luzedun bis a bis gela berean elkartu ziren guztiak eta, oraindik ospatzeko asko ez bazuten ere, whiskyaz egin zuten topa.

Googleren begiradatik libre ziren garaiok, ez zegoen sarerik, ez mugikor, ez smartphonerik. Sarri ikusteko kartzela barrura sartu beharra zegoen derrigor. Eta inor gutxiri axola zion Joseba Sarrionandiaren argazkiak. Poliziaren fitxetan zegoen gordea bere erretratu bakarra.

“Nire lana ekiditea bada ere, preso ororen eskubidea da ihes egiten saiatzea”

Juan Carlos Mesas Martínez, Martuteneko Kartzelako zuzendaria

“Ordurako Mikel Antza eta biok bisita batzuk eginak genituen”, oroitzen du Landak, “1985eko urte hasieran Sarrik itzulitako ‘Marinel Zaharra’ Pessoaren antzezlana Martutenen bertan aurkezteko eskatu zion Antzak Mesas Martínez kartzelako zuzendariari. Hark ez zekien bere presoen artean horrelako pertsona ilustrea zeukanik”. Felipe González zen orduan Espainiako presidente, eta kartzeletako zuzendari asko ezkerreko alderdi zaharretako kide ohiak ziren, Mesas Martínez kasu. “ORT-tik PSOEra pasatutakoa zela uste dut, eta ohorea iruditu zitzaion antzezlana bere kartzelan egitea”. Ordutik aurrera oso harreman ona izan zuten Antzak eta kartzelako zuzendariak. Antzezlana antolatzeko erraztasuna ikusirik, kontzertuak antolatzen hasi ziren hormatzarren barrenean. Txabela, Eltze Gogorre, Kortatu, Barricada eta Imanol pasa ziren Martutenetik. “Zuzendari hura ezinbestekoa izan zen ihesaldirako”, aitortzen du Landak.

Atxagak gutun bidezko harremana mantentzen zuen Sarrirekin artean Herrera de la Manchako kartzelan zenean. “Eta bisitatu ere egin nuen, Pamielako editorea nintzenaren aitzakian. Orduan esan zidan Martutenera hurbiltzekoa zela. Lagun bat ospitaleratu zutelako”. Asteasuarrak Martuteneko zuzendaria oso pertsona atsegina zela aitortzen du: “Sarriri buruz kariño handiarekin mintzo zen. Martutene sartu-irten errazeko kartzela zen”. Baina ez zitzaion oso erosoa egin boskotea elkartu zuen bisita hura: “Han batu ginen bi talde bezala Landa, Antza eta gu, bi talde ezberdin… eta amaitu genuen eserita, hontaz eta besteaz hizketan. Amaieran belarrira brometan bezala bota nion Sarriri: ’Jode motel, alde egin ezak hemendik!’, eta nire harridurarako erantzun zidan: ‘hortan nenbilek’”.

“Argazkia ez da nirea”

Josu Landa

Baina 1985eko bisita hura ez zen beste ohiko bisita bat besterik izango, Josu Landak whiskyaz gain, tabako kaxaren tamainako Minolta argazki kamera hura sartu izan ez balu. “Argian genbiltzan lanean Mikel eta biok, eta ohituta geunden grabagailuekin eta kamerekin ibiltzera. Gero negatiboak errebelatzen genituen, eta gero positibatu… asko gustatzen zitzaigun prozesu guztiaren kontrola izatea”, azaltzen du Landak. Susa aldizkarian Sarri elkarrizketatzeko asmotan sartu zuten Minolta txikia ziegara, baina, ez zuten inondik inora aurreikusi irudi hark etorkizunean izango zuen transzendentzia. “Eskerrak egun hartan karretea jarri nion kamerari eta eskerrak asmatu genuela prozesu guztia behar bezala egiten. Dena den, argazkia ez da nirea, argazkia herriarena da. Hori da nire harrotasun handiena”.

Landak izoztu zuen Sarri argazki batean. Hamarkada luzetan herri oso baten esperantzak ilustratuko zituen erretratuan. Joxe Mari Iturraldek gogoratzen du orduan kamera eramatea oso gauza berezia zela, ez zela gaur egun bezala. “Gaur mugikorra eraman eta goiz batean 300 argazki ateratzen dituzu. Arte munduan badaude halako idazle madarikatuak, bere irudia ezabatu dutenak… Pynchon, Salinger… baina horiek nahita egin zuten. Sarrik ez du nahita egin. Bera beti kartzelan edo ihes eginda egon da”.

“Jakin nahi nuke ihes egin genuenok benetan ihes egin genuen ala ihes egitearena bizitzen irauteko aitzakia hutsa izan zen.”

Joseba Sarrionandia, Kartzelako Poemak (1992, Susa)

Gaur gauean ikusiko duzu Sarriren beste argazki bat, ezagutuko duzu bera gaur egunean den bezalakoa. Pertsonak irabaziko dio pertsonaiari eta argazki zaharra, horixe bihurtuko da, argazki zahar baino ez. Ez da gehiago izango idazle erbesteratuaren ziega.

Joseba Sarrionandia, argazki batean preso

Joseba Sarrionandia: “Argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea”

Ekaitza bainuontzi batean