Joseba Agudo Mantzisidorren kontrako epaiketa

KotxeJoseba Kotxe Agudo Mantzisidor oreretarra 2009ko urrian atxilotu zuten jendarmeek Hendaian. Aste batzuen buruan Madrilera bidali zuten eta harrez geroztik behin-behineko egoeran izan dute preso, bere herritik 800 kilometrora. Datorren asteazkenean, hilak 22, epaituko dute Madrilgo Auzitegi Nazionalean.

Barre egin zenuen, nire defentsa judiziala txapinetan egin zenezan eskatu nizunean. Nazio Batuen torturaren kontrako kontalari bereziak baieztatuak zituen geure salaketak; alabaina, barre egiten genuen epaitegi itxurako zirku hartan eman beharko zenuen penari buruz, zure adiskidea libratzeko beste aukera errealik ezean.

Dotore jantzita agertu zinen eta horrela ezin da, togadun. Ez genien batere-batere penarik eman, ez zuk ez nik ez inortxok ere ez eta ezarritako kondena gehi bonus track majo bat irentsi behar izan genuen. Eta barregura sartu zitzaigun orduan ere, eta aurrera egin genuen ttipi-ttapa. Nik leotzetako labirinto infektuetan barrena; zuk munduan zehar.

Bitxia da Kotxe. Deportazioa, zer kondena mota da hori? Gobernu batek eta beste batek hirugarren gobernu batekin adostuko dute nora zoazen, eta zein baldintzatan biziko zaren bertan. Bilera sekretuetan erabakiko dute, ofizialki existitu ere egiten ez diren klasiko horietan. Beraz ez da zure kontrako kargurik formulatuko; ez duzu zure burua defendatu ahal izango; ez dago kode penalik zeinera jo, ez dago ez sententzia idatzirik ez helegite aukerarik. Jendarme talde ‘antiterrorista’ batek harrapatuko zaitu, abioi batean sartuko zaitu, Afrikan agertuko zara, edo Erdialdeko Amerikan, ez pasaporterik, ez NANik, ez ostiarik. Segi! Etxe honetan biziko zara adibidez, txakur koadrila batekin. Ez-ez-ez, ez dago helegiterik, ta gueule!

Noiz arte? Lehertu arte. Ihes egitea lortu arte. Mundua desagertu eta hurrengo egunera arte. Zure estradizioa eskatu arte: Orduan Madrilen espetxeratu nahi izango zaituzte, ordura arte zure etxean goxo egunkaria irakurtzen egon izan bazina bezala, euren akorduaren zain. Ez dago deliturik bahiketa mota horretan; Deportazioa da, XXI. Mendean, alehop!

Eta erbestea Kotxe, zer kondena mota da hori? Zenbat zientoka eta zientoka lagunek egin diote ihes torturari, maskarada judizialei, aldez aurretik idatzitako kondena luze (eta luzagarri eta luzatuei), ordura arteko beren mundu osoaz agurtuz, herri ezezagun batean atzera ere zerotik abiatzeko paperik gabe, lagunik gabe, ziurtasunik gabe…?

Eta azkenik, matti: Sakabanaketa, urrunketa, isolamendua, bakardadea, lehen graduak, parte pozoinduak, mittar-a, debeku ia infinitoak, miaketak, komunikazio ororen espioitza, jazarpenak, umiliazio ahaleginak, dotrinak eta dotrinak, bahiketak, zer kondena mota dira?

Bitxia dela niotsun, gehiegikeria politiko eta judizialen sasoi amaigabeotan, epaitua abokatua izango baita. Defentsa eskubidea munduaren lau ertzetaraino eraman duena, eramateagatik noski. Ez dute nazioarteko atxiloketa eskaerarik luzatuko, deportazioaren garretara hamarnaka lagun bidali zituzten funtzionario ilun horiek identifikatzeko, itauntzeko eta epaitzeko. Zientoka euskal herritar erbestera bultzatutako tortura makineriaren diseinatzaileak, babesleak eta egileak identifikatzeko, itauntzeko eta epaitzeko ez dute post-it bat ere xahutuko. Sakabanaketa politikaren neurri sorta miserablea eta kriminala bere horretan mantentzeaz gain, –gaur egin duten bezala– politika horren biktimei barkamena eska dezaten kurrinka ageri diren arduradun politikoak ez dira epaitegi aurreko ataka batean topatuko sekula. Baina herriz herri zebilen abokatu kabroi hori, nor da? Zer darama maletan? Gazta Montevideoko espetxera! Elkartasuna Maiatza Plazara! Lekukotasunak, Mundu Foroetara! Babesa eta txera, maitasuna eta jakin-mina, elkartasuna eta zer gehiago? Zer gehiago, ozar halakoa? Horren erdiarekin ere aduanetako eskanerrak ketan jartzen diren mundu triste honetan, togadun.

Negargura emango lidake, ez balitz gerta zer gerta, euren doilorkerian, barregarriak direlako.

Matte zaitugu, matte!

Euskal presoak, etxera!