Jose Luis Barbería eta hizkuntzaren arazoa
Euskal gaietan ” kazetari espezialista” da Jose Luis Barbería. Espainiako hedabideetan eta, bereziki, El País egunkariaren baitan.
Gure politikaren aztertzaile zorrotza da eta ederki jakiten du zertaz diharduen gure gairen bat ukitzen duen bakoitzean: ETA, politika, bakegintza, presoak, Nafarroa, Iparraldea… Baina baita euskalgintza edo ikastolen gaia aipatzen dituenean ere.
Anekdota bezala, esan dezagun, bera izan zela Magnus Enzensberger-ekin batera, Joseba Sarrionandia Martuteneko espetxean elkarrizketatu zuena. Sarrionandia ederki damutu izan da elkarrizketa hura eman izanaz. Hala ere, behin baino gehiagotan saiatu izan da, ostera ere, Sarrionandiarenganaino iristen, arrakastarik ukan ez badu ere.
Barbería libratu egin zen El Paísen izandako kaleratzeetatik, eta José Yoldik eta, batez ere, Luis Rodríguez Azpioleak postua galdu zutenetik, orakulu moduko bilakatuta dabil Euskal Herriari eta autonomiei, oro har, dagokien informazioa emateko orduan.
Nire iritzian, eta irakurri diodanagatik, Espainiaren batasunaren defendatzaile argi bezain fina da Barbería. Ikusi besterik ez dago, esaterako, Kataluniako hauteskundeak direla eta argitaratu duen artikulu andana.
Horietako azkenekoan hizkuntzaren aferari heldu dio, betiere espainiar ikuspegi batetik, jakina. La ideología de las lenguas deitu dio.
Artikulu mamitsu bezain luzea denez, arrapataka bertatik ateratako lerro batzuk dakartzat, eztabaida zentzuzko bati ekiteko balioko duelakoan. Euskaltzaleontzat dialektika bikaina proposaatzen zaigu bertan eta ederra litzateke ZuZeun zezenari adarretatik helduz, iruzkin landuak argitatartzea. Utikan troll eta antzekoak, otoi.
Onena artikulua osorik irakurtzea duzu, hain baita mamitsua eta joria La ideología de las lenguas, baina alfertuta bazaude, hara hemen bertatik erauzi ditudan ideia zenbait:
- Hausturarantz doa independentismo kataluniarra eta Espainia elebakarra ez da ohartu sezesionismoaren azpian, hizkuntz politika autonomikoen baitan ezkutatzen den ideologia dagoela. Lurraldetasun arazoa baino, linguistikoa dago hemen. Zergatik ez du Espainiak, beste batzuek bezala, eleaniztasuna kudeatzen asmatu?
- Zenbait eremutan, Espainiak ez du Europako Hizkuntzen Karta betetzen. Alor judizialean, esaterako. Denborarekin “hizkuntza bat-nazio bat” kontzeptua sendotu da, gaztelania hizkuntza inposatu bezala ikusiz eta hizkuntza autonomikoa aldakuntzarako arrazoi bilakatuz.
- Sabino Aranak esan ei zuen, “gure inbasoreek euskara ikasiko balute, guk ahaztu egin behar genuke eta errusiera, norvegiera edo besteren bat ikasi”. Amurizak ere esana da “Euskal Herrian euskara hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokracia(sic) zerri askara”. Era berean, Pujol Maragall eta autore kataluniar zenbaitek esana da hizkuntza (katalanera) dela nazioaren funtsa.
- Hizkuntzarena eremua sakratua da euskaldun, galiziar eta kataluniarrentzat eta horrekin sartzen dena berehala izanen da ilunpetara kondenatua “fatxa” eta “traidore” izenaren pean. Espainiar elebakarrak erresistentzia jartzen dio eleaniztasunari eta elebiduna, ostera, militante suhartsua da gaztelaniaren aurka.
- Independentziarako arrazoi nagusiak ekonomia eta garapen hobearen aitzakiaz estaltzen badira ere, funtsean dena arazo identiotari erromantikoa da. Hizkuntza faktore handia da identitatearentzat, baina ez du kosmobisiorik eskaintzen. Hala ere, hizkuntza bereko pertsonek ez dute zertan berdin ikusi familia kontuak edo harreman sozialak, esaterako. Identitateari dagokionean badirudi funts handiagoa dutela generoak, klaseak edo harreman sozialek.
- Hizkuntza da nazionaren oinarria eta badirudi nazio izateak ematen duela eskubidea independentzirako. Estatu bana eman behar ote litzaioke munduan diren 6.700 hizkuntzei? Zer gertatuko litzateke Europan, non 225 hizkuntza eta 49 estatu diren? Hizkuntza bera mintzatu arren, elkarren arteko gerrak izan dira Bosnia-Herzegovinan eta nazionalismo desbedinak daude Hego Ameriketan.
- Euskal nazionalismoak bere hastapenean arraza kontu bat duen bezala, kataluniarrek hizkuntzak gorpuztutako eredu kulturalista dute. Desberdintzea da kontua. Oso gutxi ikusten dira García, Martínez, López, Sánchez, Rodríguez, Fernández, Pérez, González… eta antzeko abizenak zerrenda nazionalistetan, nahiz eta sarrienak izan populuaren artean.
- XIX. mendetik nation building izeneko eredua jarraitu izan da, gizartea gaztelaniarekin linguistikoki batu ahal izateko, gainerakoak nolabait desagertaraziz. Gertatu da gero eredu berori ezarri izan dutela nazionalistek euren eremuetan, Katalunian, batez ere.
- Espainiako ezkerra tradizionalki aztoratu duen gai hau, Europako leku batzuetan arazoan sartuz konpondu izan dute, hizkuntza periferikoak benetan beren eginez eta ez utziz nazionalistei hizkuntzaren jabegoa. Finean, Hizkuntzen Lege bat behar da, estatuak omen egin behar die hizkuntzei.
- Eta ideia nagusia konklusio modura, literalki: “Badirudi edozein erreformatarako, konstituzionala izan ala ez, Estatuaren desbideratzea eta haustura ekidin nahi bada behintzat, gaiari heldu beharko zaiola funtseskoa baita espainiarren arteko elkarbizitzarako. Fundamentalismo linguistikoa desterratzea da egiteko behinena, hizkuntzen arteko gerrak ekidin eta Espainia arrunta Espainia anitzarekin urtu”.
Mamia nahi beste. Orain ea gauza garen ganorazko hari dialektiko bati ekiteko.
Barberiak dioen gehiena egia da, bururatzen zaizkidan ondorengo hiru adibideen arabera:
1Frantzia inmiserikordea izaten da, badaezbada, frantsesa ez diren gainerako hizkuntzekin
2Kataluña independentziari buruz botatzera ailegatu da, irabazteko aukera handiekin, lehenago katalaneraren inguruko konpaktazioa lortu duelako
3Euskal Herria -edo Euskadi, edo dena delakoa- ez dago independentziari buruz irabazteko moduko botaziorik egiteko moduan, ez dugulako euskararen inguruko konpaktaziorik erdietsi.
Zergatik katalanek bai eta guk ez?
Gaur bertan Leire Narbaizari erantzun diot, zabalago, bere blogean.
Norbaitek hemen irakurri nahiko balu… to!
Independentziatik euskarara ala euskaratik independentziara?
Katalanek, bigarrengotik abiatuta noski, lortu egin dute: independentzia, bai ala ez, botatuko dute.
Zeri esker ailegatu dira helmugaraino, haien artean diren kontraesan ideolojikoak gaindituta?
Duten konpaktazio linguistikoari esker, bistan denez. Katalanez benetan bizi direlako berdindu dituzte haien arteko gorabeherak.
Horrek esan nahi du euskaldunok baino lan handiagorik egin dutela hizkuntzaren alorrean?
Inondik ere ez, horrek esan nahi duena da katalana euskara baino askoz errazagoa izan dela konpaktatzeko.
Hizkuntza dialektala eta rurala izan da euskara oso luzaro, eta batuaren bidezko konpaktazioari ekin zaionean ez zaio modurik errazenean ekin, baizik eta euskal hiztun askori, batez ere euskaldun zahar dexenteri, konplejo linguistikoak eragin dizkion modu garbizale batean.
Espainola –edo gaztelania- hizkuntza nagusia –edo hejemonikoa- dugun Espainiako Erresuman askoz errazago da gaztelaniatik katalanera pasatzea -bi hizkuntza hauek lehengusu propioak baitira- gaztelaniatik euskarara –zer ikusirik ez sintaxian eta gramatikan- pasatzea baino.
Euskararen konpaktaziorako, beraz, gaztelaniarekiko zubiak beharrezkoak ziren, eta lexiko amankomunak ematen zigun zubi hori, baina joera garbizaleak kontrako norantzan eraman gaitu, eta emaitzak begibistakoak dira.
Horrek ez du esan nahi, bat, hiztunok lanik egin ez dugunik, ezta hiztunei lanak eginarazi ere, bi, egin ez dizkiegunik, kontrakoa baizik: munduan inor gutxik egingo zuen guk besteko lanik hizkuntza baten berreskurapenean, nahiz eta bide malkartsu samarra aukeratu genuen.
Euskal Herriko biztanleen gehiengo nagusia espainola hejemonikoaren koordenada gramatikal eta sintaktikoen arabera bizi izan denez, euskararen nagusitzea bagenuen oso erronka zaila berez, gaelikoarena Irlandan bezala, eta are zailago bilakatu zaigu euskarazko lexikoan tokia erraz hartzen zuten-duten espainolezko hitzak urrundu nahi izan ditugunean, joera honek, paradoxikoki, atea zabal zabal utzi baitio euskaldun gehienen ahotan nagusi bilakatzen ari den euskañolari.
Halere, berez genuen zaila, oso zaila, euskara nagusitzea.
Gero eta konbentzituago nago hizkuntzak ikastea, edo hobe esan hizkuntza batez jabetzea, ez dela prozesu intelektual bat, baizik eta ingurunera moldatze –adaptación al medio- ariketa senezko bat.
Bizitza osoa eman dezakegu akademia batean eta gauza izan ez ingelesez moldatzeko.
Hizkuntza batez jabetuko zara hizkuntza horretako zenbait mutur linguistiko –esamolde- behin eta berriro inguruan entzuten baldin badituzu, zu atrapatu arte.
Ia ia -esango nuke- prozesu intelektualari uko eginda; hobe errepikapenak.
Bistan denez, euskarak horretarako dituen bozgoragailuak hutsaren hurrengo dira, espainolak dituenekin alderatuta.
Orduan, errepikapenetarako apenas aukerarik daukan hizkuntza bat da gurea, zeinaren estruktura gramatikal eta sintaktikoak gaztelania super-hejemonikoaren erabat alderantzizkoak diren. Milagro bat izango zen euskara nagusitu izana.
Euskara dialektala sendo samar gorde izan den zenbait herritan baina, itxuraz euskara bai nagusitzen ari da. Euskara sasi-dialektala beti ere, herri horietan erabilera dentsoa denez errepikapenek funtzionatzen dutelako eta trinkotasun horrek euskararantz erakartzen du hiztuna, grabitatearen legeari jarraiki eta hizkuntza ikastearen prozesu intelektualaren gainetik pasata.
Ez da kasualitatea Gure Esku Dago dokumentala Idiazabal bezalako herri batean zentratu izana. Bertan den konpaktazio linguistikoak segida erabat lojikoa bai baitauka independentziaren ideiarekin.
Kontextu sasi-rural horri lotua ere, nago, hitz egin beharko genuke euskal sinbolojia tradizionalaren erabilera coolaz ala kitschaz, baina tira, egin dezagun aurrera:
Nork pentsa lezake Idiazabalgoko lagun euskaldun horiek euskaldunak eta kitto izateko eskubiderik ez dutela?
Ia inork ez.
Besterik da baina, euskarak halako konpaktaziorik ez duen guneetan.
Sinbolojiari dagokionez, gune erdaldun horietan askoz bortitzago ageri zaizkigu, cool ala kitsch, bi mutur horien araberako balorazioak.
Idiazabaletik Bilbora:
Espainolez bizi bazara, badu segida erabat lojikoa txepela izatea Espainiatik bereizteko gogoak. Txepela: tira, aitortzen ditut arrazoi politikoak eta kulturalak Espainiatik bereizteko, baina haiekin loturik ere sentizen naiz, nire hizkuntza berean –gaztelaniaz- bizi direnekin senidetuta.
Eta horrela pentsatzen ez duten abertzale erdaldunak, askotan, fanatiko batzuen modura ageri zaizkie gaztelaniaren bidezko hizkuntza-lotura hori bere buruari ukatzen ez diotenei.
Nahiz eta euskaraz jakin, nagusiki gaztelaniaz bizi bazara, komodo eta barruan sentitzen zara Espanian, halakorik aitortu ez arren.
Katalan abertzale ia guztiak, ordea, nagusiki katalanez bizi dira, eta gero, bigarren maila batean, espainolez.
Gurea oso kasu berezia da, euskaraz dakiten hiztun asko –gehienak?- bere buruarekin espainolez mintzatzen direlako.
Eta hiztun gutxi dago, oso gutxi, euskaraz ondo -edo oso ondo- jakinda ere… gaztelaniaz bezain ondo -maila jasoan zein kolokialean- moldatzen direnak.
Nire ingurura begiratu, eta eskuen hatzamerrekin konta ditzakedala esango nuke. Nire inguruan badira puntako idazleak, musikariak, linguistak… Ba ia guztiek, euskaraz ondo -edo oso ondo- moldatu arren, askoz errekurtso linguistiko gehiago dituzte espainolez, bai maila jasoan hitz egiteko eta zer esanik ez maila kolokialean.
Gauzak horrela, ulergarria da gure hiztun askori –izan zahar izan berri- gerta dakieken eten estetikoa. Zein soineko jantzita sentitzen dira hobeto?
Ez nabil esaten gaztelania aberatsagoa denik, baizik eta gaztelania asko errepikatzen dela gure inguruan. Ondorioz, gaztelaniaz bagara adjetibazio ia amaitezin baten jabe, euskaraz oso adjetibo gutxik inguratzen gaituzten bitartean, eta hau ez da konpotzen, zoritxarrez, nobelak adjetiboz betetzen, inor gutxi dabilen linbo batean galduko baitira. Ez nabil esaten, beraz, euskal adjetiborik egon ez dagoenik, baizik eta ezin ditugula haiek eraginkortasunez errepikatu, eta gauza bera gertatzen da hizkuntzaren beste eremu batzuetan, gehienetan.
Horretaz arduratu beharko luke gure linguistikak, euskararen erabilerarik eraginkorrena antolatzeaz, gaztelania eta frantsesa super-nagusi diren gure eremu honetan. Baina, batez ere, zuzentasunaz –bekatu linguistikorik ez egiteaz- arduratzen denez, gure linguistikatik eratorritako soziolinguistika ere, nagusiki, bekatuaz ari zaigu, hizkuntzaren teolojia bat bailitzan (ekolojia, hololinguistika, eta enparauen bitartez).
Kataluñan ez dute halako teolojiaren beharrik, haien hizkuntza espainolaren lehengusu propioa delako eta erraz ikasten duelako espainoletik datorren edonork.
Perspektibaz begiratuta, Kataluñaren eta Euskal Herriaren arteko desberdintasunik handiena bertan da, eta bertan du oinarririk sendoena –oinarri suntsiezin bakarra ere, esango nuke- han gertatzen ari den prozesu independentistak.
Ez dakit zuzeu-n jada aipatuta dagoenik, baina zuk esaten duzunarekin lotuta dago, nire ustez, liburu hau:
Hizkuntzen berdintasun kominikatiboa: errealitatea ala mitoa? Mikel Mendizabal Ituartek idatzitako liburua.
Fede onez idatzitako artikulua bada, pinu handiren batetik erori berri da Barberia: “Lurraldetasun arazoa baino, linguistikoa dago hemen. Zergatik ez du Espainiak, beste batzuek bezala, eleaniztasuna kudeatzen asmatu? Zenbait eremutan, Espainiak ez du Europako Hizkuntzen Karta betetzen… Denborarekin “hizkuntza bat-nazio bat” kontzeptua sendotu da, gaztelania hizkuntza inposatu bezala ikusiz eta hizkuntza autonomikoa aldakuntzarako arrazoi bilakatuz.”
Espainiak sekula ez du eleaniztasuna ez kudeatu, ez onartu ere. Espainiaren mendetako hizkuntz politika, gaztelania ez beste guztiak desagerraraztea du helburu.
Fede onez idatzitakoa bada, gizon honek Madrileko betaurreko lodiz ikusten du errealitate linguistikoa. Gaztelania hizkuntza inposatu bezala “ikusi”? Espainiera inposatzen zaigu egunero, eta eremu askotan, Konstituziotik hasita. Madrilen bizi denari bost.
.
“Espainiar elebakarrak erresistentzia jartzen dio eleaniztasunari eta elebiduna, ostera, militante suhartsua da gaztelaniaren aurka”
Gizon hau edo zeharo oker, edo bazterrak nahastu nahian dabil. Nor dabil hemen gaztelaniaren aurka?
“… badirudi nazio izateak ematen duela eskubidea independentzirako. Estatu bana eman behar ote litzaioke munduan diren 6.700 hizkuntzei?… ” Galdetzen du harriduraz edo, baina erantzun ere, berak erantzuten du… “Hizkuntza bera mintzatu arren, elkarren arteko gerrak izan dira Bosnia-Herzegovinan eta nazionalismo desbedinak daude Hego Ameriketan”. Arranopola…
Arrazakeria egozten dio euskal nazionalismoaren hastapenei, beste behin ere ahaztuz espainiarrak izan zirela arrazaren gurtzaile sutsuak, sekulako garbiketa etnikoak eginez lehenik penintsulan eta ondotik ameriketan. Abizenen topikoari heltzen dio lotsagabe…
“No nacionalista” espainiarren topiko “antinazionalisten” ohiko bilduma darabil.
“XIX. mendetik nation building izeneko eredua jarraitu izan da, gizartea gaztelaniarekin linguistikoki batu ahal izateko, gainerakoak nolabait desagertaraziz…”
XIX. mendetik??? Espainiarrak naxionbuildin delako hori aplikatzen ari dira askoz lehenagotik. Nebrijak berak argi erakutsi zien bidea Errege/gin katolikoei…
“Gertatu da gero eredu berori ezarri izan dutela nazionalistek euren eremuetan, Katalunian, batez ere”… Kopeta latza behar da. Ez dut uste beste komentariorik merezi duenik.
“Finean, Hizkuntzen Lege bat behar da, estatuak omen egin behar die hizkuntzei… Fundamentalismo linguistikoa desterratzea da egiteko behinena, hizkuntzen arteko gerrak ekidin eta Espainia arrunta Espainia anitzarekin urtu”
Serio baldin badabil, ez dauka lanik ia, bere Espainia cainita, marianita eta felipita hori, aniztasunaren errespetuaren bidera eramaten.
Berririk ez, El Pais-en.
Zur eta lur utzi naute zuk esan dituzun aitorpenek. Espainarrak arrazistak direla, eta iberiar penintsulan eta amerikan etnikoki garbiketa egin dutela… lotsagabe eta arrazoiak eman gabe. Ba, ok.
Eta horrela esan duzun guztiarekin…
Lotsagabe eta arrazoiak eman gabe? Faborez…
Ameriketako genozidioaz ez dut uste azalpen handiegirik eman beharra dagoenik. Jatorrizko amerikarrak desagerraraziak izan dira eremu zabaletatik, eta bertako gizarte guztietan erabat baztertuak dira egun ere. Informazio pittin bat hementxe: http://www.lahaine.org/mundo.php/genocidio-en-la-conquista-de-america-149-1573. Bestalde, espainiarrek kasta sistema bat ezarri zuten bertan, arrazan oinarrituta, egunotan ere bizi-bizi dirauena hainbat herrialdetan. Eta aurretiaz sekulako garbiketak eginak zituzten Espainian bertan, juduak edota mairuak txikitu eta bota arte. Arrazoi gehiagorik behar baduzu, eskatu lotsa gabe.
Bada, erdi-aroan zegoen pentsamenduarekin oraingoarekin alderatzen badugu denok, bai, denok izango ginateke arrazistak. Ez dut nahi zuek pentsatzea justifikatu egiten dudala, baina horrela zen.
Bestalde, judien eta maurien kasuetan, erlijioagatik egin zituzten, ez arrazagatik. Zuk badakizunez, erlijioak ez dira arrazak.
Nik es dut uste espainarrak euskaldunok baino arrazistagoak direnik. Dena den, hau ez da artikulu jorratzen duena.
Hedabide nazionalista espainiarrek (ia guztiek) egozten diete abertzaleei (eta euskaltzaleei) arrazakeria, eurok izan direlarik arrazakerian aitzindari (erdi arotik gaurdaino).
Baina hori ez da eztabaida, arrazoi. Zer irizten Barberiaren harrikadak?
Barberiaren gaurko harribitxia, Radio Euscañík txintxo-txintxo jasoa:
EUSKALDUNIZAR A LA FUERZA
La recuperación del vascuence y la construcción nacional ha exigido el sacrifico laboral de miles de personas…
http://politica.elpais.com/politica/2015/09/22/actualidad/1442936658_416697.html
“Euskaldunizar a la fuerza” artikulua irakurri dut.
Tira, nik uste, esan ohi den bezala, ilargia eta hura sinalatzen duen hatzaren arteko bereiztea komeni dela.
Hatza, Matias Mujika, Joseba Abaitua, Xabier Zabaltza eta Barberiaren iritzi eta artikuluak dira.
Ilargia, espainolaren normalizazioa eta euskararen anormalizazio bilatzen duen kanpaina da, Elpais eta PSOE/PSE egunkari eta alderdi ultranazionalisten eskutik.
Hatzari dagokionez: hiru tesi sozializatu nahi dira, despistatuek gauza berriren bat ikasi ustez bezala errepika ditzaten: 1) Historian zehar Euskal Herrian bizi izan den jendearentzat euskara hizkuntza arrotza izan dela eta 2) euskara – gutxiengo baten hizkuntza arrotza- inposatzen ari dela Eusko Jaurlaritza bere politika abertzaleen erruz, 3) Guztiok espainolez egitea naturala dela, baina euskararen ezagutza unibertsalizatzea euskara ideologizatzea dela.
Ez naiz sartuko, ez du merezi-eta: Zabaltzari badiot errespetu intelektuala, horixe baietz. Besteei ez: zinismoa, iruzurra eta abusoa ez dira diskutitzen, salatu egiten dira:euskararen inposizioari buruz ari denean, Mujikaren jarrera zinikoarena da; Abaituaren argudioak eta ondorioak, berriz, iruzur zientifikoan ertze ertzean daude proba (oso) ahuletan oinarrituriko hipotesiak errealitate gisa saltzeagatik; Barberiarena, berriz, bozgorailu potenteak erabiltzen dituen kazetari-morroiaren lana da: zein ondorio saldu nahi duen, hala osatu du artikulua.
Orain, benetan axola duena, ilargia: Zergatik artikulu andana hau? Funtsean, Kataluniako sustoagatik eta D ereduaren arrakastak sozialki eta politikoki suposa dezakeenagatik. Helburua murgiltze eredua jo puntua jartzea da: giro diskurtsibo berri bat sortzeko asmoa dago atzean, eta eredu hirueledunaren aldeko apustua.
D ereduan ibiliko diren gehiengoaren etxeko hizkuntza espainola dela badakitenez, Elpaisekoak jendartean euskararen murgiltze ereduaren aurkako giroa harrotu nahian dabiltza.
Izan ere, murgiltze eredua, berrogei urte eta gero, hegemonikoa ari da bihurtzen EAEn. Horrek sortzen die ezinegona eta ondoeza unionistei.
Euskararen erabileraren normalizazio bidean, akatsak, miseriak, zailtasunak eta frustrazioak ugari dira, baina aurrerapausoak ere bai: berrogei urte eta gero, agian, agian, euskal gizarte berri bat sortzea posible izango dela ari da agertzen; hau da, hiritar ia guztiak euskaraz ulertzeko behintzat gai izango diren EUSKAL GIZARTE ELEBIDUN bat, horrek euskararen erabilerari dagokionez esan nahi duenarekin eta, horrek, mundu guztiak dakienez, euskalduntasun eta espainoltasun sentimentuei dagokionez esan nahi duenarekin.
Hizkuntza ereduak jarri zituztenean, D eredua Araba eta Bilbo inguruan, batez ere, marjinala izango zela kalkulatuko zuen ilustratu askok. Baina zer gertatu da? ba, toki hauetan ere D ereduak A eta B ereduei gain hartu diela. Egun, matrikulatzen den ikasleen %80 D eredutik igaroko da bai Araban bai oro har, EAEn. Eta Nafarroan hartuko den dinamika itxaropenez ikuskizun…
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa ez da proiektu abertzalea, zibikoa baizik: Elebidunak bere interlokutoreari hizkuntza hautatzeko askatasuna ematen dio; elebakarrak ez. Ezagutza da erabilera ez inposatzeko modu bakarra: interlokutoreari hizkuntza inposatu nahi ez bazaio, ezinbestekoa da bi hizkuntzak ezagutzea.
Hemen, problema ez da euskal abertzaletasunak hizkuntza ideologizatzen duela, hemen problema da Espainiak elebidunentzat daukan proiektu ideologikoa zinikoa, iruzurtia eta gutxiespenezkoa dela, handi izate hutsagatik txikiak handiari arrazoia derrigorrez eman behar diola uste duena; “por fuerza”, Barberiak esaten duen bezala.
Espero dut eraso hauen aurrean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak irmo eutsi eta amorerik ez ematea. Jai dugu bestela.
Benetan eskertzekoak iruzkin guztiak. Pena, ordea, Itzainek, Arangizek eta Lepaluzek zuen izen-abizenez ez sinatzea. Balio handiagoa luke eztabaidak, zinez.
Arrazoi duzu, Hasier. Egia esan, zurea irakurri aurretik beste mezu bat idaztekoa ere banintzen, izena emanez. “Zinismoa” eta “iruzurra” hitz gogorrak publikoki aipatu ditudalarik, zor diet M. Mujikari eta Abaituari nire izena agerian jartzea.
Bide batez, aurreko iruzkinari bigarren bat ere gehitu nahi nioke, zintzotasun intelektualaren amorez. Nolabait ere, aurreko txanponaren beste alde bat azalduz, Mujikaren zenbait azpimarrarekin bat egiten duena.
Euskaldunok Euskal Herri osoan euskaraz bizitzeko eskubide guztia dugula uste dut eta, ondorioz, Euskal Herriko eskola ereduak Kataluniakoak bezalakoa izan behar zukeela. Alabaina, esan behar da datozen urteetan EAEn behintzat nahikotxo orokortuko den D ereduak, puntu batetatik aurrera, nolabaiteko iruzur edo simulakro bihurtzeko aukera handi handia duela.
Puntu hori zein den? Ba, bere burua abertzaletzat duten elebidunen arteko espainolezko elkarrizketak gauzarik normalena bihurtzen direnean.
Nik ulertzen dudanaren arabera murgiltze ereduaren baitan gizarte proiektu elebidun bat dago, zeinetan, batak besteari zentzua ematen dion bi konpromiso ageri diren : alde batetik, abertzale ez direnena, hizkuntza hegemonikoan bizitzeko hautua eginik, halere bizilagun dituzten euskaldunekin hitz egiteko ia beste ezertarako balio ez duen hizkuntza bat ezagutzekoa; bestetik, abertzaleena, euren herriare hizkuntza, hizkuntza nazionala ezagutu eta erabiltzekoa.
Gaur gaurkoz, EAEko familiarik gehienek haurrak D ereduan matrikulatzen dituztelarik, uste dut esan litekeela tratuaren parte bat betetze bidean dela, baina bestea, abertzaleen erabilerarena?
Jo dezagun, urteak joan, urteak etorri, elebidun kopuruaren ehunekoak gora egiten duela ia unibertsalizatzeraino; euskararen erabilerak, ordea, ez, besteak beste jendearen gehiengoari -abertzaleei barne- ez zaiolako txikitasunarekin loturiko gutxiengo baten parte izatea gustatzen. Orduan zer?
Orduan ez geure buruari ez beste inori iruzur ez egitea tokatuko da: bere buruari abertzale esaten diotenek, korrontearen alde nahiz kontra, euskararik erabiltzeko asmorik edo borondaterik aski ez badute, besteri euskara ikasteko eta euskaraz ikasten ahalegindu daitezen eskatzeko eskubidea galtzen hasiko dira, normala denez.
Gaur egun, elebakartasuna nagusi delarik, egoera baloratzea ez da erraza, baina elebitasuna nagusitu eta belaunaldi berriak kozkortu ahala gauzak geroz eta argiago joango dira ikusten.
Zuzeun bertan maiz aipatzen den gaia da, pasarte esanguratsuak mila, eta, bistan da, interesa duenak badaki kontu honi buruzko zantzu kezkagarriek ia gainez egiten dutela.
Ba gaur J.L. Barberiak Hizkuntza Aurreiritzien gaineko ikastaro trinkoaren hirugarren emanaldia oparitu digu:
http://politica.elpais.com/politica/2015/09/23/actualidad/1443023315_233547.html
Kataluniako hauteskundeetarako hiru egun baino falta ez direla, probokaziotzat jotzekoa da “El Periodico Global”aren eraso bortitza. Noren eta zeren mesederako, eurek jakingo dute, baina tira.
Atzoko artikuluari dagokionez, historiarekiko tema hori oso deigarria -eta nekagarria- gertatzen zait, zehatz-mehatz, euskalduntze berantiarraren hipotesi famatua nola erabiltzen den euskal nortasunari zilegitasuna ukatzeko. Ideia horren alde sutsuki aritu den Almagro Gorbea arkeologoak bidea urratu zuen, auziaren gainean idatzi duen bakoitzean ez baitu abertzaleak egurtzeko aukerarik huts egin. Dena den, artikuluan Barberiak Abaitua aipatzen du, “euskaldunen harropuzkeria” apaltzeko beti ere euskaldun bat aipatzea sinesgarriago izaten delako: “Si lo dice uno de ellos…”.
Arestian, Atapuercako zenbait aurkikuntza ere zentzu berean erabiliak izan dira (“Euskaldunek ez dauzkate 7.000 urte, 5.000 baino ez…”, “Euskaldunak ez datoz Paleolikotik, gehien jota Neolitikotik”, etab.). “Euskaldunak berez ez dira existitzen ere”, hala laburbiltzen da txotxokeria horien mezua. Jakina, sasi-argudiook absurdoraino eraman genitzake: EAEko biztanleek ez daukate euskal (akitaniar?) nortasunik edukitzeko eskubiderik -eta, zer esanik ez, independentziarako are eta gutxiago- , orain 1.500 bat urte “euskaldunduak” izan zirelako soilik. Bon, orduan Akitaniako biztanleek bai, eta beharbada nafarrek ere bai -eta Oarsaldekoak ere gaineratuko nizkioke zerrendari, Oiartzunen topatu zutelako izen “akitaniar” horietako bat daukan Andrearriagako hilarria. Oiartzun ibaiaz haraindian ez, ordea. Nafarroa eta “Frantziaren hegoaldeko” zenbait tokiren euskaltasuna ezkutatzeko eta ukatzeko horrenbeste ahalegin eginda, eta hara, hangoak omen dira euskaldun (akitaniar?) berdarero bakarrak… Orain harira ez datozen zenbait arrazoi medio (eta arrazoi politikoak ez dira pisutsuenak, gainera), euskalduntze berantiarraren hipotesi horretan ez daukat fede handirik, baina hala balitz ere, egiazkoa izanda ere, “Eta zer?” etortzen zait beti burura.
Zeren eta bien bitartean Espainiaren batasuna ezin baita hautsi, zergatik eta 500 urte dauzkalako, gaur bertan El Pais-en bertan Jose Luis Gomez aktoreak gogorarazi digunez. Ba bale.
BARBERIDADE BAT BESTEAREN ONDOTIK
“Mucha gente obvia en nuestro país que millones de españoles sueñan y piensan en catalán, en euskera, o en gallego y que muchos de esos hablantes respaldan la causa secesionista porque se les ha convencido, a menudo desde sus instituciones, de que su lengua es menospreciada en el resto de España o corre el riesgo de extinguirse”
Honen antzeko dozenaka harribitxi idatzi ditu gizon honek espainiar aparatuaren egunkari nagusian. Barberiaren kasua isolatua balitz, pinu hartatik erori izanari leporatuko genion akaso idatzitako alukeria. Alabaina, Prisa, Vocento, RTVE, eta oro har Espainian errotutako hedabide nagusi gehien-gehienen mezua oso antzekoa da hizkuntza gutxituei dagokienez, fintasunak fintasun supremazismo gaztelau uniformizatzailea oinarri. Ez da gaurkoa. Ondoko hitzak ez dira Sabater, Rivera edo Ynestrillasenak. Sanchez Albornoz errepublikar ospetsuarenak dira:
Pero yo le decía al presidente del Gobierno Vasco cuando yo era presidente de la República en el exilio: hablen el vasco, si es que pueden, porque la mayoría no lo saben, pero a pagar impuestos como todos los españoles”.
“No nacionalismo” espainiarrak lotzen ditu franquistak eta sozialistak, errepublikarrak eta monarkiaren aldekoak.
GURE ERAKUNDEAK EUSKARAREN ALDE KONSPIRATZEN… ETA GU EZER JAKIN GABE!
Pozik geundeke asko eta asko, hala balitz. Gure errealitatea oso bestelakoa da, baina.
EAEn agintean dozenaka urteak egin dituen EAJ-k, erdaldunak ez molestatzeko hizkuntz politika darabil kasurik onenean (noiz behinka, Gipuzkoatik Markel Olanok pox txikiren bat ematen badigu ere). Lotsati, “neurriko”, edota “neutral” ageri ohi da. Euskararen aldeko ekimenetan eta kanpainetan boluntarismoa sustatu ohi du EAJ-k, zama elebidun despistatuen gainera botaz, baina borondate hori laguntzeko neurririk hartu gabe gehienetan. Eusko Jaurlaritzako euskararen erabileraren egoera eta bilakaera, politika horren emaitza pobreen adibide aratza dira. Arazoak dauzka alderdiko zenbait kargudunen jarrerarekin euskararen aldeko neurri zehatzak ezartzeko garaian, eta horrela, berez batere erraza ez den erakunde publikoetako euskararen erabileraren normalizazioa, ametsa da oraindik, Estatutua onartu eta 35 urte geroago ere.
Egia osoa esatera, bertan dihardugun dozenaka eta dozenaka euskaltzaletotal ziurtagiridunok ere, ez gara bereziki sutsuak… sutsuak barik diskretoak garela esango nuke,… eta diskretoak barik, geldoak? Artritikoak? Hortxe-hortxe. Muy baskos edo.
.
Ezker abertzaletik aldiz, gogoa bai, baina egitasmo eraginkorrik ez da ageri, Gipuzkoan ez bada, berriz ere. Gainera, herrialdetik herrialdera, herritik herrira, hautetsitik hautetsira, sekulako aldea dago euskararekiko jarreretan.
Nafarroan adibidez, noraeza eta utzikeria agerikoak dira. Hainbat udal gobernatu ditu urte luzez eremu “euskaldunetan” horietan politika aurrerakoiak ezartzeko aukera izan du, baina ez da hala gertatu. Itxurak egin bai, baina praktikan azaleko neurriak hartu izan ditu gehienetan.
Gobernu berriarekin ere, ez dakit norainoko aldaketa ikusiko dugun, aurrekariei erreparatuta.
Barberia eta “no nacionalismo” espainiar osoa ere, lasai egon daitezke, erakunde abertzaleei dagokionez.
ALDERDI UNIONISTEK BADUTE HIZKUNTZ POLITIKA SENDO BAT
Gaztelania ez diren beste hizkuntzak desagerraraztera zuzenduta, hori bai.
Eta sekulako ahaleginak eta inbertsioak egiten dituzte langintza horretan. Ez dute imintziotan astirik galtzen, gainera. PSOEko López eta Mendia “eskuzabaletatik” hasita, PPko Urquijo edo Oyarzabaleraino, oso argi dute zein den euskararen lekua: euskararen etxea eta antzekoak. Museoak alegia.
Politikari abertzaleen eta unionisten arteko aldearen adibide xume bezain argigarri bat: Unionistek españolez jarduten dute ia beti, harro, Eusko Legebiltzarrean eta nonahi. Abertzaleek aldiz, otzan onartzen dute Madrilen euskaraz jarduteko debekua, eta españolez jarduten dute euskaraz baino gehiago Eusko Legebiltzarrean bertan ere (salbuespenak salbu).
Nondik aterako zuen Barberia jaunak, erakundeen ustezko doktrinatze ohitura horien teoria? Handia behar zuen pinuak gero…
ERDAL BRUNETEAREN AURKA, BOU-BERRIA, BOU-ARGIA ETA GUTXI GEHIAGO
Katalunian ez bezala, hedabideen eskaintza ikaragarri desorekatua da espainierazkoen alde. Horien artean, hedabide abertzale erdaldun andanatxoa, beren irakurle-entzule-ikusle gehien bat elebidunak, erdaraz elikatzen dituztenak “Euskal Herriaren alde”.
Euskarazko hedabiderik apenas dago kioskoetan. Euskarazko irratiak dira datu duinak agertzen dituzten hedabide generalista bakarrak (galdera bat hala ere: jakin daiteke zer dela-eta jotzen den EiTB-musika, euskal katetzat?)
Interneteko euskarazko eskaintza oso-oso juxtukoa da, eta sakabanatuta ageri da (zertarako bilduta eskaini, ezta? Nabiga dezagun libro-libro, uhartetik uhartera, erderen itsasoan…). Telebistarena, azkenik, dramatikoa da. ETB1en ikusleria datuak negargarriak dira, %2 ingurukoak (eta zenbat eta gazteago, are ikusle gutxiago), baina ez dirudi gure alderdi abertzaleei kezka handirik eragiten dienik. Euskararekiko duten ardura mailaren erakusle.
Erdal Brunete mediatikoak, euskara museoratzeko lanean dihardu egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Vocentok berak, EAEko prensa-irakurle guztien %75 baino gehiago dauzka. Horiei El Mundo, El País, ABC eta enparauak gehituz gero, 900.000 irakurletatik gertu dabiltza. Lumazorrotz supremazista armada bat euskarari, euskaldunoi, eztenkadaka.
Horiei aurre egiteko, Berria eta Argia, eta atzerago, egunkari abertzale erdaldunak baino ez dauzkagu. Guztien artean 250.000 irakurle inguru.
Euskararen berreskurapenean urratsak eman nahi badira, aldeko giroa erein eta zabaltzea ezinbestekoa da, jakina. Badauzkagu lemazain onak, argudio sendoz betetako luma zorrotzak. Barberia eta konpainiari aisa aurre egiteko trebeak eta jantziak… baina agintean daudenen bultzadarik eta hausporik gabe, ez doaz, eta ez goaz inora, eta nago agintari abertzale gehienak ez daudela borroka honetarako. Zeharo oker egongo ahal naiz.