Joan-etorria, kamioia bezain luzea

Joan-etorria

EITB-n aste osoan zehar azaldu dela iruditu zait. Dirudienez ez da kruzerorik iritsi egunotan porturen batera, eta albistegia zerbaitekin betebehar. Ehun metroko pieza japoniar demonio hori, Pasaiatik Zangozara kamioi batean eraman beharra zeukatena froga batzuk egiteko.

Kontatu digute logistika, kontatu dizkigute pisua, luzera eta zabalera; kontatu digute aerodeslizadore bat dela. Inoiz Euskal Herriko errepideak zeharkatu dituen tramankulu handiena. Faseak kontatu dizkigute, zehatz-mehatz: Pasaia-Orereta, Orereta-Beasain, Beasain-Etxegarate, Etxegarate-Altsasu (guardia zibilen kontrola pasa beharko du han), Altsasu-Zangotza; edo antzeko zerbait, edo ez, edo berdin zait.

Egun batean hori esan albistegian, eta hurrengo egunean berriz. Benga.

EITB-ko albistegiek izaten dituzte horrelako kontuak, horrelako hego-haizeak, horrelako boladak. Gairen bat gustatzen zaie, eta ala, zukutu eta zukutu, egun batean bai eta hurrengoan ere, eguerdi eta gau. Aurrena ardoa, gero kalimotxoa, ondoren sangria, jarraian ardo-zopak, finean albiste izan daitekeen zerbait urardotzen. Duela gutxi gertatu zaie Tronuen Demarekin, edota Trumpen Demarekin (amnistiaren dema ezik edozer).

Joan-etorria
Arg: Diario Vasco

Ni neuk aterako nuke albiste bezala, onartzen dut, baina behin, ia. Kontua da masa hedabide guztiek eman diotela antzeko kantxa gai honi, eta noski, kaleak pentsatzaile libreez bete dira, mugikorraren aroan horrelako gertaera garrantzitsua grabatzeko. Ni han egon nintzen. Aldamenean harrapatuz gero nik ere emango nioke begirada bat kamioi puska horri, barnealde malerusa elikatu eta bazterren bat joko lukeen begira.

Baina kontuz. Kontuz. Kamioi eta pieza santuak Zangozatik Pasaiara itzuli beharra baitaukate, eta ziur naiz oraindik aerodeslizadorea tarte luze batean jasan beharko dugula. Joana ikusi dugu; orain etorria dator.

Joan-etorria
eitb, Joan-etorria, kamioia, pasaia, zangoza

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

2 pentsamendu “Joan-etorria, kamioia bezain luzea”-ri buruz

  • euskaldun bat 2016-11-21 19:06

    Ez dakit zer esan nahi duzun? Beti kontu bera astuna dela? Eta futbola ez al da astuna? Asteburuero beti berdin. Eta Raxoy, Podemos eta piparpotoa… beste konturik ez. Eta besterik ez. Aukeran, kamioia alde ederreko kontua, didaktikoa.

  • A. Osinalde 2016-11-22 13:00

    Kaixo! Futbola pisutsua, oso, eta estatuko berriekin ematen duten matraka ere zer esanik ez. Kamioiarena didaktikoa? Bai, baliteke 100m-ko tramankulu baten aferak kontatzea interesgarria izatea, aitortzen dut, baina egun baterako. Egunero egunero ari dira. Tronuen Demarekin ere berdina egin zuten, egunean bi aldiz publierreportaia. Eguraldia albiste denean pasa egiten dira, nire ustez; kruzeroen inguruko erreportaietan ere espezializatuko dira. Nik gertaera horiek tratatzeko maneran Telecinco edo ElCaso-ren “amarillismo” ukitu bat ikusten dut, albistea ez dagoen tokian albistea egitea. Ezberdintasuna da T5 pribatua dela eta EITB publikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude