Jo ta Ke, barrez lehertu arte

Politikaz mintzo gara, ala futbolaz; edo biak nahastu behar ez direla esan eta kirolaren erabilera politikoa egiten dutenez.

Iragan larunbat gaua Bartzelonan, Athletic eta Barçaren arteko Kopa Finala; txistu hots izugarria Nou Camp zelaian eta amorru bizia Espainia aldean. Hona zaunkaden bi adibide: “Jo ta Ke” ABC egunkarian eta Adurizen barrea AS egunkarian.

Jo ta Ke, barrez lehertu arte

Adibideak aztertu baino lehen, kontu bat 120 dezibelio ingurukoa edo hegazkin batek aireratzean bestekoa izan ei den txistualdiari buruz.

2009an Valentzian jokatu zen Errege Kopako Finala, asteon ere zelaian arerio eta harmailetan lagun izan diren bi taldeen artean. Espainiako ereserkiak bertan jaso zuen zaparrada zela-eta, Denaes Fundazioak (Defensa de la Nación Española) salaketa sartu zuen Audientzia Nazionalean, Pedraz epaileak onartu ez zuena, adierazpen askatasunaren barruan kokatu baitzuen gertakaria -Nazioarteko Giza Eskubideen aldeko fundazioa ere iritzi berekoa da-. Beraz, oraingo honetan isunen bidez zigortu nahi duten kontuak baditu aurrekariak.

Pankartak eta logotipoak

Vocento taldeko ABC egunkariak (Diario Vasco eta El Correo-ren anaia nagusiak), Kopako Finalaren harira, bi berri lotsagarri argitaratu zituen atzo -edizio digitalean irakurri genituen biak-:

Jo ta Ke, barrez lehertu arteLehena ezkerreko argazkiak laburtzen du. Txioa ezabatu eta goizeko ordu bietan beste txio baten bidez barkamenak eskatu zituen ABC-k, okertu egin zirela-eta. Honela zihoen Vocentoko egunkari nagusitik jada desagertu den berriak:

“(…) `Jo ta ke irabazi arte´, historikoki ETA zaleek eta etakideek erabili izan duten leloa, eta azken urteetan San Mamesen ere entzuten dena. (…) Leloa ez da soilik etakideek erabilia izan, hori egia da, baina ETA eta inguruari estu lotua dago”.

Bigarrenak bi taldeak ditu jomugan, eta lehena baino garatuagoa izan arren hura bezain faltsua da; “Barcelona y Athletic reniegan del logo de la Copa con los colores de España” du lerroburu.

Berriaren arabera, logotipo rojigualdoa beharrean, soilik urre koloreko kopa eramatea eskatu ei zioten bi taldeek Espainiako Futbol Federazioari, eta honek baiezkoa eman; sekula holakorik!

Jo ta Ke, barrez lehertu arte“Finalerako 24 ordu baino falta ez direla, detaile gehiago ezagutzen ditugu eta denak asmo beretik doaz -ABC-ren aburuz-: partida politizatu eta desafio nazionalista bihurtzekoa”.

Nahiago genuke kontu txiki hau, pitokeria galanta bada ere, egia balitz; baina ez, ez da egia. Hemen duzue Kopa Finalean Athletic-ek jantzi zuen kamisetaren detailea, eta logotipo bera zeraman Barçak erabili zuenak ere.

 

Irribarre jazarria

Oraindik negargarriagoa da AS kirol egunkari madrildarrean Athletic taldeko Aritz Adurizen kontra bota duten salaketa merkea: “no paró de sonreír durante la descomunal pitada al himno”; gaiztoa da gero aurrelari gipuzkoarra!

Azpiko bideoan Aduriz serio demonio ikusten da hasieran, eta bat-batean, zerbaitek harritu izan balu bezala, (kartzelatzeko moduko) irribarrez.

Txistualdia dela, partida bera edo Bartzelonara joandako Athletic zaleak direla, asko dira gaiak gogaitu dituenak (edo EiTB-k gaiari emandako espazio ustez zabalegiaz kexu direnak). Eta beraz, amaitu dezagun guk geuk ere, kontua noraino heltzen den ulertzeko balio dezaketen bi txiorekin; euskal politikarienak biak.

Athletic-en aldekoa, oraindik Arabako Diputatu Nagusia den Javier De Andresena (PP-koa); Athletic-en kontrakoa Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izan zen Rafaela Romerorena (PSE) -asko bota ditu egunotan, burlaizez batzuk-.