Jesus Egiguren: “Martxa honetan Espainiari Perejil bakarrik geratuko zaio”

Jesus Egiguren

Konturatzerako liburuak begiratzen ari da Jesús Egiguren, Pello Rubio Txillarreko ugazabarekin, Garoa liburu-dendaren sarrerako lehen apaletan. Zabaleta kaleko 34. zenbakian, urre koloreko patata tortillengatik ezaguna den izen bereko tabernaren parean, bezero bat gehiago dirudi. Gorbata urdin marradunak lepoa inguratzen dio, ziur asko, bere alderdiko askok estutuko liokeena baino lasaiago. Aktore bakarra falta da bake prozesu labainkorra hasiko zuen Txilarreko mahai hura berpiztu ahal izateko. Hitzaldia hankamotz geratu da halabeharrez, Arnaldo Otegik luzerako baitu kartzelan, edo hala iragarri dute behintzat Auzitegi Konstituzionaleko epaileek. Aurrerago antolatu beharko da hiruren arteko solasaldia, antolatuko bada. Hasierako kortesiazko agurren ostean, berotu ahala, ezin du haserrea disimulatu: “Ezker Abertzaleak alderdi egonkor eta sendoa eraikitzea eragoztea dute helburu Bateraguneko atxiloketek, Espainiak beldurra dielako ditu dirigente gehienak kartzelan”. Bizarrik ez ahoan.

Kontraesanetan eroria baino, kontraesana bera dirudi Egigurenek. PSE-EEko ohorezko presidentea da, baina ahots ofizialek dute zokoratzen. Daitor ez dela Loiolako mahaia partekatu zuen Ares burkidearekin mintzatzen. Behar baino lasterrago, amaitu gabeko lanak utzita, erretiratu dutela iradokitzen du: “Beti lanean aritu garenak bota gaituzte eta agintzen jarri dira”. Nor? Ez da argi geratzen, baina, amaiera garrantz horrekin kontrastean kontatzen du ezker espainiarrak sinbolo guztiak galdu dituela. “80. hamarkadan PSOEko ezkerraldeko mitinetan ‘Aquí esa kuskurriña no!’, esaten ziguten UGTko zenbait militantek, espainiar rojigualda altzoan, eta errepublikar batek ‘nire aita bandera hori altxatzen zutenek fusilatu zuten’, erantzuten zien”, dio ohorezko presidenteak. “Bandera errepublikarra ere galdu du ezkerrak”.

“Euskaldunok ez dugu federalismorik nahi, diferentzia baizik. Eta gainera federalismoa hitz huts bat da. Oraingo antolamenduari ere federalismo dei dakiokegu”. Pedro Sánchez lider sozialista berriak aldarrikatzen duenaren aurka mintzo da politikari aizarnarra. Sozialista denentz zalantzan jartzerainokoa da bere jarrera. Hori ote liburu argitaratu berrian aipatzen duen nuevo vasquismo delakoa? Ordu erdi inguru da hizketan hasi garela, eta 15 bat lagun gerturatu dira Garoara. Jurdan Arretxe kazetaria eta Egiguren jesarri dira eta hastera doa solasaldia. Ikuslegoan ez dago burkide ezagunik. Ezin jakin beti aurretik ala jokoz kanpo dagoen Egiguren.

“Espainiako eskubiak bera bezalakoak
ez direnak kolonia gisa tratatzen ditu”


Nola azaldu euskal gaia lur hartu berri duen estralurtar bati?
Esango nioke: ‘gu hemengo tribu zaharrena gaituk. Eta hemen ikusten dukena ez duk Euskal Herria’. Zer gehiago esango niokeen ba… euskaraz hitzegingo balu elkar ulertuko genuke. Bestela ez. Esango nioke, Aizarna ikusten duenak ez duela Euskal Herria ikusten. Egun batzuk bertan pasatzen genbiltzala, kataluniar batek esan zidan: “Vosotros seréis independientes de un día para otro, ¡Habláis todos euskera!”, eta nik erantzun nion, “¿Que todos hablamos euskera? Aquí sí. Vete a Cestona donde todos hablaban castellano cuando yo era pequeño”.

Otegiren sententzia jakin berritan, zer esaten du Egigurenek?
Nik neuk ezin dut sinistu pasatzen ari dena. Baina beno, Espainiaren dinamika, bere bizitza guztian zehar, zatitzea izan da. Amerikan ez zitzaion ez eta lur puxketa bat ere gelditu. Dena zatituta. Martxa honetan, nik uste dut, Perejil bakarrik geldituko zaiola. Eta Euskadi eta Kataluña baino, lehenago Valentzia, Extremadura eta denak joango direla. Espainiaren problema da, Espainiko eskubiak eta klase altuek, beraiek bezalakoak ez direnak kolonia bezala tratatzen dituztela. Espainia kolonia da beraz, eta kolonia bezala independentziako joerak dauzka. Gerra zibilean etorri ziren historialari amerikarrek esaten zuten hura ez zela gerra zibila, koloniala baizik.

Jesus Egiguren II
Jesus Egiguren II – ZuZeu

“Nik uste kartzelatik irtetzean, Otegi
ez dela izango garai bateko Arnaldo”


Arnaldo Otegiren kasura itzuliz. Berriz ere berretsi diote zigorra.
Bai, azken batean gauza bera da. Beste edozein herrik Arnaldo Otegi eta harekin bakea lortu zutenak mimatu egingo lituzke. Eta Rosonek-eta, frankistak izanagatik ere, hori egin zuten. Mario Onaindiarekin bildu eta erraztasun guztiak eman zitzaizkien. Garai hartan libre utzi zirenak, eta haien kausak papelerara bota zitzaizkienak, kartzelako ateak irekita, beraiek bihurtu dira gogorrenak oraingo prozesu honetan. Nik uste Espainian pentsatzen dutela Euskadi eta Kataluniarekin gatazka bat izatea ondo etortzen zaiela politikoki.

Zer aurkituko du Arnaldo Otegik Logroñoko kartzelatik ateratzean?
Arnaldo Otegi izugarrizko injustizia bizitzen ari da. Nik ezagutzen dut zer motibo, zergatik, nola eraman zitzaion kartzelara… eta bueno… ez dut azalduko zergatik. Aurrena min ematen didana, jasaten ari den injustizia da. Nola irtengo den? Lehen uzten zidaten bisitatzen, orain ez didate uzten. Lehen joaten nintzenean, ni baino hobeto zegoen, edo behintzat animo askorekin ikusten nuen, baina nik uste irtetzean ez dela izango garai bateko Arnaldo. Azken bisitan zalantza izan nuen zaborraren inguruko liburu bat eraman ala ez, eta azkenean, penatuta, ez nion eraman. Baina esan nahi nion, ateratzean ez ziotela galdetuko autodeterminación eta hau eta hori… Gipuzkoako hondakinez baizik. Eta ez nik, ez berak ez genekien deus gai hortaz.

ETA elurra udaberrian urtzen den bezala desagertzen ari da?
Espainiako problemarik handiena zela esaten zuten, eta ez zen egia. Nik uste, problema kontrolatuta zegoela eta Espainiako puzzleko elementu bat gehiago zela, eta bai ezkerrak eta bai eskuinak, jokaera berdintsua izan dutela. Bozka gehiago ematen ditu komando bat atxilotzeak, bakea egiteak baino.

“Euskadiko eta Nafarroako sozialistek
ez dugu pertsonalitaterik Madrili ezetz esateko”


27 urte García Goena erail zuela GALek. GALek aldarrikatutako azken hilketa. Zer suposatu du talde armatuak PSOEren historian?
Ba egia esateko, GAL garai hartan eta orain desberdin ikusten dugu, ezta? Gu garai hartan GALen kontra geunden, bagenekielako erantzuna zein izango zen, eta gainera GAL txapuza bat zelako. Baina gauza asko ikusi genituen, ezta? Eta ixilik egon ginen, pentsatzen genuelako guri hori egiten baziguten, beraiek ere gaizki pasa behar zutela. Orain begiratuta… (ixiltasuna) Lotsa sentitzen da. Eta gainera GALek niri lagunak ere hil dizkit.

ETAz ez da jada inor arduratzen. Zein dira egun euskaldunon lehentasunak?
Nik uste dut badela estrategia bat Madrilen eta baita Euskadin ere, Bilduri ahalik eta oztopo gehien jartzeko alderdi politiko gisa kontsolida dadin. Eusko Jaurlaritza oso isilik dago, Madrilen ez da ezer egiten, eta nik uste dut hori Bildu izorratzeko modua dela. Suizidio politiko bat iruditzen zait hori, biharko egunean Euskadik bakean bizi nahi badu, Bildu integratu beharra dago, herri honetako zati handi bat ordezkatzen duen heinean. Bildu integratzen ez den bitartean, herri honek izugarrizko problemak izango ditu.

Batzar nagusietan PSE-EE Bildurekin akordio batera iritsi zen erreforma fiskala hasteko, eta urte eta erdiren buruan EAJrekin beste akordio sozioekonomiko bat.
Bai, guk beste problema bat daukagu. Gu PSOE gara, ezta? Bildurekin egiten ditugu akordioak Espainian gaizki ikusita daude. Eta orduan, Espainiatik etortzen da agindua. Edozein funtzionariok esaten dizu zer egin behar duzun. Eta nik uste Euskadiko agintari sozialistek ez dutela pertsonalitate nahiko esateko; “ez, ez zaigu komeni eta ez dugu egingo”. Nik uste dut euskadiko alderdi sozialistak soberano izan beharko lukeela PSOEtik.

Jesus Egiguren III
Jesus Egiguren III – ZuZeu

“Euskadik eta Kataluniak Espainian segi
behar badute, haien baldintzak akordatu beharko dira”


Mahai gainean dago PSOEk aprobatutako proposamen federalista. Euskal Herriarentzako irtenbidea izan daiteke?
Keba. Euskaldunoi federalismoa ez zaigu interesatzen. Federalismoak, azken batean, berdintasun kutsua dauka eta euskaldunak eta nafarrak eskatzen dutena diferentzia da. Diferenteak izatea. Katalunian eskatzen zutenean txarra zen federalismoa. Orain badirudi ona dela, baina jada Kataluniari ez zaio federalismoa interesatzen. Eta gainera federalismoa hitz bat da. Galdera bat egingo nuke: Espainiako estatu forma zein da? Ez dago definituta konstituzioan, eta nahi bada federalismoa da, nahi bada estado de las autonomías… Espainia, estatu formari dagokionez, definitu gabe dago. Nahi izanez gero federalismoa da. Espainiak behar duena, egungo Konstituzioak esan zuena da, hiru nazionalitate daudela. Garai hartako hitzetan, horrek esan nahi zuen nazionalitateek estatuan egin behar badute, akordio batera iritsi behar dela.  Orduan, hemen ez dago ez federalismo, eta ez soluziorik… Euskadik eta Kataluniak Espainian segi behar badute, haien kondizioak akordatu behar dituzte. Gainontzeko guztia hitzak dira.

Kontsulta batek balioko luke?
Ni horrekin oso burugogorra naiz. Nik uste dut, badaudela gauzak kontsulta batek ezin dituenak erabaki. Jendeak pentsatzen du demokrazia kontsulta bat egin eta gehiengoak erabakitzen duena egitea dela. Baina demokrazia gutxiengoen eskubideak errespetatzea da. Nik %51ak %49ari nazionalitatea aldatzeko eskubidea ote duen zalantzan jartzen dut.

*Jurdan Arretxe kazetariak eta Jesus Egigurenek, uztailaren 24an, Donostiako Garoa Kultur Laborategian izan zuten solasaldiaren zati bat da irakurri duzuna.

ehbildu, elkarrizketa, jesus egiguren, jesús eguiguren, PSE, PSE-EE, PSOE
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Jesus Egiguren: “Martxa honetan Espainiari Perejil bakarrik geratuko zaio””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude