Javier Ortiz gogoan

Javier Ortiz gogoan
javier ortiz

El Mundo egunkaria GALeko kontuak aireratzeagatik nabarmendu zeneko garaietan ezagutu genuen, duela 15en bat urte. El Mundo orain denaz besteko egunkaria zeneko garaietatik, alegia.

Eta geroztik, gutxi edo asko, beti izan dugu Javierrekin harremana. Ikusten zitzaion, erdalduna izanagatik, guztiz adeitsua zela euskaldunon kontuekin eta hala, ematen genuen pauso bakoitzaren albistea luzatzen genion, batez ere, berak itzuliko zizkigun animoak jasotzeagatik eta geure mugez haratago geneukan kontaktu bakarretakoa zelako. Esango genuke, konszienteki onartzen zuela nolabaiteko enbajadore salomoniko eta zuzenaren paper hori. Atsegin handiz.

Donostiarra baino, mundukoa zela esango genuke, halako begirada irmo eta ironiko baten jabe. Beti zekien besteok baino harantzagoko analisia egiten, proposamen etikoak ekartzen. Horma besterik ikusten ez genuenean ere bai.

Bere idatziak errapasatzen dituen edonork, kazetari handiaz gain,  gizon zuzena eta erabakiorra aurkituko du haren letretan. Umoretsua ere bai, heriotzaz irri egiterainokoa.

Ez zen euskal abertzale, baina ezkertiarra izateko, ez zen batere jakobinoa. Haren ezkertzaletasunak, gehiago zuen Frantziako Iraultzaren Liberté, Egalité, Fraternité hartatik, frantziarrek eurek ulertzen dutena baino.

Utopiazale zoragarri bat, azken finean. Geure Galeano partikular moduko bat. Sekula irabaziko ez zuela jakin arren, zer besterik zezakeen egin pentsatzen zuena ahalik eta finen aldarrikatu baino?

Eredu bat, kazetaritzan eta bizitzan erne ibili nahi duen edonoretzat.

Ezin esango diogu Goian Bego. Bego, ba, atsedenean, geure memorian badago eta.

Javier Ortiz gogoan

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Javier Ortiz gogoan”-ri buruz

  • Atzo, konturatu nintzen oso pertsona neurekoia naizela; ume bat bezela neurekoia, sentiberatasun gutxikoa eta betez ere, humore txarrekoa. Goizean, lantokian, beti bezela, albisteak internetez bilatzen nenbilela, Javierren heriotzaren albistea irakurri nuen. Lehenengo erreakzioa sorpresa izan zen. Berehala, egia zela konturatu orduko, burura etorri zitzaidan lehenengo esaldia hau izan zen. Joder! eta orain gainera hau!.