JAUZIA: Philippe eta Beñat (3.atala)

JAUZIA: Philippe eta Beñat  (3.atala)

jauzia

Egin klik menuan atal ezberdinak ikusteko

Benat-eta-PhilippePB-BisaiaPB-JauziaPB-zergatia

 

Philippe eta Beñat

Entitate ezberdineko identitatea

 

Zer da delako euskal identitatea? Egia etimologikoari zor, euskarak, euskal hizkuntzak euskal hiztunen komunitateari emaniko talde batasun sentimendua. Etimologiez haragoko mundu garaikide konplexuan, berriz, gauza anitz. Badira euskaldun izan gabe euskal identitatea bere- bere sentitzen dutela erraten dutenak. Badira, halaber, euskaldun izanki euskal identitateak berekin zerikusirik ez duela aldarrikatzen dutenak. Nahasmen honen erdian, identitate mota berezi batekin egin dugu topo: borrokak izanarazten duen identitatea.

Bernard Sansebastian "Beñat" eta Philippe Lassalle Astis "Filipo"Beñat Sansebastian. Ziburun sortutako arrantzale familia umileko semea. Euskal herritarra sortzez, euskalduna egitatez. Phillippe Lasalle. Pariseko auzo aberats batean sortutako familia aristokratiko bateko semea. Frantsesa sortzez, euskal herritarra ekitez. Bi ekai arrunt ezberdin, arruntetik ezer ez duen bidegurutze berean bat eginik. Helburu bat: Euskal Herriaren askatasuna. Identitate bera: borroka.

Bere aurrekoek egin bezala, olatu eta uhin artean ekin zion Beñatek lanari. Arrantza eta San Sebastian familia binomio banaezina baitira. Atun, bakailao eta legatz artean bizitzeari utzi gabe, gazte-gaztetik ekin zion Beñatek engaiamendu politikoari, komunistekin batera, Donibane Lohizunen. Goiz-goizik, ordea, Euskal Herriaren alde zerbait egin beharra ziotson harra ernatu zitzaion, harik eta ETA erakundeko kide izan nahi ote zuen galdetu eta begi kliskarik egin gabe baiezko biribila eman zuen arte.

Phillippek, familia aberatseko seme izanagatik, oparotasun material orotatik lekora bizitzea erabaki zuen, odol urdinak zemaion pribilegioei bizkar emanez. Bere identitatearen xerka zebilela, 68ko maiatzak bete-betean harrapatu zuen. Istilu eta harri-jasen erdian ezagutu zuen Jean Paul Sartre filosofo ezaguna, aurrerantzean lagun izanen zuena. Phillippe, gizon jantziaren hizketa jario dotorearen jabe izanik ere, ez zen eztabaida intelektual-zalea. Borrokaren eta akzioaren xarmak liluraturik zegoela, Frankoren diktadura garaiko euskal iheslarien egoeraren berri izan zuen. Herri zahar haren zanpaketa ankerrak jakin-mina piztu zion, baita sekula itzaliko ez zaion elkartasun garra ere. Hura izan zen Euskal Herriarekin eta bere askatasunerako mugimenduarekin estu-estuki lotuko zuen katearen hasiera.

Bi adiskide, bi gerra-lagun, bi kartzela-kide. Bi identitate eta bi istorio; historia bakarra.

Philippe eta Beñat

 …

TESTUINGURUA

 

1980. hamarkadan, Gerra Zikina deiturikoaren aro gorenean kokatuko gara gure pertsonaien nondik norakoak ezagutzeko. Hala ere, ezinbestean zenbait hamarkada egingo dugu atzera, jauzia egitera zerk bultzatu zituen azaltzerakoan, hainbat gertakari historiko garrantzitsu aipatzen baitituzte pertsonaiek berek. Honetaz gain, noski, frankismoaren azken urteetan, trantsizioan, eta baita geroztik ere, Euskal Herriak ezaguturiko desoreka egoera azpimarratu beharrekoa izango da, segidan ikusiko dugun moduan.

Franco eta Juan Carlos erregea
Francisco Franco eta Juan Carlos I

Hala, ezinbestean, aipatu behar dugu Estatu espainolak diktaduratik demokraziarantz eginiko trantsizioa. 1975eko azaroaren 20an Franco hiltzen denerako, aparatu diktatorial guztiak abian ditu ondorena nola egiteko pausuak. Hala, mugimendua bera demokratizatzen du, ordura arte, oino ezaguna ez zen “Movimiento”-ko Alfonso Suarez hautagai bilakatuz. Erran beharrik ez da, Francok azken momentura arte argi utzi nahi izan zuela bere agintaritzaren botere eta gogorkeria, hil baino zenbait hilabete lehenago Txiki eta Otaegirekin batera, beste hiru pertsona fusilatu baitzituen. Esperantzarako parada berri bat sortu zen, ordea, Estatu espainolean. Pixkanaka, ordura arte erbestean izandako oposizioko alderdiak horien legeztatzearen aldeko aldarriak -batzuetan aldarri bateratuak ere izan zirenak- azaleratu zituzten, 1976an legeztatuak izan ziren arte. Hala, 1977ko ekainerako korte espainolek, 40 urteren ostean, lehen hauteskunde demokratikoetara deitu zituzten herritarrak eta bertan Gorte Konstituziogileak osatu ziren, 1978ko abenduaren 6an, erreferendum bidez, Konstituzioa adostu zutelarik. Hala, 1979an, hauteskundeak deitu ziren bigarren aldiz, Konstituzioaren oinarripean Estatu espainolean demokraziaranzko bidea gero eta argiagoa zela zirudielarik; baita gurean ere. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, erraterako, lehen aldiz gehiengo abertzalea azaldu zen eta Estatutuaren zirriborroak mahai gainean jarri ziren.

mitterrand_1981
François Mitterrand

Frantziar estatuari dagokionez ere, esperantza aro bat zabaldu zela agerikoa dugu. Izan ere, Mitterranden eskutik, lehen aldiz alderdi sozialista zen gobernuan; Estatuko ezkertiar guztiak elkartuz, eta hasiera batean politika ezkertiarrak gauzatuz: enpresa handi desberdinen nazionalizazioak, besteak beste. Honek guztiak, erran bezala, ilusioa piztu zuen, baita euskal herritar ugarirengan ere. Erran beharra da, abertzaleak ere edota euskal nazio askapen mugimenduko kidegoaren gehiengoa ere, Mitterrand-en botere hartzearen alde posizionatzen zela, errefuxiatuen edota euskararen gaieri buruzko konpromisoak hartu baitzituen besteak beste.

Urteak joan ahala, ordea, esperantza argi haiek guztiak ilundu egin ziren. Estatu espainolean, demokratizazio prozesuak aurrerabide guztien nahia bere horretan utzi zuen eta ustezko trantsizioak Frankismoaren aparatuak ongi gorde eta babestu zituen; eta zer erranik ez, Frantzian, Mitterrandek berak egun sozial-liberalismo gisan ulertzen duguna hartu zuen ildo politiko-ekonomiko gisa, ordura arte zituen politika ezkertiarrak albo batera utziz. Euskal Herriko gatazka politikoari loturiko gaieri dagokionez, Mitterrand-ek, hitz emandakoaren aurkakoa egin zuen, ezin ahantzi adibidez euskal iheslari politikoen kanporaketak eta GAL-en erahilketak.

hotel mombar
GALeko ekintza Baionan (1985)

Garai korapilatsu hartan, gainera, Euskal Herrian lehenagotik zen eta indarra hartuz zihoan ETA erakundea kokatu behar dugu. Ezin, halaber, bazterrera utzi, epe beretsuan Ipar Euskal Herrian ekinean hasi zen Iparretarrak erakundea ere. Bi estatuek ETA erakundearen aurkako errepresioa gogortu zuten. Hala, batetik, Estatu espainolak Felipe Gonzalez gobernuburu zela GAL talde paramilitarra sortu zuen, Hego Euskal Herrian zen errepresioa Ipar Euskal Herrira zabalduz, Estatu frantsesaren kolaborazioarekin. Ezin ahantz ditzakegu, gainera, ekinbide berean eta Estatuaren babespean jardun zuten gainerako talde parapolizialak: Triple A eta Batallón Vasco Español kasu.

Hau guztia hobeki azalduko digu, ordea, gure ondorengo protagonistak, Philippek, garaiko bizipen eta kontakizun ugari izango baititu hizpide testuinguru hura kokatzean.

 (azpitituluak euskaraz aukera >> bideoaren konfiguraketa aukeratan)

 

(JARRAITU…)

Benat-eta-PhilippePB-BisaiaPB-JauziaPB-zergatia

Egin klik menuan atal ezberdinak ikusteko

jauzia

JAUZIA: Philippe eta Beñat  (3.atala) Beñat Beñat Beñat Beñat Beñat Philippe eta Beñat  Beñat
jauzia, Philippe eta Beñat
Ibai Agirrebarrena

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude