Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo

Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo

Politika hori da, hain zuzen ere. Zure arerioari marko bat inposatzea, zeinetan zu baitzaren jaun eta jabe, zu ona, salbatzailea eta bera txarra, erruduna. Eta marko horren domeinua zuhurtziaz hautatutako terminologia inposatzen baino ezin daiteke lortu. Arrotz zaizkion hitzak arruntak bailiran erabiltzen dituena, berau da galtzailea. Hitzon sortzailea, aldiz, garailea. Eta sobera ezagun da hedabideek duten boterea gailenduko den hiztegia hautatzerako tenorean. Zendu berri den Fermin Bouza kazetariak ez zuen alperrik esan, politikaz ari garenean, eraikuntza prozesu oro komunikazio prozesua dela. Hitzak inposatzen dituenak, markoa kontrolatzen du. Ondo dagoena eta gaizki dagoena. ZuZeun askotan erabili izan ditugu hitz potolo asko, gaur aipatu ere egiten ez ditugunak. Ahaztu edo erdi ahaztu ditugun termino zaharrak. Jarraian duzu zerrendatxo bat. Oroitzen?

Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo

Ibarretxeren garaitik hasiko gara. EAJ, EA eta Ezker Batuak osatzen zuten hiruko gobernu koalizio bereziaren estatutu berrirako proposamenaren arotik, hain zuzen ere. Eta ezinbestean hurrengo hitza ekarriko dugu lehen postura.

1- «Plan Ibarretxe» edo Ibarretxeren Plana

Hala deitu zioten Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena zeritzonari. Nor izan zen “Plan Ibarretxe” terminoa lehenengoz erabili zuena? Hedabide bat? Politikari bat? Bilatu arren, ez dut topatu.

2- Krispazioa

PSE-EEk eta PPk “krispazioa” une oro zerabilten Ibarretxeren politika egiteko modua definitzerakoan. Goizeroko argudiotegietan hiruzpalau aldiz errepikatzen zen hitza barne dokumentuetan.

3- Banaketa, zatiketa

“Dividir a los vascos” zehatzagoa izateko. Garaiko politika segi zenuenez, ziur buruz jakingo duzula konstituzionalisten mantra hau. Gaur nekez entzungo diezu Mendia eta enparauei hitz formula hau.

4- «Estado Libre Asociado»

Ibarretxeren gobernuaren estatutu proposamenean askotan azpimarratzen zen hitz batuketa. Inork gutxik ulertzen duena oraindik ere. Javier Madrazori galdetu beharko zaio zer esan nahi duen.

5- Desafio Soberanista

Plan Ibarretxeren sinonimo oso erabilia. Gaur egun Katalunian asko entzuten dena.

Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo

Goazen Patxi López lehendakariaren aro emankorrarekin jarraitzera. Polemika doilorrean hasi zen legegintzaldi hura, eta eztabaida parlamentario eta prentsaurrekoetan usu entzuten genituen hurrengo hitzak.

6- Normaltasuna:

“Normalidad” zioten bertsio originalean Lópezen exekutibako kideek, ezker abertzalearen ilegalizazioak utzitako parlamentu asimetrikoan EAJ boteretik kentzeko PPrekin lortu zuten akordioa saltzerako orduan.

7- Aldaketa lasaia:

Normaltasun hitzaren segidan joan ohi zen azalpen xeheagoa da, “Cambio tranquilo” delakoa. Mila bider errepikatzeagatik ez zena egia bihurtu, Lopezenak aldaketatik asko baitzuen, baina lasaitik batere ez.

Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo

Azkenik EHBilduk Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatu zuen garaia. Oposizioak, hedabideen laguntzaz, hiztegi oso zabal bat sortu zuen “Bilduren amesgaiztoa” (Itzuli zeuok gaztelaniara) definitzeko, nolaz eta inuitek elurraren matiz ezberdinak definitzen dituzten.

8- Desgobernua

Hiztegi honen arabera Bilduk gobernatzeari desgobernu deitzen zaio, egiten duena egiten duela.

9- Inposizioa

Atez atekoaz oroitzen? Bada horrekin edo beste edozerekin zer ikusia zuen oro, inposizioa zen.

10- Paralisia, blokeoa, immobilismoa…

Eta horrela infinituraino, eta handik landa.

.

Egun bizi dugun lozorro politiko aspergarrian murgilduta, gogoratzen hasita, hauexek dira oroitu ditudan euskal politikako hitz potoloak eta berauen testuinguruak. Orain inork gutxik erabiltzen dituenak. Zuri ere beste hitz mitikoren bat okurritzen bazaizu, utzi ezazu iruzkinetan. Ea denon artean bilduma ederra osatzen dugun.

Jadanik ahaztuko zenituen Jadanik ahaztuko zenituen Jadanik ahaztuko zenituen Jadanik ahaztuko zenituen
10, hitzak, hiztegia, Ibarretxe, Patxi López, politika, termilogia
Oier Aranzabal

ZuZeulari 2009. urtetik. Garoa liburu-dendan lanean. Ekaitza bainuontzi batean.

4 pentsamendu “Jadanik ahaztuko zenituen euskal politikako 10 hitz potolo”-ri buruz

  • Beñat Hach Embarek
    Beñat Hach Embarek 2017-01-09 09:24

    Tentakulua
    Entornoa
    Kondenatu
    Tregua tranpa
    Karta magnaren transformasioia euskal koinstitusioia sortseko (cc: Basagoiti)

  • Pairatu.
    Amnistiarik gabe, bakerik ez.
    Zuek faxistak zarete terroristak.
    PNV español.
    Zer eskatzen du herriak?
    “O votos o bombas”
    Entzun nahi dugun bakarra da ETAk hiltzeari utziko diola
    ETA bukatutakoan presoak hurbilduko ditugu
    Bakea behar dugu
    “Final dialogado”
    Bakearen aldeko ahalegina
    Eskuzabalak izango gara
    Biolentziarik gabe edozeri buruz hitz egin daiteke
    “Tolerancia cero”
    Jo ta Ke, irabazi arte!
    Bakean utzi arte ez duzue bakerik izango
    Bakearen guda
    “Vascos sí, ETA no”

  • tregua trampa

  • Elixabete Garmendia Lasa 2017-01-13 09:36

    Tranbertsalitatea (Josu Jon Imaz)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude