Jada erabili eta bota ez dira ekintza automatikoak

Jada erabili eta bota ez dira ekintza automatikoak

Igandean erraustegiaren kontrako martxa deitu zen Zubietan. Milaka lagun elkartu ziren bertan, eta bukaeran Estitxu Izagirre kazetariak hartu zuen hitza, “Buru eta bihotzaren aldarria” manifestua irakurtzeko; Argia aldizkariko bideo honek jasotzen duen unea:

.

.

Buru eta bihotzaren aldarria

Duela lau urte baino bizitza gehiago sortzen dugu gaur egun gipuzkoarrok.

Eguneroko ekintza txiki batek asko aldatu digu eguneroko bizitzaren ikuspegia eta munduari egiten diogun ekarpena.

Gauza bakoitza nora bota pentsatzen dugu egun, eta ekintza horrekin, kontziente egiten gara gure bizimoduaren hainbat ezaugarriz. Batez ere, janari kondarrak bereizten ditugunetik. Esaterako:

Gauzen balioaz jabetzen gara, jada “erabili eta bota” ez baitira ekintza automatikoak, eta nora bota pentsatzen ari garela, burura etortzen zaizkigu beste galderak: Benetan botatzeko da edo beste ezertarako erabili genezake?

Orain gehiago hautatzen ditugu materialak eta kopuruak. Ez dugu feng shui asko irakurri beharrik jabetzeko gustura eta eroso bizitzeko oztopo dela plastikozko hamaika zirtzilkeriaz inguratuta egotea.

Eguneroko bizitzaren parte egin zaigu zimurtzea, desegitea, heriotza, lur usteltzea… leku egin diegu gure hizketa-gaietan, sukaldean, etxe aurreko lurrean.

Kontziente egiten gaitu etxeko elikaduraz, organikoaren pertza gure ispilu ere bada-eta. Zenbat barazki eta fruta jaten ditugu? Zer txartzen zaigu gehienetan?
Erosketak egiterakoan nahiago ditugu zorrorik gabekoak, gero etxean alferrikako lekua hartzen digute eta.

Lortu da norberaren sukaldeko kontuak ziren gai hauek guztiak, egun herriko Ekonomia eta Politikaren gai zerrendetan garrantzitsuak izatea.

Auzolanean jarri gaitu: janari kondarrak hartzen dizkiguten abeltzainekin, edo auzo-konpostako kideekin, edo orbela edo txirbila ekarri ohi digunarekin, luarra ongarri modura baliatuko duen baratzezainarekin…

Eta zikloak bueltan ekartzen digu, esker oneko baita, munduan balio handiena duen gaia: luarra, lur ustela, lur gorotza, denik eta lurrik emankorrena, bizitzaren ernegarri.

Gipuzkoarron laurdena ari gara aurrera egiten DENOK (bai lurra eta bai pertsonok) hobeto biziko garela bermatuko digun bizi ereduan: Egunero ari gara frogatzen posible dela sortzen dugun hondakinen %80 gaika biltzea, eta organikoa ere bereizita bildu eta kudeatzea.

Eguneroko ekintza txiki hori kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzen ari zaigu eta Erraustegiaren mamuak jada ez digu beldurrik ematen. Begietara begiratzen diogu eta irribarrez esaten: ez duzu tokirik gure bizitzetan. Zertarako zara zu, Erraustegi? gure seme-alabei 350 milioiko zor publikoa lepoaren bueltan kateatzeko? Herritarron osasuna arriskuan jartzeko? Gehiago kontsumitzearen eta erabili orduko botatzearen kultura bultzatzeko? Mespretxatzen eta gorrotatzen dugun zaborra neurrigabe hazteko? Urruneko herrietako zaborra erosi eta kamioiez errepideak trabatzeko, labeek erregaia izan dezaten? Lurra bizitza lantzeko izan beharrean, espekulaziorako eta zementuaren negoziorako izan dadin? Zertarako zara zu, Erraustegi?

Bizitza aberasgarri bat eskuetan duenak ez dio mamuari beldurrik. Erraustegiaren bidea baino askoz bide emankorragoa da eguneroko ekintza txiki batekin lantzen ari garena, eta oraindik hasi besterik ez gara egin. Bidean aurrera egin nahi dugu:

Urtero herritar bakoitzak sortzen dugun hondakin kopurua murrizten jarraitu nahi dugu. Elikagai osasuntsuak soilik eta munduak digeritu ditzakeen objektuak soilik etxeratu nahi ditugu.

Bizitzaren zikloak kudeatzen burujabeak izan nahi dugu.
Lurrarekin errespetuzkoa den guztion onerako ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu.

Auzolanari irekia dagoen kudeaketa publiko arduratsua eta gardena nahi dugu.

Azken batean, bizitzeko behar ditugun elikagai eta objektuetatik lur bizia sortzen jarraitu nahi dugu, eta ez ditugu gure osasuna eta lurrarena arriskuan jartzen dituzten hodei eta hondakin toxikoak sortu nahi.

Gipuzkoarron laurdena dagoeneko praktikan hala ari garelako:

Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi.

Jada erabili eta bota ez dira ekintza automatikoak

Argazkia: @boligorria

Jada erabili eta bota ez dira ekintza automatikoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Jada erabili eta bota ez dira ekintza automatikoak”-ri buruz

  • Bertan egon ginen eta lurrean jarri zen 100 metroko plastiko margotua ez zen bat etortzen aldarrikapenarekin. Mezua zabaltzeko ez al dago ba bide ez horren kutsatzailea?