Itziar Ituño: “Diruaren hotsak du pisu gehien Euskal Telebistan”

Itziar Ituño: “Diruaren hotsak du pisu gehien Euskal Telebistan”

Itziar Ituño

Loreak film arrakastatsuko protagonistetako bat da Itziar Ituño, eta bere lan bikainak sona izan du nazioartean ere. Euskal aktorearen bizitzan halakoak salbuespena eta “oparia” dira ordea. Errealitatea oso bestelakoa da. Berak ere ez du gogoratzen zenbat urte eman dituen Goenkalen. Mordoxka bat. Telesaila 2015ean amaituko dela iragarri dutela-eta, bere hitz zorrotz eta argien bila jo dugu.

Zer izan da burura lehenengo etorri zaizuna Goenkaleren amaieraren berri izatean? Espero zenuen halakorik?

Goenkale amaituko zela jakin nuen momentuan burura etorri zitzaidan lehenengo gauza Ramon Agirreri entzundako esaldi bat izan zen: “Goenkaletik kanpo hotz handia egiten du”. Eta gero, paroko ilara. Orain zenbakia eta ordua internetez ematen dizute, jendetza dagoelako… Horren ostean, bertan egindako lagun guztien aurpegiak etorri zitzaizkidan gogora, familia handi bat izan garelako urteetan eta hemendik aurrera ez delako berdina izango.

Espero aspalditik espero genuen, saioa “garesti” irtetzen zitzaiolako ETB-ri eta urtetik urtera gero eta aurrekontu txikiagoagaz egin dugulako aurrera. Aurten baina, inoiz baino argiago ikusten nuen nik. Batetik, audientzia aldetik flojotsuago genbiltzalako eta bestetik, gidoilariak eta produktoreak askotan, gehiegitan, ikusten nituelako Miramonen batzarrez batzar. Hala ere, nahiz eta esperoan egon, baieztatzen dizutenean jasotzen duzun kolpeak ez du min gutxiago ematen.

Urte luzez aritu zara Goenkalen, eta ziur asko, aktore gisa hazi eta ikasteko tokia ere izan da zuretzat, ezta?

Nik urteak eta urteak eman ditut Goenkalen, bai, ez ditut zenbatu. Hasiera batean eskola bat zen niretzat, asko ikasi dut bertan. Ikasi dut zelan egiten den lan telebistan, arineketan, denboraz estu; zelan intertpretatzen dan kamara baten aurrean; nerbioak kontrolatzen; euskara ere ondo erabiltzen ikasi dut… Baina ikasketarik handiena Goenkaletik pasatutako hainbet aktore, zuzendari eta lankideengandik atera dut. Bai interpretazio mailan bai bizi mailan. Ordu asko eta asko izan dira konpartitu ditugunak.

Ehunka euskal aktore igaro dira bertatik, baita gidoilariak eta kamerak ere. Handia da utziko duen hutsunea?

Euskal Herriko aktore gehienak pasatu gara Goenkaletik. Lana eskaini digu Goenkalek garai luze batez, batzuoi behintzat, eta gure herrian eta gure hizkuntzan lan egiteko aukera ere bai. Euskal Herrian, telebistan lan egiteko aukerak urriak izan dira beti, eta orain arte zabalik mantendu den “ Lantoki” bakarra Goenkale izan da. Hutsune itzela utziko du pertsiana ixtean. Hutsunea bere 70 langileon poltsikoetan, hutsunea ETB1 eko programazioan eta hutsunea gure bihotzetan.

“Euskal Herrian, telebistan lan egiteko aukerak urriak izan dira beti, eta orain arte zabalik mantendu den “ Lantoki” bakarra Goenkale izan da”

Audientziak beti izan dira erabakigarriak telesailak jarraituko zuen edo ez erabakitzeko? Beste aldagai batzuek ere eragina izan dutela uste duzu?

Audientziak beti hartu dira kontuan, bai. Neurtzeko tresna bakarra izan da beti, erabakiak hartzeko aitzakia, telebista publiko baten… Goenkaleren kasuan hori erabakigarria izan den ala ez? Audientzia gutxiago duten saio batzuk oraindik mantentzen dira, baina “merkeago” ateratzen zaio ETBri 4 pertsonagaz egindako programa bat mantentzea. Merkatuaren legeak, badakizu. Diruaren hotsak du pisurik handiena gure euskal telebistan, denon zergekaz pagatzen dugun honetan… ETB1eko gaur egungo audientziak penagarriak ei dira, katearen audientzia da porrot egin duena eta hori bai da larria! Euskaraz egiten den telebista publiko bakarra dugu eta espero dut pribatizatzeko asmorik ez edukitzea.

Zer eskatuko zenioke Goenkale ordezkatuko duen fikziozko lanari?

Goenkalek ez dakit ordezkorik izago duen, espero dut baietz. Nik eskatuko nuke euskeraz izatea , kalitate handikoa (audientziak igotzeko modukoa), orijinala eta berezia. A! Eta izan dadila bertoko aktoreontzako beste lantegi bat. Aktoreok ere lan egiteko eskubide osoa dugu, beste guztion moduan. Are gehiago telebista publiko batean, eta gure herrian eta gure hizkuntzan bada hobe.

Ezin geratu Loreak filmean egin duzun eta duzuen lan bikainagatik zoriondu gabe. Halako arrakasta espero zenuten?

Loreak egin nuenean banekien Garaño eta Goenaga oso zinegile onak zirela eta gauza on bat aterako zutela, baina hainbeste festibaletan egotea filma, Donostiko zinemaldikoa, Tokioko saria… Hori guztia ez nuen espero. Opari ederra izan da eta muturreko galanta euskaraz film onik ez dela egiten esaten duten guztiei.

“Loreak opari ederra izan da eta muturreko galanta euskeraz filma onik ez dela egiten esaten duten guztiei”

Urriak dira euskarazko telesailak, eta baita film luzeak ere. Ez dirudi ordea gaitasuna duen jendea eta kalitatea falta denik. Gero eta ekoizpen oparoagoa izango dela aurreikusten duzu? Zer falta da horretarako?

Tristea da, baina bai, urriak dira euskaraz egiten diren produkzioak zinean, eta telesailak are urriagoak. Ez da kalitate faltagatik , diru faltagatik baino. Dirua egon badago baina txarto banatuta eta txarto gestionatuta. Krisian gaude batzuk baina beste batzuk beti bezain ondo bizitzen jarraitzen dute. Horrela zelan egongo da etorkizun oparorik guretzako? Zelan egongo da gure kulturaren loraldirik? Egiten diren gauzak esfortzu handiz egiten dira, ia mirariz. Euskal kulturari ez zaio behar den tokia emoten eta horrek horrela izaten segitzen duen bitartean jai dugu arlo honetara dedikatzen garenok. Hala ere, irudimen handiko jendea dugu herri honetan, 4 txakur txikiekaz gauza ederrak egiten dakiena. Miresgarria da hori… Horiei esker egiten dugu aurrera!

Itziar Ituño: “Diruaren hotsak du pisu gehien Euskal Telebistan”

NIRE KONTRA ESANAK

2 pentsamendu “Itziar Ituño: “Diruaren hotsak du pisu gehien Euskal Telebistan””-ri buruz

  • A. Osinalde 2014-12-23 09:26

    Kakoan jo duzu, Itziar: “ETB1eko gaur egungo audientziak penagarriak ei dira, katearen audientzia da porrot egin duena eta hori bai da larria! Euskaraz egiten den telebista publiko bakarra dugu eta espero dut pribatizatzeko asmorik ez edukitzea”.
    – Zein audientzia datu ditu benetan ETB1ek?
    – Zergatik gertatu da hori?
    – Norena da erantzunkizuna?
    – Nola konponduko da?
    – Nork edo nortzuek konponduko dute?
    – …???

  • ETB 1ek telecinco ematen duenetik negargura ematen du telebista kate hau ipintzeak. Gu ta gutarrak bezalako programa zer da? kakamokordo galanta bat. Goenkale telesaila aktore guztientzat lana zela? segurazki bai, baina Goenkaleren kalitatea penagarria da, oso eskaxa baita.

    Telebista kateek honela jarraitzen badute audientzia behera eta behera joango da, batez ere Internetek aurkezten digun telesail eta pelikulek eklipsatuko dutelako. Telebista formato klasikoa obsoleto bihurtzen ari da.