Krisi ekonomikoa eta itxurazko baikortasuna

jcrakow.flickr
jcrakow.flickr

Ez da bakarra izan, baina Jose Luis Rodríguez Zapaterori entzun eta irakurri dizkiogunak, oso adierazgarriak dira: Okerrena pasa dela, litekeena da.

Bera eta gobernukideak, hainbat datutan oinarritzen dira: burtsa %20 igo egin da azken asteetan; langabezia gora doa, bainan maila apalagoan; produkzioa zertxobait igo da;  Alemaniako kontsumitzaileen konfidantzak ere gora egin du…

Halako datuen erabilerarekin, krisialdi latz bainan motz baten bukaeran sinestarazi nahi digute. Laister itzuliko da lehengo festa bera!

Bainan ez dituzte guztiak esaten eta ezkutuan, hainbat datu kezkagarri uzten dira.

1929 eta 1932 artean, Dow Jones Indizeak ere lau aldiz jauzi egin zuen gorantz,  %20a baino gehiago, gero berriro erortzeko jatorrizko maila negargarrietara.

Azken asteetako produkzio igoerak enpresen produktu pilaketen birmoldaketa baten ondorengo zerbait dela, diote adituek, eta ez eskaeraren berpiztea. Enpresek  eskaera baino motelagoa mantendu dute ekoizpena, “stocka” arintzeko asmotan, eta langilez arintzeko asmotan ere bai, egia esan behar bada. Oraingo berpizte hau produkzio egokitze baten seinalea baizik ez omen da.

IMF (International Monetary Fund) erakundearen azken txostenaren arabera, munduak %1.3 gutxiago  produzituko du 2009an. Lehen jaitsiera 60 urtetan. Herri aberatsenek beraien Barru Produktu Gordinaren %9ko zorra jasango dute bataz beste, banketxeen hondamendia saihesteko operazioen ordainetan.

Hala ere, inork ez daki neurri hauek arrakastatsuak izango diren ala ez. Begiraleak Amerikaren berpiztearen zain daude, bainan produkzioa %20ean jaitsita, eta haien etxeen balioa %30ko beherakadak ezagututa,  kontsumoa izoztuko dela diote adituek.

Europan, gauzek ez dute itxura hobeagorik. Alemaniarrak nahiko zentzuz portatu omen dira, ez banketxeak, ordea. Alemaniko gobernuak buruhausteak ditu hango finantza sistema ur gainean mantentzeko. Oro har, Europako banketxeek 1.1 bilioiko zuloa dute, eta gobernuen flotadorea eskatzen jarraituko dute. Guztion dirua, hain zuen ere.

Halako egoerak langabezia %10-20 artean mantenduko du herri sendoenetan, jaitsiera nabarmenik eragin gabe epe luze batean.

Espainiaren egoera ekonomikoa aztertuz, egundoko zorraren pilaketa aurreikusten dute adituek, industriaren beherakada izugarri batekin lotutakoa. Langileek iragan garaietako soldata mailei uko egiten badiete, zor publikoa areagotu egingo da, eta errekuperazioa atzeratuko da oraindik eta gehiago.

Beraz, ez kasu egin “lamien” kantuei, eta presta zaitez krisi luze eta apal baterako. Txipa aldarazten duen horietako batentzat, alegia.

Caracasen jaioa 1956. urtean, Euskalherrira 12 urtekin etorri, eta 17 urtekin berriz Ingalaterrara joan nintzen ikasketak egitera Biologian. Biokimikaria naiz, eta EHUko Donostiako Kimika Fakultatean irakatsi eta ikertzen dut. Onddoen biokimika da nire espezialitatea, bainan zientziaren komunikazioan ere aritua naiz.

Zer duzu buruan “Krisi ekonomikoa eta itxurazko baikortasuna”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude