Iruzkinen arazoa Interneten

ch1mp.flickr
ch1mp.flickr

Zinta bikain askoa argitaratu du gaur ere Patxi Huarte Zaldi Eroak, ohi duen eran, ohi duen bidetik. Baina galdera ikurrez sinatzen duen norbaitek (????), lehenengo iruzkina sartu eta ezinegona sortu du.

Besteak beste, honakoa dio: Dirudienez, (euskaldunok behar omen dugun) Berriaren langileak obsesionatuta daude ETArekin, debozioa edo diete (jaten ematen dizuete??) eta egunero kaka bera ikusi behar.

Patxi Huarte mindu egin da zeharo. Ikusten da lehenagotik datorkiola iruzkinekiko ezinegona: ez nago edozein gauza argitaratzearen alde, zernahiduzuesatia…. Beraz, edo iruzkinen kontu hau moldatzen dugu, edo iruzkinak kentzen ditugu.

Maiz hitz egiten da Interneten argitaratzen dugunon artean, iruzkinen arazoaz. Hasiera batean, denak libre uztearen aldeko joera nagusitzen da, baina iruzkinak joan eta iruzkinak etorri, azkenean ia beti gertatzen da autorea iraintzen duen zerbait.

Askok eta askok iruzkinei sekula ez erantzutea hartu du bidetzat, erlijio moduko bihurtuz jokabide hori. Irakurri ere ez dituztela egiten esaten du beste askok. Orduan, zertarako eman iruzkinetarako aukera?

Beste batzuek, iruzkinetarako aukera itxi nahi ez eta, kendu egiten dituzte iruzkin iraingarriak.

Zuzeun erabaki dugun politika ere, bide honetatik doa, denak argitaratzea litzatekeen arren ametsa: iruzkinak libre izango dira, baina posta elektroniko bidez egiaztatu beharko da, benetan helbide horretatik etorritakoak ote diren. Hala ere, iruzkin ezegokiak, iraingarriak edo ezer onik ez dakartenak, era guztiz subjektiboan, ezabatu egingo dituzte ZuZeuko editoreek.

Zer egin? Nola jokatu? Ez dago erraza.

Guri ez zaigu oraindik gertatu, baina etorriko da eguna iruzkinen bat kendu beharrekoa. Eta berehala etorriko da beste bat, zentsura egon dela aireratuko duena.

Ez da plater gozoa izango editoreentzat.

Formula magikorik baduzu, ez izan zalantzarik zein den guri esaten. Berehala jarriko dugu abian!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Iruzkinen arazoa Interneten”-ri buruz