Iruzkinak ezabatzen hasi gara

Oso harro geunden ia lau urteko bidean ZuZeuk ez zuelako apenas iruzkinik ezabatu. Hori egin behar izan dugun bakoitzean, gainera, egileari adierazten genion zergatia eta elkarrizketa arras interesgarriak bizi izan ditugu geure artean, batez ere borroka armatuaren tratamenduaren inguruan.

Berrikitan, ordea, trollak agertu dira gurean eta kexuak entzun ditugu bazterretan. Dena zapuzten dutela eta ez luketela behar lekurik gurean. Gainera, ZuZeren erabilera baldintzak, sinple bezain  ulerterrazak direla badakigu. Ondo iruditu ala ez, horiexek dira lehen egunetik indarrean egon direnak eta ZuZeuko komunitateak orain arte ederki asko errespetatu dituenak.

Saiatu gara sortzen zen edozein iritziri leku egiten, baina ohartu gara ezinezkoa dela, mendia ere garbitu behar izaten dela sasietatik. Sortzen den edozer eta guztia argitaratzea ez dela komeni, alegia. Horizontaltasuna bikaina dela sinetsita gaudenoi, kosta egin zaigu erabakia hartzea, baina ZuZeuko erredakzioan hartua dago jada: ez dugu onartuko trollik edo antzekorik, ez eta ere eztabaidak galbidera eramaten dituztela iruditzen zaigun iruzkinik. Era guztiz subjektiboan eginen dugu hori, ez baita asmatu langintza horretarako termometro edo bestelako zientifikorik. Kirurgia beharrezkoa dela, uste dugu, zoritxarrez.

Oso harro gaude hemen egon dagoen iritzi trukaketarekin, areago, ZuZeuren ondare nagusia bera dela irizten diogu. Begitantzen zaigu euskaldunon artean gutxitan eman izan dela hainbestekorik, haatik zaindu egin nahi dugu ez dadin ustel edo gal. Horregatik abisu hau, inor ez dadin engaina.

 

trolla

 

ZuZeuren erabilera baldintzak 2009ko apiriletik, iruzkinei dagokienean:

Bestalde, iruzkinak ere libre izango dira, baina posta elektroniko bidez egiaztatu beharko da, benetan helbide horretatik etorritakoak ote diren. Hala ere, iruzkin ezegokiak, iraingarriak edo ezer onik ez dakartenak, era guztiz subjektiboan, ezabatu egingo dituzte ZuZeuko editoreek. Zer esanik ez troll edo antzekorik agertzen bada.

Azken finean, denok laguntzen dugunaren neurrikoa izango da ZuZeu. Ezer izango bada.

(-) Onarpena
Ulertu behar da, erabiltzaileak baldintza guztiok eta bakoitza onartzen dituela aurrez. Horrela izan ezean, ZuZeu ez erabiltzea eskatzen zaio.

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

15 pentsamendu “Iruzkinak ezabatzen hasi gara”-ri buruz

  • Voltairek behin esan omen zuen> Zure ideak higuingarriak zaizkit, baina, ene bizitza emanen nuke, zuk ideia horiek defendatzeko duzun eskubidearengatik.

    • Okerrera, ZuZeun ados gaude Voltairek esandakoarekin, baina trollekin hemen gertatzen hasi dena beste ezpal bateko arazoa da, eta ez adierazpen askatasuna ukatzearen alorrekoa, ez bada alderantzizkoa, Interneteko historian oso ezaguna den afera, bestalde.

  • Iruzkinak zein kasutan ezabatuko diren argi eta garbi zehaztu behar litzateke nire ustez. Ez da hau arinkerietan ibiltzeko kontua. Mezu batean irainak edo mehatxuak badaude mezu horiek ezabatzea normala iruditzen zait. Baina eztabaidak galbidera eramaten dituzten iruzkinak edo trollen iruzkinak bezalako kontzeptuak orokorregiak dira eta administratzaileen diktadura eta iritzi deserosoen zentsurarako bidea irekitzen dute.

  • Adierazgarria eztabaidagai modura ez ekartzea komunitate honetara, hartutako erabaki modura baizik. Ekintza burutuen politika. Plaza guztiona zela uste genuen baina badirudi ezetz. Plaza zuena bada eskubide osoa duzue noski, bai eta besteok hona gehiago ez etortzeko. Lastima litzateke.

  • Ainhoaletamendia 2013-01-12 19:03

    Dirudienez infanzoia izan da lehen biktima.
    Jakin al daiteke zein izan den bere bekatua? Esan nahi dut, ezin al da bere mezua zintzilikatu “erabilera arauak ez betetzeagatik zentsuratua” karteltxoarekin bada ere, denok ikusi dezagun akusazioa benetakoa dela?

  • Fermin Galparsoro 2013-01-12 20:21

    Ea ulertzen dodan: ZUZEU, baina GUGEUK nahi badogu, ez?
    Ze pena, orain harte oso gustora eta nire ideiak libreki planteatuz parte hartu izan dot. Orain hitzak neurtzen ibili behar dodala jakinda ez da bardina izango.
    Agur eta ohore infanzoi!

  • Txaloak baino ez, dudarik gabe ezinbestekoa. Biba zuek!
    Hemendik aurrera askoz ere interesgarriak izango dira jada ia-ia irakurtzen ez nituen komentarioak, biba zuek!

  • Marina Landa 2013-01-13 00:17

    Eta derrigorrezkoa balitz kontua sortzea iruzkinak uzteko? Agian jendeak gehiago kontrolatuko luke esaten duena (anonimotasunaren babesak muga gainditzea egiten duelako askotan), eta “zentsura” ez litzateke beharrezkoa izango…

  • Norberak erabakitzen du bere kontrolari buruz. Zu zara zeure autoridade bakarra, ez nahastu gauzak.
    Aspaldi utzi nion iritziak irakurtzeari, eta ez da ezeri beldur diodalako izan. Baina niri dagokidanez, nahiago ditut iritzi aberasgarriak, zer pentsatu eman eta erantzuteko gogoa pizten didatenak Infazoi. Barka, Anonymous.

  • Pentsatzen dut erabakia ez dela erraza izan, eta eztabaidaren alde hartutakoa dela. Jende askok zuzeu jarraitzen dugu edozeri buruzko artikulu pila eta orotariko iritziak agertzen direlako, beste inon ez bezala. Oso aberatsa da web gunea.
    Zoritxarrez, azken aldian eztabaida guztiak monopolizatu eta kakazten zituen Obanosko Infanzoiak, jendeak behin eta berriz irainduz egin ere. Liskarrak futbol zelaian: zuek kolaborazionistak zarete; Iruña-veleia: zuek kolaborazionistak zarete; atez-aekoa: zuek kolaborazionistak zarete; apaizaren igandeko sermoia: zuek kolaborazionistak zarete; munduaren amaiera maiek iragarria: zuek kolaborazionistak zarete; eboluzioaren teoria: zuek kolaborazionistak zarete. Ulertzen dut politikoki berekin bat egiten zutenak minduta agertzea, aliatu bat galdu dute. Baina eztabaidak irabaziko duela argi daukat.

  • Marina Landa 2013-01-13 13:09

    Norberaren askatasuna bestearena hasten den tokian amaitzen da.
    Hor dago muga. Bakoitzak bere burua kontrolatu beharko luke, ziur naiz gaitasuna ez dugula faltan, etika pixka bat, ordea (eta tamalez), agian bai.

  • Nire ustez iritzi guztiak dira errespetatu beharrekoak, eta denek DAUKATE lekua ZUZEUn. Baina, edozein delarik ere eztabaida gaia, iritzia erabiltzea eztabaida desitxuratu eta beste esparru batera eramateko (beti esparru berdinera) neri aspergarria iruditzen zait. Hobe luke artikulu bat idaztea gai horren inguruan eta bertan argudiatzea. Dena dela, gauza bat ez dut ulertzen… infanzoiak gaiarekin lotutako iritzia ematen badu, hori ere ezabatuko zaio? Infanzoia izateagatik bakarrik, jada sarrera guztiak ukatuak ditu?

  • Ezagutzen dut beste erakunde bat, EITB, non eztabaidetan deserosoak zirenak pixkanaka baztertu egin dituzten.

  • Bazen ordua. Tristea da, baina kalitate minimo bat edukitzeko, trollak garbitu beharra dago. Lan gehiago zuentzat, baina nik behintzak eskertuko dizuet. Eta ez hasi adierazpen askatasunaren kontuarekin, ze denok dakigu zer den troll bat eta zer kritikari gogor bat.