Iruten ari nuzu…

“Iruten ari nuzu, kirua gerrian

Ardura dudalarik, nigarra begian.”

 

Baxe Nafarroko Baigorriko kantu ezagunak dion bezalaxe gaude gu, iruten kirua gerrian, ardura dugularik zenbait griña.

Euskal Herria txikia bada, iparraldea txikiago. Bizkitartean, lanak nehun baino gaitzagoak eta egin beharraren aitzinean gauza gutxi gure besoak : zer nahi gertaturik ere, hor jarraitzen dugu askok. Dena egiteko den lekuan, gertakari eta kondatzekoak frango.

Bestelako neholako asmo handirik gabe, lan luzeetako iruleen gisan, beti baitugu zenbait hari firurikatzeko gure ordu galduetan, hala nahi nuke nik partekatu hari zenbait, gauzaño bat edo beste, ene txokotik eta ene bizipenetatik ekarriz hona zenbait berri. Euskara eta erakaskuntzarenak dira zer pentsaturik gehien ematen didatenak, baita beste zenbait gauza anitzez friboloagoek…

Eta nola gerta, baliteke hor gaindi beste zenbait lekutan ere kausi dezagun elkar…

Bide batez: komunzki,  irakurriak oro ez dira sinesteko egia borobilak.

 

Iruten ari nuzu – Beñat Achiary

Argazkia: Stencil by Biphop

 

IRUTEN ARI NUZU