Irakurtzen ez dakizuelakoan.

Espainiako parlamenturako hauteskunde kanpaina hastear zegoen eta 2 egun paseak ziren ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman zuenetik PSE-PSOEk Donostiako Kursaaleko areto nagusian ekitaldi politikoa egin zuenerako. Mitina hasi aurretik lehen iladan zeuden eserita PSEn zerbait direnak eta izan direnak:  Ramon Jauregi, Egiguren, Garmendia ministra ohia, Txiki Benegas, Ares, Barbara Durkhob, Madina eta beste batzuek. Halako batean  han azaldu ziren atzeko eskaileretatik Rubalcaba, Espainiako presidentegaia eta Patxi Lopez; euforiko biak, txalo artean, jendea agurtzen, musu batera eta musu bestera. Beruntza zetozela, bigarren hiladan eserita zegoen jendearengana hurbildu ziren, bertan ziren ETAren atentatuen biktima izan baina PSOEn lehen ezpata ez diren Maixabel Lasa, Gorka Landaburu eta beste batzuk. Besarkadak ematen hasi ziren bata besteari, eskuekin garaipenaren V ipiniz, besoak altxatuz… poza nabaria zen.

Hizlariak oholtzara igo eta mitinarekin hasi ziren. Eduardo Madina igo zen lehenik, espero zitekeen moduan, ETAren su etenari erreferentzia egin zion, garai gogorrak bukatuak zirela eta antzekoak esanez. Ondoren Donostiako alkate ohi Odon Elorza igo zen tranpaldora eta honek ere hartu zuen ETAren su etena ahotan; baina halako batean autokritika egin beharraz hasi zen hizketan, eta terrorismoak eraildakoak beti gaitzetsi dituzten arren, beste hildako batzuek edo beste gertakari batzuek jaso zirenean, behar bezain irmo salatu ez izanaz hausnartu beharra zegoela esan zuen.

Hori esaten zegoen bitartean, lehen iladan Txiki Benegas eserita zegoela gogoratu nuen, eta honek GALaren urte ilunetan PSOEn izandako ardura eta eta jarreraz oroitu. Beraz kameraz bera enfokatu eta Odonek esaldia bukatzean zer jarrera hartzen zuen erretratatzea otu zitzaidan. Lagun anonimoek ezberdin jokatu bazuten ere, lehen hiladan eserita zeuden gehientsuenek egin zuten txalo. Batzuek disimulo gehiagorekin eta beste batzuek gogo gutxiagorekin, baina Benegas jaunak, aurpegi okerra jarri eta eskuak gerrikotik ez askatzea erabaki zuen.

Argazki hau atera nuen, eta oinean ‘Odon Elorzak GALen atentatuen inguruan PSOEko kideek izandako jarrerarekin autokritika egin beharra zegoela esatean, Txiki Benegasek ez du txalorik jo’ idatzita bidali nuen ajentziara.

Egun batzuk beranduago, ajentzian jasotzen ziren argazkiak aukeratu eta egunkarietara bidaltzeko ardura zuenetako batek zera bota zidan: ‘ … baina testua irakurri gabe, jendeak ez du jakingo zer den’ .

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.