Irakurle itsuak.

Baten bati ez zitzaion gustatu lehengo batean, zutabe honetan bertan euskal idazleez idatzi nituenak. Esaten bainuen aski beltza dugula idazle euskaldunok panorama, baldin eta irakurle kopuruari begiratzen badiogu. Halaber esaten nuen, gutxi gora behera, idatzi beharrak bultzatuta soilik idazten dela hemen, norberak bere burua idazle aitortu eta ardatz existentzial horrixe segika. Gutxi gora behera.
Eta baten bati ez zaio gustatu nik esandakoa, erantzun baitit hain tristea ere ez dela euskal idazleon panorama baldin eta Frantzia edo Espainiako idazleekin alderatzen badugu, bederen. Gurean mila ale inguru edonork saltzen duela, baita poesia liburuak ere askotan, eta hori ez dela usu ikusten inguruko literaturetan. Eta egia da.

irakurle-itsuak.jpg

Baina jar gaitezen benetako zifretan pentsatzen: zenbat gara euskaraz literatura irakurtzeko ohitura daukagun pertsonak munduan? 5.000- 8.000- 10.000? Ez askoz gehiago. Salbuespenekin, zifra horien artean ibiliko da euskarazko irakurleen kopurua, irakurle zintzoena esan nahi dut, euskaraz eta beste hizkuntzetan ere irakurtzeko ohitura dutenena, alegia.
Har dezagun aurkeztutako zifren artetik, erdikoa: 8.000. Eta erabaki dezagun beste zifra bat ere: zenbat liburu irakurtzen ditu, bataz beste, euskal irakurleak urte bakoitzean? 12- 24- 36? Jakina egon badaudela 52 ere irakurriko dituztenak, baina bataz bestekorako berriro etorriko zaigu ondo erdiko zifra hautatzea: 24.
Egin dezagun orain biderketa, 8.000 bider 24, ia 200.000 liburu dira. Jar diezaiogun orain liburu bakoitzari erdibideko prezio bat, nobela batena, esaterako, 18 euro inguru. Bistakoa da oso baikor nabilela gaur matematiketan, 3.600.000 ematen baitu guztira. Horixe literatura irakurleek merkatuan mugiarazten dutena. Asko izanagatik, deus ere ez dena beste edozein erosgairekin alderatzen bada, letxugekin, esaterako. Gainera zifra horri erdia kendu behar zaio, gutxi gora behera, lehengaietan: papera eta abarrak. Bi milioi euro inguru, beraz.
Zenbat editore, idazle, inprimatzaile, banatzaile, liburu saltzaile, kritikari eta abarri eman behar zaio jaten horrekin? Niretzako nago, benetako industria izan nahi bada, hori baino dezente gehiago mugitu beharra dagoela.
Kontu handi horiek ez daudelako geure esku egiten zaizkigu euskal idazleoi hain gutiziagarri gauza txikiak. Esaterako, zeure liburu bat braillez jartzeko baimena eskatzen dizutenean, pozez zoratzen jartzen zara. Imajinatzen duzu norbait, irakurle bat, bi edo hiru, ez gehiago seguru asko, zeure liburu horretako lerroetan hatzak jarrita, geldiro geldiro irakurtzen… Hunkitu egiten zara eta idazle izateaz poztu.
Ez, ez gara industria ahaltsu bat, ezin dugu izan oraingoz, baina, zorionez, idazketa eta literatura ez dira makroekonomiara mugatzen. Hori ere ahaztu egin zitzaidan lehengokoan esatea, gauza txiki askoz baliatzen dela idazlea, idazten jarraitzeko. Handiekin ezin eta.

Hasier Etxeberria. El Mundo 061021

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)