Iraganak berretsi egiten digu egungo ideologia: nafarrak gara

Nabarralderen fotoa, 2008an egina Iruñean
Nabarralderen fotoa, 2008an egina Iruñean

Aingeru Epaltza herkide goinafarrari Berria kazetan egindako elkarrizketa irakurri ostean, otu izan zitzaidan artikulu honen titulua. Iraganaren berrirakurketa egin behar izan dudalako Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzeko. Aldarrikapen hori ez dut nik soilik egiten, gero eta bizkaitar gehiago ezagutzen dudalako iraganaren historian ikertutakoan, nafarzaletasunaren aldarria egiten dutenak.

Anacleto Ortueta Juan de Ajuriagerra jeltzale ospetsuaren agintari militarra izan zen Santoñako Ituna izan zeneko garaian. Ortueta fededun katolikoa oso azkarra zen eta denboraren joanean eta herbestean zegoela, gauza garrantzitsu batetaz konturatu zen: abertzaleen planteamendu historiografikoa ez zen bere gustokoa. Ondoren azalduko dut hori, Ortuetaren ideiak neure egiten ditudalako. Egun biziko balitz Ortueta bizkaitarra, nafarra zela esango luke seguraski. Bizkaiko euskaltzale batzuek ere horixe diote egun.

Abertzaletasunak euskal nazio konzientzia piztu arren, foralismoaren ikuskera historikoa bere egin zuen eta euskal lurraldeen konfederakundea izan du helburu, herrialde guztiak parekatuz eta guztion identitate nafarrari uko eginez. Abertzaletasunak euskaldunon herriak izaera edo antolamendu politikoa gauzatzeko eskubidea genuela erakutsi zigun. Sabin Aranak garai hartako planteamendu etnizistak bere eginez Bizkaia independientea, Euzkadi kontzeptua eta euzkera berria aldarrikatu eta gauzatu ere gauzatu zituen. Inork gutxik pentsatuko zuen garai hartan Arana Goiriren ideiek mugimendu politiko zabala sortuko zutela eta hala ere sortu ere sortu zen mugimendua Arana anaiek lan eskerga egin zutelako arlo politikoan. Aranak bere garaiko beste euskaltzale batzuek ez bezala, ez zuen kontutan hartu Nafarroako erresumaren ibilbidea. Arana Goiri Gaztelapeko Bizkaiko jaunen herriaren historia zuen buruan, Esteban de Garibay arrasatearraren historia, Gaztelapeko jaun bizkaitarren historia, foruzaleen historia, oinaztarrek bultzaturiko historia, preseski. Eta horiek apropos zuten ahaztuta Nafar Erresumaren presentzia Mendebaldeko euskal herrialdeetan. Horrela izan behar zen irabazleek komeni zaiena soilik kontatzen dutelakotz; azken finean, Garibay-k Gaztelako erregearentzat lan egin zuen.

Balizko Euzkadi batuak zazpi herrialde baino ez zituen edukiko eta Nafarroa residual edo zokoratua (Nafarroa Garaia, egun) beste herrialdeen pareko bilakatuko zen. Errioxa eta Landeta, baita Pirinioetatik haratago nafarrok eduki genituen lurrak ahantziak izan ziren. Ordutik hona, abertzaleentzat, Euzkadi edo Euskadi-k Bizkaian izan du zentralitatea. Bizkai aberatsa eta populatua aberriaren zentralitatea izan eta, gudaroste eta izparringiaren euzkera zail eta asmatua mintzaira berritua bilakatu behar zen. Hizkuntza zaharra zaildu zuten horrela abertzale hiperbizkaitarrek eta egungo hizkuntz egoera kaskarra hein batean horri esker gertatu da. Horregatik, beren burua abertzaletzat duten asko egun gaztelaniara pasatzen dira nafarron hizkuntza nazionala albo batera utziz. Ideia horiek, izan ere, erabateko planteamendu iraulketa ekarri zuten eta esfera politikoan joera berria sortu zen fuerismo autonomista, espainiarzaletasun eta frantziazaletasunarekin lehian hasteko. Abertzalismoa sortua zen eta Campion eta gainerakoen ideiak ahantzi xamar geratu ziren, abertzalismoa indar handiak hartzen ari zelako Bizkaian.

Bistan da Arturo Campion euskaltzaleak ez zituela Sabin Aranaren planteamendu historikoak. Goinafarraren ustez, euskaldun ororen historia Nafar Estatuan zentratzen zen, Nafar Erresuman hain zuzen ere. Campionek, Iturraldek, Pedro Nabaskotzek eta hainbat euskaltzalek euskal nazioa kulturan eta historian oinarritu nahi zuten, zentralitatea Nafarroako Estatuan jarriz; euskaldunok inoiz estatua izan badute Nafarroako erregeekin gertatu baita hori.

Baina, tamalez, Campion-eta kultur jendea zen ororen gainetik eta liburu ederrak eta hunkigarriak idatzi arren, abertzaleen ikuskera berria nagusitu zen. Ordutik hona, urteak pasatu dira eta nabarrismoa berriz ere indartzen ari da historialari nafar batzuei esker. Ideia zaharkituak direla erranen dute batzuek, baina hori diotenek argiro ikusten dute Euzkadi kontzeptuarekin zer gertatu den. Euzkadi hori, hedabideek aireratzen dutena ez da inondik inora abertzaleek nahiko luketena. Eta Goi Nafarroan, errespetu handirik ez dute ukan euskaltzale goinafarrekin. Hori dela-eta, gauzak aldatzea ez litzateke txarra izango.

Noiz eta Bizkaiko politikariek Lopez Harokoaren estatua kentzen baitute eta gure errege nafarren oroikarriak jartzen baitituzte, orduantxe sinetsiko diegu abertzaleei hertzaleok. Abertzaleek bandera nafar gorria EAEn, hots, Mendebaldeko Nafarroan ez erabiltzea goinafar euskaltzale askorenganako afruntu edo laidoa dateke. Batzuek aberrian sinesten dukete, nik herrian soilik, nafarren herrian, ganboatarren eta agramondarren herrian. Abertzaleek espainiar eta frantsesek bezala, mugak eta trabak jarri dituzte kultura amankomunean oinarrituz Mendebaldeko Nafarroak, Goi Nafarroak eta gainerako lurraldeek euskaltzaletasuna aldarrika dezaten. Iraganak berresten du gure ideologia. Libertatea, errespetua eta iragan lapurtuaren berreskuratzea gogoan eduki ezik, Villanueva Edo, García de Cortázar eta enparauek kontatzen diguten historiaren bertsiotik ez dira irtengo gure seme-alabak. Abertzalismotik hertzaletasunerako pausoa eman behar dugu eta inteligentziatik sortu Federico Krutwig, Alfonso Irigoien, Esarte, Sorauren, Urzainki eta hainbat intelektualek egin bezala gure kultura eta historia ikusteko molde berria.

Hasteko lehen oinarria ipinita dago: zer eta Nafarroa Batuaren mapa historikoa. ETBren mapa berriak ongisko adierazten du nafarroi traizioz eta armaz konkistatutako lurraldeak zein diren. Inperialistak izateke, eta errioxarrak atzerritartzat dituzten abertzale horiek ez bezala, nabarrismoak politikarako saltoa eman behar duke. Baiezkoan nago eta ongarria litzateke abertzaletasunaren bilakaera edota haustura, baldin eta nafarrok politikoki benetan batzea nahi izanez gero. Gero eta gehiago dira basko eta nafar sinonimotzat dutenak. Iruñea ez da soilik Goi Nafarroako hiriburua, Iruñeak zentralitatea errepresentatzen du nafartzat sentitzen garen askorentzat.

Historiaren logika hautsi egiten da askotan, onerako zein txarrerako. Nafarroaren kasuan, txarrerako izan da azken 800 urte honetan. Mendebaldeko Nafarroako lurrak Gaztelaren menpe geratu ostean, nafarrok Pirinioetatik haratago irautea suertatu zitzaigun Frantziarekin botore politikoa galdu arte. Data esanguratsua ere izan genuen: 1512. urtea, Gaztelapeko oinaztar-beamondarrek gure kontra egin zutenekoa Iruñea armaz konkistatuz. Laster beteko da horren urtemuga eta abertzale batzuek horri ez diote erreparatuko segurik. Baina hertzale nafarrek bai, gogoan izango dute data hori, gure herriak baturik irautea nahi dugulako. Nafarroa Batua ukan behar du helburu hertzaleak; abertzaleak, ostera, euskal komunitateren baten independentzian baino ez du pentsatzen, herrialdeen status quo-a arazo nagusia ez delako uste baitu. Ganboatarrontzat Nafarroa oraindik existitzen da Bizkaiko lurretan, baita Gipuzkoan eta Araba osoan ere. Nire arbasoak nafarrak ziren, Araban eta Bizkaian bizi izan arren. Nafar adjektiboaren erabilera paradigma aldaketaren gauzatzea da. Nabarralde-k, SUBO-k, Nafartarrak elkarteak eta gainerako elkarte kulturalak paradigma aldaketaren hazia eta pizgarri dira, politikarako saltoa ez da gertatu baina. Kulturatik abiatzen diren mugimendu politikoak ongi etorriak bitez! Krutwig-ek hamaika aldiz eskatutakoa lortzeko gauza izango ote gara euskaldunok: kulturan oinarritutako Baskonia Zaharraren berritzea.

Logika, historian, status quo-aren aldaketagabeko bidea baino ez da. Eta herritarrok maiz aldaketak eskatzen ditugu gaizki eginak salatu egin behar direlako. Nabarrismoak EAEn arrakasta edukitzea litzateke mugarri ederra, abertzale eta espainizale askok ongi ikusiko ez dutena, azken buruan, abertzale zein espainiar nazionalista batzuen zentralitatea Madrilen eta Vocento-ren produktuetan baitago oraindino.

Iragana geratzen da eta iragan horren gaineko egia berreskuratu behar dugu, nahi dugunok eta sinestunak. Fedegabekoak ere ez dira mugituko eta status quoarekin kontent izango dira. Baina, nabarrismoak egiten duen bezala, hobe da ezker-eskuin eta ideologia guztietatik heltzen diren kritikei erantzutea egia historikoa berreskuratu ahal izateko.

Berriemaile eta irakasle-ikaslea. Laikoa, aurrerakoia, nafarra... Osasuna dut futbol talde nahiena.

12 pentsamendu “Iraganak berretsi egiten digu egungo ideologia: nafarrak gara”-ri buruz

  • Historian oinarritutako argudio gehientsuenek bezala, honek akats larria dauka: bere atzeranzko norabidean, iraganeko kronometroa non geldiaraziko dugu oraina justifikatzeko ahaleginean? Soilik XI. mendean, Bizkaiko lurraldean nahiko modu lanbrotsuan Iruñeko (eta ez Nafarroako…) Erresumari lotita zeudenean? Eta zergatik ez IV mendean? Halatan, Atlas mendia eta Rhin ibaiaren artean bizi garen guztiok “erromatarrak” izango ginateke. Eta zergatik ez K.a. I. mendean? Hala eginez gero, bizkaitarrak “mendebaldeko nafarrak” ez baina autrigoiak-edo izango lirateke. Nik euskalduna izan nahiago dut, euskalduna eta kitto.

  • Erabat ados Gorkarekin. Nabarrazaleen argudioen aurrean nik ere beti berdina pentsatu izan dut: Gipuzkoarrak naparrak bagara, erromatarrak ere izango gara.

  • Diferentzia dago Erroma ez zutela euskaldunek sortu eta Nafarroako estatua bai. Gero segun eta non jartzen den ikuspuntua ulertu ahalko da euskaldunok auto-antolakuntzarako sortutako estatua izan zela edo jauntxo batzuk euren interesak babesteko sortutako estatua izan zela. Baina Nafarroa euskaldunek euskaldunentzako sortutako estatua izan zela, are gehiago, euskaldunek historian eduki duten estatu propio bakarra izan zela, ezin da zalantzan jarri. Hortaz muina ez da uneren batean bizkaitarrok edo gipuzkoarrak nafarrak izateaz gain erromatarrak, keltiarrak, gaztelarrak edo frantziarrak izan garen, baizik eta noiz egin dugun hori gure erabaki propioz, hala inoiz egin badugu.

  • Gorka izenkidea, ba al zenekien Lopez Harokotarrak traizio egin aurretik tenente nafarrak zirela. Ba al zenekien ganboatarrak orokorrean errege nafarren aldekoak eta oinaztarrak ez bezala, euskaldunon erregeen alde egin zutela… Ba al zenekien Euskal Herriak ukaniko estatu bakarra nafarra izan dela. Zuk ere nahiago duzu Mendebaldeko euskaldunok nafarrak ez izatea? Gaztelak eta espainiar sutsuek beti aldarrikatu dute hori… bistan da nafarron arteko banaketa politikoak irautea ez zaizula asko inporta. Niri, osoro inporta zait, hiru herrialderen berjabetasuna baino are gehiago. Gustoak eta pentsakerak ez dira berdinak, bistan denez. Baina hori bai, libertatearen kontrakoak dira pertsona bakoitzari esaten diotenak zer den. Ni nafarra naiz, eta horregatik naiz euskalduna; eta gaztelaniaz ari naizean “baskonabarroa” naizela esan ohi dut. Bistan da, batzuentzat nafarrak eta baskoak desberdinak direla, bestela ez liokete uko eginen beren nafarzaletasunari. Inazio Loiolakoak ere egin zuen berdin. Euskalduna izan arren, oraindik sortzeke zegoen Gaztela Handiaren alde egin zuen. Xabier santuak, ostera, euskaldunon erregaren alde egin zuen, agramontes eta ganboatar gehienek bezala. Franco jeneralak eta naziek sarraskia egin zutenean Gernikan, euskaldun asko ere poztu ziren. Normala da, historia ez da irakasbidea Mendebaldeko Nafarroan bizi diren euskaldun askorentzat. Euskaldunon arteko borrokak oraindik dirau iraun, tamalez. Euskaldunok gara, baina ez herkideak, antza.

  • Gipuzkoarrak, Joxe, hiritartasunez espainiarrak zaretela esan nahi duzu, oker ez banago. Gipuzkoarrok sekula ez duzue estaturik eduki Erresuma nafarraren barruan izan ez bada. Baina, bistan da, Erroma eta Nafarroa berdina dela zuretzat. Eneko Haritza edo Joana Albretekoa nortzuk ziren ere seguraski bost axola zaizu, Joxe. Agian zuk ikasi duzuna Cervantes, On Kixote eta Cid Kanpeadorearen historia izan da, txikitan nik ikasi bezalaxe. Gogoratu euskaldunak izan zirela Bilbo ondoko Malmasingo gaztelu nafarra birrindu zutenak. Abertzale asko bizi dira gezur historikoan oinarriturik. Baina, hori bai, inork ez diezadala eskubidea kendu nafarra naizela errateko. Gipuzkoan ere abertzale eta ez-abertzale zenbait konturatu dira nafarrak direla. Ganboatarrak eta agramondarrak ez dira hil, halajaina!

  • Lehenengo baskoak baskoiak ziren eta egungo Goi Nafarroaren lurretan bizi ziren, hau da, Ekialdean. Beste zio bat adierazteko nafarra eta baskoia izatea gauza bera dela. Ala ez? Oker ote dago historia?

  • Arrapostu ederra, Paulena. Horixe berori diot nik ere. Kontua ez da nortzuk pasatu diren gure lurretatik, baizik eta euskaldunok ukan dugun estatu nafarra noiz izan da konkistatua eta birrindua denboraren joanean. Euskaldunok alderdi politiko berria behar dugu nafarren zuzia pizteko. Bizkaia kontzeptua, gainera, aldakorra izan da historian eta Gartzia Salazarren historia irakurri duena berehala konturatuko da Bizkaiaren zentroa non izan den. Durango eta Mungia-Gernikaldea eskualde bananduak izan dira, edo hobeto esanda, Durangaldea eta Bizkaia. Baina horiek kontu zaharrak dira historia inporta ez zaienentzat. Batzuek segiko dute hil arte sinesten Getaria herri gaztelaua izan zela sorreratik. Bilboko batek ere esan zidan behin BILBAO espainierazko hitza zela eta kitto! Cousas veredes!

  • Gorka izenkideari erantzuna: Iruñeko erresuma Nafarroako euskaldunon erresumaren hazia izan zen. Berdin zait nola deitu, Iruñea ere nafarra delako, ezta? ala hori ere zalantzatan jarriko duzue? Loiolako Inaziok bezala, batzuek nahiago dute esan euskaldunak eta kitto! zer esan bestela, batek gogoratzen dienean nafarrak EAEn, Errioxan eta Landetan ere bizi direla. Niri euskalduna esatea konstatazio linguistikoa baino ez da. Euskaldunak ere izan direlako euskararen kontra egin dutenak. Bestela, begira Goi Nafarroan zer gertatzen den UPN alderdiko euskaldunokin.

  • Gai honen eztabaidan korapilatuta zaudetenoi, biziki gomendatzen dizuet Aingeru Epaltzak atera berri duen IZAN BAININTZEN NAFARROAKO ERREGE, eleberria.

  • bordaberria 2009-11-17 09:42

    Dirudienez aldaketa sakonak datoz Altsasuko ekitaldiaren arian, eta abertzaletasunaren birmoldaketa ideologiko baten beharra du: nafarzaletasuna izan daiteke ikuspegi historikotik bide zuzena, baina oraindik populazioaren gehienak ez dauka ideiarik zertaz ari garen, ez Celaa bezala honek badaki zertan ari den eta horregatik gelditzen zaion denporan ez du denpora galduko.

    Uste dut laster eratuko den Ezker Zabalean (gehi EA zein Aralar) nafarraren zentralitatea problema barik onartuko duela, baina Bizkaiko Jauntxoek horren kontra arituko direla boterea nola hala mantentzeko, espainolekin bat eginda. Hori da pena dugun agintariak poterea eta ez kultura dutela buruan eta horrela doakigu.

  • Bai, Bordaberri, arrazoi duzu. Iñaki Azkunak selekzioa ekarriko omen du Bilbora. Beste pauso bat gogoratzeko Bizkaian oinaztar asko daudela. Abertzale diren asko mozorroturik daude. Euskara-kultura eta Nafarroa Batua izan behar ditugu lelo eta helburu. Hortixek etorriko da askapen intelektuala.

  • (Guztiei erantzunez)
    Nonbait Koldo Mitxelenak Nafarroa euskaldunek inoiz sortutako egitura politiko sendoena izan zela idatzi zuen, baina horrek ez du esan nahi berez oso sendoa izan zenik. Eta, batez ere, ez zen “estatu” bat inoiz izan, hori asmakizun modernoa da-eta. Eta bidez batez esanda, “euskal estatuan” zergatik ez zuten inoiz lerro bakar bat ere euskaraz idatzi? Ta nafar errege horiek inutil galantak izango ziren, ze mundu guztiak traizioa egiten zien, edo erresumaren erdia kendu… Nik sentitzen dut, baina euskal estatua izatekotan, etorkizunean izango da, baina gauzak dauden bezala, hori ere gero eta urrunago dakust.