Igelaren Gobernua

Imanol Haranburu ez da ETAkide ohia. Tira, hori ere bada, baina ez da hori bakarrik; edo, bertzenaz, honela ere adieraz liteke: Imanol Haranburu bere zigorra betea duen herritarra da eta, beraz, eskubidea du bere bizitza egiteko inork estigmatizatu gabe. Edo honela: bere jardueran –bai Iruñean, bai Tuteran–, Hezkuntza Departamentuak hautatua zuen posturako egokia zela aski frogatua zuen herritarra da Imanol Haranburu. Nahi izatera, hor zuen Nafarroako Gobernuak –edo auzi horren ardura zuen kontseilariak– egindako izendapena defendatzeko funtsa. Zeren galdera bailitzateke kartzelatik atera zenez geroztik berriz ere ETAra bueltatu ote den, indarkeria politikoan ibili ote den. Bistan da erantzuna zein den.

Igelaren gobernuaNavarra.com-ek, informazioa –ez dakit ironia ongi ahoskatu dudan– haizatu duen agerkariak azpimarratu du Imanolek Autodeterminaziorako Bilgunean parte hartu zuela askatua izan ondotik, eta horrek, kazeta –ez dakit nire mespretxua ongi modulatu dudan– horren ahoan, aditzera eman nahi du ez dela damutu, lehenagoko lepotik duela burua. Funtsean –dena ETA delako teoria lagun– terrorista ohia terrorista dela oraindik ere, baina hori horrela adierazten ahal ez denez –ez baita frogarik– prentsa navarristan ohikoak diren perifrasi eta sujerentzia dotore –ez dakit nire nazka argi nabarmendu dudan– horietara jo du.

Halere, espero izatekoa zen Nafarroako eskuin ezin demokratikoagoak martxan paratu duen sorgin ehiza martxan paratzea. Horretan deus berririk ez. Erantzuna, berriz, zinez harrigarria izan da. Nire iduriko, Nafarroako gobernuak bi aukera zituen: edo hasmentatik Imanol Haranburu desegokitzat jotzea eta, beraz, ez izendatzea; edo izendatu ondotik, kargu berriaren egokitasuna defendatzea. Berdin zait kontseilariak Haranbururen iraganaren berri izatea edo ez izatea: Hezkuntza Departamentuan benetan inork ez zuen pentsatzen informazio hau azalera aterako zela? Eta benetan inork ez zuen arraposturik pentsatua? Zeren Imanolen defentsa ez baitzen hain zaila: ikus lehen paragrafoa –ez da zeren–.

Film bateko pertsonaia hantuste batek harro-harro azaltzen zuen berak “igela” erran eta denek salto egiten zutela. Navarra.com-ek goizean argitaratu zuen albistea –ez dakit nire arbuioa aski agerian utzi dudan–, eta hiru eta erdietarako Imanol Haranburu kargua kentzeko dekretua publikatua zen. Hemen, Nafarroako egiazko nagusiek, betikoek –informazioak ez du preziorik dio navarra.com-en azpitituluak; bai, ordea, finantzazioa, eta ez da zaila asmatzen nor dabilen horren gibelean– igela ez, ige erran orduko, saltoka hasi da aldaketaren gobernua. Horrela gerorik bai? Nire partetik, behinik behin, ez.

Gobernua – Igelaren Gobernua

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

5 pentsamendu “Igelaren Gobernua”-ri buruz

  • Zuzendu dezatela lehenbailehen

  • Xabier Olarra 2015-10-11 17:57

    Kazeta ironia ez oso finez kkazeta idazten da

  • Xabier Olarra 2015-10-11 18:07

    albistea ironia ez oso finez al(u)bistea esan liteke.
    Beren izenari ohore eginez “geroko geroan ikusiko da Haranbururekin zer egin” ere esan zezaketen, eta hurrengo legealdirako utzi zuzenketa, baina igelaren pausoan hasi direnez gero, prest naiz nire aholkuak Gobernuari debalde ematen hasteko: igela ere entramadokoa zela esan zuten noizbait, kkazetaritza objektiboa beste asmorik ez zuen JJren panfletoan, baina ez sinetsi, ironiaz ari ziren…

  • amonamantangorri 2015-10-12 15:10

    Ni oraingoz ez naiz “aldaketaren gobernuarekin” desengainatua sentitzen. Ez nuen ikaragarrizko aldaketarik espero.

    Geroa Bairen presidentziapean da, Manu Aierdi jelkideak gidatzen du politika ekonomikoa, CCOOeko baten eskutan daude lan eta gizarte politikak, eta programa-akordioan ez da ageri datozen lau urteetan burutzeko politika erradikal eta ausartik, gutxieneko gauza zentzudunak besterik ez; alegia, santujaleek muturra sartu gabe Osasunbidean abortatzeko eskubidea, agintariek bilera bakarragatik lau dieta ez kobratzea, sekta erlijioso batekiko pribilegioak etetea,… Horrelako gauzak.

  • Jo dezagun, hainbat urtetako kartzela-zigorra bete ondoren, Edonor jauna askatu berri dutela talde armatu eskuindar baten kidea izan delako (edo emaztea jipoitu duelako, edo bikote gay bati eraso egin diolako, edo ustelkeria kasu batean nahastuta ibili delako…. edo zuk jarri gogoko duzun arrazoi “sentibera”). Eta jo dezagun Edonor jaun horri, profesional saiatua eta aditua bere alorrean, konfidantzazko kargu publiko bat eman diola UPNko gobernu hipotetiko batek (edo PPko batek, Nafarroan edo Madrilen). Zer pentsatuko genuke?

    Hipokresia antza ikusten dut Imanol Haranbururen deslejitimazioaren aurrean jantziak urratu dituzten norbaitzurengan. Agian oker nago, baina iruditzen zait Imanol Haranbururi preso ohia izatea barkatzen zaiola gutakoa delako: hau da, abertzalea eta euskaltzalea delako. Hain eskuzabalak izango ginateke kartzela ibilbide beretsua ibili duen baina gure sokakoa ez den beste batekin, gizartearekin zuen zorra “kitatua badu ere”?

    Baina ez nadin engaina: gure artean ez da gauza bera ETAkide ohia izatea, emakume-jipoitzaile ohia izatea, ustel ohia izatea edo erasotzaile homofobo ohia izatea. Ohien artean ere klaseak eta klaseak daude oraindik.